Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

XX. mendeari gerizpea erantzita agertu diren emakumeak

1936ko Gerrak eta frankismoak gerizpe lodi bat jaurti zuten garaiko emakumeen gainera eta han izan dira urte luzez, historiaren begietara ikusezin. Baina ertz hura argiztatuz gero, handik eta hemendik urratuz, agertzen dira askok ezezagun dituzten izen-abizenak eta, haiei lotuta, memoria kolektiboa osatzen laguntzen duten bizitzak.

Argazkiak: Maialen Andres | Foku
Argazkiak: Maialen Andres | Foku

Juanita Mir Garcia (Iruñea, 1893-Derio, 1937) kazetariak 36ko Gerran matxinatuen ankerkeria salatu zuen eta «sozialki arriskutsua» zelako hil zuten frankistek Derioko hilerrian. Bertsolaria zen Inaxi Etxabe (Oikia, 1933-2020), baina bertso jarriak idaztera mugatu behar izan zuen, plazak gizonezkoenak zirela-eta. Benita Asas (Donostia, 1873-Bilbo, 1968) Madrilen ibili zen maistra lanetan, harik eta gerraren ostean, 1940ko azaroaren 21ean, Arazketa Espedienteen Batzorde Gorenak bere jabetza guztien galera eta lanbidean jarduteko nahiz zuzendaritzako eta konfiantzako karguak lortzeko gaitasun-gabetzea deklaratu zion arte. Dorotea Barnés (Iruñea, 1904-Fuengirola, 2003) emakume aitzindaria izan zen kimikan eta irakaskuntzan. Estatu frantsesera erbesteratu zen gerra garaian, eta 1940an itzuli zen Estatu espainiarrera, non irakaskuntzarako ezgaitu zuten. Doroteak ez zuen gehiago ikertu.

Gerizpe luze-zabal baten azpian –sakonean, sinadurarik ez dagoen tokian– ahaztuta utzitako hainbat emakume berreskuratu ditu Zumaiako Erkibe kultur-elkarteak lagundutako eta Belen Ibarrolak diseinatutako “Itzalpeko Emakumeak” erakusketa ibiltariak historiaren aldi honetara. Debako Santa Maria elizaren kalostrari buelta ematen diote ehundik gora aurpegik, izen-abizenek. Maiatzaren 19tik dira hor, eta ekainaren 26ra bitarte egongo da ikusgai XX. mendeko andrazko aitzindariak protagonista dituen erakusketa grafikoa.

Zuri-beltzezko argazkiek iradokitzen dute agian berandu iritsi direla haien burua aurkeztera; edonola ere, ez beranduegi. Gutxi batzuk bizirik daude orain –Gloria Agirre “Txikita de Aizarna” pilotari profesional ohiak Zestoako botikan egiten du lan, Madriletik itzuli zenez geroztik–, baina gehienei ezin bi musu eman, ezta «eskerrik asko» esan ere, ezta galderarik egin edo haiekin hitz egin ere. Kasu honetan, hala ere, paretarekin hitz egiteak irabazten du zentzua: «Urte askoan» esateak badu egiatik. Harrizko horman zintzilik baitaude andrazko hauek ezagutzera ematen dituzten panelak, hezur-azala testu-argazkira ekarriz, begietara eta belarrietara hitz egiten dutenak: Maria Antonia Uzkudun (Anoeta, 1927-Madril, 2008) euskal erraketista profesionala, emakumezkoen kirol profesionalean aitzindaria. Maria Luisa Ozaita (Barakaldo, 1939-Madril, 2017), pianista, klabezinista, musikologoa, zuzendaria eta konpositorea, emakumeek egindako musikaren zabalpenean aitzindari. Felisa Martin (Donostia, 1898-Madril, 1979), lehen emakumea Meteorologiako Goi Mailako Kidegoan eta lehen emakumezko doktore fisikoa Estatu espainiarrean.

1931n, II. Errepublika garaian, hasten da emakume horiek guztiak ezagutzeko ibilbidea. Zehatzago, orduko hartan Zumaiako udaletxeko osoko bilkuran zintzilikatu zuten koadro batekin –Alfonso XIII. errege espainiarraren erretratuari lapurtuko zion pareta–. Bizkarrez ageri da protagonista, andrazkoa, Zumaiako armarria ondoan duela Gernikako Arbolaren azpian diren Bizkaiko Jauntxoei adi-adi beha, zein erabaki hartuko duten zain, delibero horren zaindari. Victoriano Arrate Loiola alkate abertzalearen eskariz, Hombrados Oñatibia artistak egin zuen koadroa eta euskalduntasunaren sinbolo bilakatu zen herrian.

