JOKIN URAIN
IRITZIA

Proportzionatuak

Pasa de hilaren 30erako grebara deia aspaldi samar egin zen. Grebaren bitartez protesta eta presio egiteko arrazoiak askorentzat nahiko agerikoak izaten dira gehienetan, eta gutxitan falta izaten dira. Ez dut uste, hala ere, inork esango duenik greba egiteko motiboak ipini egin behar direla; espresuki sortu, ezarri edo bilatu behar direla arrazoiak langileek greba egin dezaten. Ez litzateke oso zentzuzkoa.

Baina badago, bistako gauza da, lantegietan greba egiteko motiborik inoiz ez dagoela pentsatzen duenik, eta beti berdintsuak izan ohi dira pentsaera horretakoak. Langileek berez grebarako joera dutela edo grebaren kontu hori alferkeria endemikoa disimulatzeko modu maltzur bat baizik ez dela pentsatzen dutenak alegia.

Duela hamarkada batzuk, Jose Ignacio Lopez de Arriortuak euskal hedabide bati emandako elkarrizketan, bere sekretua zein ote zen edo halako galderaren bati erantzunez, esaten zuen lan eta lan eta lan egitea zela. «Lan ta lan ta lan», alegia, eta segi horretan, borroen zintzarri hotsa bezalaxe.

Iñigo Urkulluk uko egin zion joan den hilean 30erako grebara deitu zutenekin batzeari. Beraiekin bildu eta esateko zutena aurrez aurre entzun ordez, eskutitza bidali zien, grebarena hobeto pentsatzeko eskatuz, greba “desproportzionatua” zelako eta ekonomiaren moldaera normalari eta hiritarren bizimoduari kaltea besterik ez ziolako eragingo.

Ekonomiaren moldaera normal horrek zortzi langileren heriotza ekarri du urte honetako lehen hiru-lau asteetan, eta beste askori ekartzen dio eguneroko ogira iritsi ezina. Baina lan ta lan ta lan ari diren borroen zintzarri batzuk galtzeari ez bide dio Urkulluk motiborik ikusten bazterrak nahasten eta hiritarren bizimodua aztoratzen hasteko.

Orain artean ez dugu askotan ikusi lehendakari jauna lanpostuetan istripuz bizia galtzen dutenen ondoan. Sarriago erakusten digu EiTBk bestelako inguruneetan, miresleen adorazioz txistua dotore jotzen esate baterako, txiruliruli, denok ikus dezagun zein humanoa den –musika eta gauza hunkigarri horietan murgiltzen ere badakiena–, eta zein jatorra, zein proportzionatua, hain denok-bezalakoa!

Baina horrek ez du esan nahi kezkatzen ez denik, Aitziber; isilean eta ezkutuan kezkatzen direnetakoa izatea ere baliteke.