JOKIN URAIN
IRITZIA

Historiarako aktak

Joan den maiatzeko azken egunetan ageri zen berria, Bilboko portuan deskarbonizazio nukleoa eraikitzeko prozesua abian jarri duela Petronorrek. Bost gizon ageri ziren egunkarietako argazkietan, proiektuaren lehen harria ezartzen, bostak traje dotorez jantziak, lepoan gorbata banarekin, eskuan pala berri bana, irri-mirri elkarri eta eskuetan zituzten erremintei begira, «hauek zertarako izaten dira?» galdetuz bezala. Bost agintari, politikari, ordezkari, zer dakit nik...

Agian ez gara ohartzen eta behar-beharrezkoa izango da eraikuntza eta proiektu handi eta enblematikoen hasierako lehen harria lehendakariak eta Repsoleko kontseilari ordezkariak eta Petronorreko presidenteak eta Kutxabankekoak eta herrialdeko diputatu nagusiak ipintzea. Behar-beharrezkoa izango da halako proiektu handi bat, izen eta abizen, kargu eta karga, bost gizon handi horiek egina balitz bezala azaltzea.

Zer irudi ederra historiarako aktetan. Ez langile jantzi zarpaildunik, ez aurpegi eguzkiz errerik, ez zigarrorik ezpainetan, ez hautsez zikindutako kopetan izerdi arrastorik, ez esku latzik, atzamarrean eraztuna eta zapata distiratsuak baizik. Munduko edozein herritan, edozein lekutan errepikatzen den irudia izango da, ez gurean soilik. Badira beti bere horretan jarraitzen duten joerak, ibaiko urak itsasora legez jarraitzen dutenak, mila urte igarota.

Nola ez burura etorri Laboak kantatzen zituen Bertold Brechten galdera haiek! Langile baten galderak liburu baten aurrean. Egunkari baten aurrean, hala nahi baduzu. Nork eraiki zuen Zazpi Atedun Tebas hura? Eta hainbatetan porrokatua izan zen Babilonia, nork jaso zuen beste hainbestetan? Garaitza bat orrialde bakoitzean. Nortzuek atondu zituzten garaitza banketeak? Hamar urtez behin gizon handi bat. Nork ordaintzen zituen haren gastuak?

Nork eraiki zuen Bilboko portua lehen harritik aurrera? Nork tentetu zituen errepideen gainean gurutzatzen diren beste errepide horiei eusten dieten zutabe erraldoi horiek? Nortzuek zulatu zituzten autobide hauen tunel itzelak? Nork kendu ditu historiarako aktetatik, gorbatarik gabe, hautsez belztutako kopetan izerdi arrastoak dituztela ari direnak?

Oraindik ez dugu urtearen erdia igaro, Mikel, eta hogeitik gora dira hegoalde honetan lanean ari zirela istripuz hildakoak, kopeta belztuan izerdi arrastoekin.