Errepublika garaiko bosturteko motz-motzean iraun zuen Oñatibiaren koadroak paretan zintzilik. Eta koadroa zintzilik zen bitartean, emakumeen sufragioa lortu zen Estatu espainiarrean Clara Campoamorren bultzadaz, Agrupación de Mujeres Antifascistas (AMA) taldea bultzatu zuen Dolores Ibarrurik gero emakumeei faxismoaren aurrean borrokatzera deitzeko, eta andrazkoen artean abertzaletasuna zabaltzeko saiakeran ari ziren Haydée Agirre, Polixene Trabudua edo Sorne Unzueta, beste askoren artean, Emakume Abertzale Batzatik (EAB).

1936ko Gerrak itzuliko zituen, baina, emakume horiek guztiak II. Errepublikaren aurreko garaira, eskubidez hustuta, indarkerien itu. Miseriaren gorrienean seme-alabak iraunarazi behar izan zituzten emakume batzuek, etxeetako ateak biderkatzen ziren garaian, gizonak frontera joanak zirela. Izan ziren, baita ere, fusila sorbaldan jarri eta haiekin batu ziren milizianoak, Casilda Hernaezen modura.

Izan zen Anttoni Telleria. Gernikako bonbardaketa baino ordu batzuk lehenago etxean zen Anttoni, Elgetako Sesto Gain baserrian. Intxortan ziren gudariak eta milizianoak, faxisten sarrerari eusten saiatzen. Jo zuten, alta, Anttoniren etxeko atea, eta tiro egin zioten familia babesteko asmoz faxisten parera agertu zen Pedro aitari. Aita laguntzera jaurti zen Anttoni, estutu zuen eskumako eskuarekin bala-zauria, eta berriz tiro egin zutenean, eskua zulatu zioten, hamalau urte zituela. Eta bortxatu zuten kolpistek, hamalau urte zituela. Ahizpari kontatuko zion, hamalau urte zituenetik 60 urte inguru igarota, eskumako eskuko bi behatzak ez zituela galdu zuhaitz batetik erori zelako –ordura arte esan zuen moduan– eta haurra zenean, aita hil zuten egunean, bortxatu zutela kolpistek. Hamalau urte zituen Maravillas Lambertok ere, frankistek aitarekin batera gau batez eraman eta behin eta berriz bortxatu ostean hil zutenean.

Badira Debako Santa Maria elizan makillajea, eskutitzak, egunerokoa, fusila. Cecilia G. de Guilarterena zen soinekoa: gudariak elkarrizketatzera lubakietan sartzen zen gerrako kazetari tolosarra, gerora Mexikora erbesteratu zena.

Faxisten altxamenduarekin batera, Francoren erretratua jarri zuten Zumaiako udaletxean andre zaindariaren partez. Eta herritarrek diktadorea hil ostera arte jakingo ez zuten arren, han izan zen, Francoren erretratuaren atzean –itzalean–, andre zaindariaren koadroa, artean ere Gernikako Arbolaren pean hartuko ziren erabakiei adi. Koadroa bezala, isiltasunaren beltzera ezkutatu zituen emakumeak historiak, gerrak, frankismoak. Angela Figuera Aymerich (Bilbo, 1902-Madril, 1984) poetak idatziko zuen, ilunpetik: “Eta nik galdetzen dut, bakarka igarotzen / ur arre eta ankerren ibaia, / zer egin dezake emakume batek? Zertarako balio du / hildakoen artean oihuka ari den emakume batek?”.

Hombrados Oñatibiaren koadroa desagertuta egon zen bitartean, berrogei urteko aldi arre eta ankerrean, herrietako plazetan erakutsi –umiliatu– zituzten frankistek gorritzat jo izanagatik kaskamotz utzitako emakumeak. Erbestera egin zuen askok. Preso hartu zituztenak tratu txarrak eta zigorrak jaso zituzten; kasurako, espetxe bilakatutako Saturrarango bainuetxean egon zirenek. Haurrak hil ziren han goseagatik eta emakumeak, tuberkulosiak, septizemiak edo tifusak jota.

