AMAIA URIBE
IRITZIA

177.822

Ez dakit zenbat tiroketa kubritu ditudan Ameriketako Estatu Batuetara iritsi nintzenetik. Kontua galdu dut. Baina, egunean armen ondorioz 111 lagun hiltzen badira, hona etorri nintzenetik 177.822 pertsona inguru hilko ziren tirokatuta. Tartean, Uvaldeko 21 biktimak.

Maiatzaren 24ak ospakizun eguna izan behar zuen Uvaldeko eskolan. Tiroketa baino ordu batzuk lehenago ikasturte amaierako diploma banaketa egin zuten eta horregatik, guraso asko joan ziren eskolara ekitaldiaz gozatzera. Artean ez zekiten euren seme-alabak azken aldiz ikusten ari zirenik. Baina nola imajinatu haurrak hilko zirenik segurutzat jotzen zuten toki batean.

Ameriketako Estatu Batuetan, baina, ez dago toki segururik, armak non-nahi daudelako. Iphone bat erostea baino merkeagoa da hemen AR15 errifle bat erostea. Supermerkatuetan marrubiak, lixiba edota komuneko papera ez ezik, armak ere saltzen dituzte. Are gehiago, 18 urteko gazteek oraindik ezin dute garagardo lata bat erosi, baina, aldiz, armak erosteko aukera dute. Armen kultura errotuta dago eta gabonetan eta urtebetetzeetan guraso batzuek errebolberrak eta fusilak oparitzen dizkiete seme-alabei.

Tiroketa bat gertatzen den aldiro, armen inguruko eztabaida pizten da eta neurriak hartuko dituztela agintzen dute politikariek. Arma erosleen aurrekarien kontrola areagotuko dutela proposatzen dute edota buruko arazoak dituztenei armak kentzeko legeak bultzatuko dituztela. Baina planteatu ere ez dute egiten armak debekatzea.

Eta beti gauza bera pentsatzen dut: tiroketei amaiera jartzeko modurik onena ez al da tiro egin ezin izatea? Armarik barik ez legoke armen indarkeriarik. Baina, noski, horrek urtean 19.000 milioi dolar mugitzen dituen arma industriari kalte egingo lioke. Erriflearen elkarte nazionala desagertu egingo litzateke eta Alderdi Errepublikanoa finantzazio barik geratuko litzateke. Horregatik, askok nahiago dute armak izatea baimentzen duen bigarren emendakina ez ukitzea, nahiz eta horrek beste tiroketa masibo batzuk gertatzeko arriskua dakarren.

Columbine, Sandy Hook, Parkland eta orain Uvalde. Armak kalean dauden bitartean, eskolak ez dira seguruak izango, ezta supermerkatuak edota herrietako plazak ere. 177.822 lagun hil dira armen ondorioz hona etorri nintzenetik. Biharko, 111 hildako gehiago egongo dira. Eta horrela, etenik gabe.