GAIAK

Txatbotak tresnatzat baino laguntzat hartzearen arriskua

Hautsak harrotu ditu adimen artifizialeko txatbotei ematen zaien erabilerak. Izan ere, guraso batzuek ChatGPT salatu dute, semea bere buruaz beste egitera bultzatu duelakoan. Tresna polemikoa bada ere, zenbait adituk diote, erabilera egokia eginda, lagungarri izan daitekeela. 

Geroz eta ohikoagoa da adimen artifiziala erabiltzea, besteak beste, txatbotak. (Frank RUMPENHORST | AFP)

Eskolako, institutuko zein unibertsitateko lanak egiteko, aste osorako menua prestatzeko, eskutitzak edota mezuak idazteko... Geroz eta jende gehiagok erabiltzen ditu ChatGPT eta antzeko adimen artifizialeko txatbotak edozertarako, baita lagun eta terapeuta gisa ere. Tresna baliagarria izan badaiteke ere, behar ez den moduan erabiltzea arriskutsua izan daiteke. Abuztuan, Estatu Batuetako guraso batzuek salaketa jarri zuten, hilabete gutxi lehenago semeak bere buruaz beste egin izana ChatGPTri egozten baitiote. Gazteak lagun gisa erabili zuen adimen artifiziala.

Monika Salgueiro psikologian doktorea eta EHUko irakaslea da, eta uste du ez dagoela alarmismora jotzeko beharrik. Tentuz ibiltzea, aldiz, ezinbestekoa iruditzen zaio.

Izan ere, adimen artifizialeko txatbotek irakurtzen ari diren hori interpretatu eta horri erantzunak emateko gaitasuna dute; ez, ordea, pertsona batek egingo lukeen arrazoiketa egiteko, inondik inora ere.

ChatGPTren sortzaile den OpenAIk onartu du txatbota darabilten milioi batetik gora pertsonak «suizidioan interesa agertu» dutela. Izan ere, 800 milioi pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute ChatGPT, eta horien %0,15ek hitz egin dio tresnari bere buruaz beste egiteaz. Halaber, enpresaren estimazioen arabera, astero txatbota erabiltzen dutenen %0,07k dauzka buru osasuneko arazoak. Ehunekoak baxuak dira, berez, baina kontuan hartuta ChatGPTk duen erabiltzaile kopurua, bada jende talde handi xamarra.

Ez dago ChatGPT lagun edo terapeuta bezala erabiltzen duen jendearen profil zehatz eta bakar bat, adina alde batera utzita. Izan ere, Salgueirok azpimarratu duenez, edozein tresna teknologiko eta informatiko bezala, txatbotak «askoz ere eskuragarriagoak dira gazteentzat jende helduagoarentzat baino».

800 milioi pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute ChatGPT, eta horien %0,15ek hitz egin dio tresnari bere buruaz beste egiteaz.

 

Ezin argiago du ezin daitekeela txatbot bat psikologo profesional baten ordezko gisa erabili. Hala ere, doakoa da eta erabiltzen erraza: «Hori da horrelako teknologiek duten abantaila posibleetako bat, oso irisgarriak direla eta berehalako sarbidea ahalbidetzen dutela, ilararik eta itxaron zerrendarik gabe, mugikorrean bertan».

Anonimotasuna ere alde dauka. Izan ere, handia da osasun mentalaren inguruan dagoen tabua oraindik ere, eta inori arazo bat daukazula kontatu beharrak afera norbere buruarentzat gordetzera bultzatzen ditu asko.

Horrela, lagunei kontatzen ez zaiena adimen artifizialari kontatzeak erabiltzailea gizartetik isolatu dezake, harreman errealik gabe utzi, eta orduan sortzen da benetako arrisku egoera. Hau da, kontua ez da ChatGPTk inori bere buruaz beste egiteko esaten diola, auzia da egoera zaurgarrian uzten duela, inguru errealik barik.

Erabilera okerra arriskutsua izan daitekeela onartzen badu ere, uste du abantailarik ere izan dezaketela txatbotek afera honetan. Hain zuzen ere, horren sarbide erraza izanda, lehen pauso bezala funtzionatu dezakeela pentsatzen du, «betiere, bideratzeko tresna bezala, ez tratamendua bertan jasotzeko».