Hiru aldiz izan zen saskibaloiko Estatu espainiarreko txapelduna Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004), eskubaloiko txapeldunordea ere izan zen, eta belar hockeyko jokalari bikaina. Bederatzi urte zituenerako biolina ondo jotzeko gai zen Albina Madinabeitia (Arrasate, 1910-1996) eta Madrileko Orkestra Nazionalean biolin bakarlaria izatea lortu zuen. Ikastolen sustatzailea eta idazlea izan zen Karmele Esnal (Orio, 1932-Donostia, 2012); Elbira Zipitriaren eskutik hasi zen euskarazko irakaskuntzan eta 1955ean bere lehenengo ikastola sortu zuen Donostiako Amara Zaharrean.

XX. mendea estali zuen xal-itzalaren brodatuetan agertzen dira izen hauek guztiak, denen hamarrenera ere iristen ez direnak, eta xaletik gora tira eginez gero, memoria oso –erdi bat idatzia baitzuten gizonek– baten kontakizunak egingo du ihes. Hala hasi ziren 2019an “Itzalpeko Emakumeak” erakusketa ibiltariaren arduradunak; hasieran andre gipuzkoarren bila eta, azkenean, tiraka-tiraka, Euskal Herriarekin lotura izan zuten emakumeak jarri dituzte herritarren bistara; Laudion eta Tolosan lehenik, eta Deban orain. «Kostata», dio Ibarrolak, zeren emakume horietako asko «ez ziren inon agertzen». «Harrituta geratu ginen, zeren agertu zitzaizkigun aktoreak, kimikariak, albaitariak, medikuak... hainbat arlotako emakume aitzindariak», gaineratu du.

«Isilpean egon diren emakumeen aurpegi, ahots, balore eta eginkizunak berreskuratu, jendarteratu eta balioan jartzea eta, horrekin batera, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren bidean sentsibilizatu eta kontzientziatzea» du helburu erakusketak, argitu du diseinatzaileak.

Hausnartzera bultzatzeko erakusketa ere bada «Itzalpeko Emakumeak», Belen Ibarrolak esanda. Eta «sentimenduak, sentsazioak piztea». Pentsatzeko iskin gisa, hamabi oihal zintzilikatu ditu diseinatzaileak kalostraren ertz batean, frankismoak andrazkoentzat erreserbatu zituen aginduekin: «Eduki afaria prest», «Txukundu zure etxea», «Entzun ezazu, utz iezaiozu lehenengo hitz egiten, gogoan hartu bere gaiak zureak baino askoz garrantzitsuagoak direla», «Ez kexatu!». «Nolabait ere gure heziketan presente daude esaldi horiek», agertu du Ibarrolak.

Erakusketak azkenerako uzten du bere protagonista. Emakume batek garrantzia berezia hartzen du, debarra zenez gero: Tene Mujika idazlea (Deba, 1888-1981), «euskaltzale sutsua, fededuna eta emakumeekiko kezka bat zuena; emakume gogorra», diseinatzailearen hitzetan. Nekane Goikoetxearekin batera, Tene Mujikaren bizitza arakatu zuen Belen Ibarrolak eta modu oso bisualean aurkeztu du “Itzalpeko Emakumeak” erakusketan. Berak hartu du elizako kalostraren ia erdia; bere bibliografia erraldoia erakusten du lurrera etzanda, garaiko aldizkarietan –Euskal Esnalea, Euzko-Deya, Gure Herria, Euskerea, El Día, Euzkadi, Agur, Luzaro, Goiz-Argi, Deva– edo liburuetan idatzitakoak. Tene Mujikak idatzitako asko galdu ziren, baina, bere ahizpak beldurrez erre baitzituen Tene erbestera joan zenean. «Kaxa batean dago Teneren bizitza guztia», dio Belen Ibarrolak.

Luz Zalduegi (Mallabia, 1914-Madrid, 2003), albaitaritza ikasketak burutu zituen lehen emakumea Euskal Herrian; Teresa de Escoriaza y Zabalza (Donostia, 1891-1968), berak egin zuen Estatu espainiarrean irrati bidez eskaini zen lehen diskurtso feminista; Ignacia Zabalo (Donostia, 1905-Bartzelona, 1939), ustez Euskal Herriko lehen andre marrazkilari profesionala.

Lanpasaren azpian dago XX. mendeko emakumeen historiarako giltza. Gerizpe luze-zabal horren gainera argi-foku bat bota eta gaurko koloredunak eraman ditu “Itzalpeko Emakumeak” erakusketak historiaren aldi hartara.