ChatGPTk ezin du ebaluazio klinikorik egin, ezta krisi egoera batean esku hartu ere, eta erabilera okerra eginda, barrera gisa ere jokatu lezake.

 

«Ezinegona lehendabizikoz hitzez adierazteko balioko badu, ondo dago», baina gerora laguntza profesionala beharrezkoa da. Izan ere, azpimarratu du txatbotek ez dutela ulertzen esaten zaiena, besterik gabe, hitzak aztertu eta erantzun egokia ematen saiatzen dira, baina ez dira gai sentimenduak eta emozioak interpretatzeko: «Adimen artifizialak ezin du terapiarik egin», nabarmendu du.

ChatGPTk ezin du ebaluazio klinikorik egin, ezta krisi egoera batean esku hartu ere, eta erabilera okerra eginda, barrera gisa ere jokatu lezake. Hots, badago jendea pentsatu dezakeena haien ezinegona txatbotari helarazita nahikoa dela, eta horrek arrisku egoera sortu dezake.

Horregatik uste du ezinbestekoa dela mota honetako baliabideak behar bezala entrenatzea. Hartara, gaitasuna izan dezakete arrisku egoera jakin batzuk ondo identifikatzeko eta laguntza behar duen pertsona horri nora jo dezakeen jakinarazteko. Gaur egun, ordea, ez dute horretarako gaitasunik erakutsi.

Gehiegizko erabilera

Azaldu duenez, egoera larri bilakatzen da adimen artifiziala gehiegi erabiltzen denean: «Ikusten dugu sistematikoki erabiltzen denean sortzen direla ondorio kaltegarriak». Izan ere, isolamendua eragiten du eta laguntza psikologikoa behar duen pertsona hori inguru errealistarik gabe geratzen da.

Enpatia agertzen du txatbotak, baina itxurakeria da, Salgueiroren aburuz, hasieran erraza da pentsatzea lagunduko duela. «Baina, berez, ez da erabiltzailearengan pentsatzen ari den makina bat, pentsatzen ari da nola egin pertsona horrek ahalik eta denbora gehien igaro dezan aplikazioa erabiltzen, enpresa bat delako», azaldu du.

Argi du konponbidea zein den, arautze eraginkorra eta osasun mentala eskuragarriagoa izatea, hain zuzen ere. «Uste dut era honetako tresnen arautze marko bat beharrezkoa eta zinez urgentea dela», adierazi du. Proposamenak egon badaude, baina momentuz ez dira indarrean sartu.

Era berean, uste du jendartea alor honetan alfabetatu beharra dagoela, ez dezan inork pentsatu adimen artifiziala benetan inteligentea eta sentibera izan daitekeenik. «Pentsamendu kritikoa sustatu beharra dago, baita alor honetan ere», azaldu du Salgueirok: «Jakin behar dugu izan dezakegun terapia sentipen hori faltsua dela».

Gazte estatubatuarraren gurasoek salaketa jarri zutenetik, OpenAIk zenbait neurri hartu ditu. Hala nola, gurasoei ChatGPT kontrolatu eta mugatzeko aukera ematen die orain. Halaber, krisi egoerak artatzeko bideetara sarbidea ematen hasi da eta erabiltzaileei atseden hartzeko gomendioa egiten die.

Gainera, txatbotak aurrerantzean gaitasuna izango omen du buru osasuna dela-eta larrialdi egoeran dauden erabiltzaileak hautemateko eta erantzun egoki bat emateko. OpenAIk jakitera eman duenez, 170 osasun langile baino gehiagorekin ari dira lanean, hobekuntzak egin ahal izateko.

Adin txikikoei debekua

CharacterAI plataformak 18 urtetik beherakoei txatera sartzea debekatuko diela iragarri zuen duela gutxi.

Zehatzago, hilaren 25etik aurrera ukatuko zaie sarbidea, eta bestelako tresnak erabiltzeko gonbita luzatuko zaie, bideoak editatzeko, besteak beste.

Azaroaren 25era bitartean erabiltzen jarraitu ahal izango dute, baina egunean bi orduz baino ez.

Azaldu dutenez, urrats handia da enpresarentzat, zerbitzu bera ematen duten beste korporazio batzuk baino «kontserbadoreagoak» izaten ari baitira, baina sinetsita daude egin beharrekoa egiten ari direla.