Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevista
Xabier Mendiguren Elizegi
Idazlea

«Garaiaren erretratua eta torturaren salaketa egiten saiatu naiz»

1981eko otsaileko hamabi egunen kronika da Xabier Mendigurenen azken nobela, Joxe Arregiren atxiloketa, heriotza eta Zizurkilgo hilerriko biltegian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia. Egun haietan Euskal Herrian izan ziren beste gertakari batzuk eta Arregiren eta berarekin biltegian ziren lagunetako biren bizitzak ere kontatzen ditu, berrogei urte pasa igarota, ahanzturan gera ez daitezen.

(Jon Urbe FOKU)

Oso latza izan da” jaulki zuen nekez Joxe Arregi zizurkildarrak 1981eko otsailaren 12ko arratsaldean, azken hatsa eman baino ordu batzuk lehenago. Hamarraldi askoan ohiko praktika izan den horren salaketaren ikur da gaur egun euskal herritar askoren gogoan iltzatuta geratu zen esaldia, otsailaren 15 hartan “Egin”ek bere portadan publikatu zuena. “Oso latza izan da” du izenburua Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak argitara eman berri duen nobela laburrak. «Itziarren seme-alaba guztiei» eskainia, Joxe Arregiren atxiloketa, heriotza eta Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia berreraiki du, egun haietan Euskal Herrian izan ziren beste gertakari batzuekin uztartuta. Halaber, Joxe Arregiren eta berarekin kanposantuko biltegi hartan ziren lagunetako biren bizitzak kontatzen ditu: Juan Kruz Unzurrunzaga arte sustatzailearena eta Bixente Ameztoi pintorearena, hain zuzen.

Protagonisten hainbat senide eta lagunekin hitz eginda, tartean kanposantuko biltegian zeudenetatik bizirik dauden batzuk, torturaren salaketa eta ahanzturaren aurkako ahalegina egin du Mendigurenek; izan ere, transmisioari eusteko asmoak ere gidatu du kontaketa gordin bezain hunkigarria egitera. Egiazko gertakariak narratzen ditu, tarteka haien gaineko gogoetaren bat agertuz, fikziorako tarterik gabe, baina ez lanketa literariorik gabe; izan ere, narrazioa kanposantuko gela hotz hartako eszena samin bezain ederrarekin hasi orduko, idazle zailduaren eskua nabari da.

Joxe Arregi atxilotu zutenetik haren gorpuaren argazkiak egin zituzten arteko kronika da. Aspalditik gogoan zeneukana eta aurten bertan idaztea erabaki duzuna. Aspaldidanik izan dut buruan 81eko otsaila narratiba edo literatura bihurtzeko nahia. Alde batetik, ni gaztetxoa nintzen, baina asko markatu ninduen; bestetik, iruditzen zait gertakari oso indartsuak eta esanguratsuak izan zirela, eta azkenik, iruditzen zitzaidan nolabait konformatu egin zutela etorkizuna urte batzuetara. Orduan, garaiak inpaktatzen ninduen eta interesatzen zitzaidan. Eta horren barruan, niretzat, eragin handienekoa edo bereziki zirraragarria Arregi iruditzen zitzaidan. Eta Arregiren argazkien historia argitara atera zenean orain dela urte batzuk, pentsatu nuen hor bazegoela kontatzeko moduko historia bat.

Beraz, hori guztia izan zen, garaiak niregan izandako eragina, hilabete horretako gertakariek berez izan zuten inpaktua eta izan zuten ondorioa, eta argazkien historiak berez zeukan edertasuna, magia… Eta horrekin batera, ikusita Ameztoiren figurak eta Unzurrunzagak nolako kontrastea egiten zuten elkarren artean eta Arregirekin, pertsonaia horiek ematen zioten liburuari beste geruza bat; hau da, momentu baten kronika hutsa egin ordez, beste zerbait sakonagoa edo bariatuagoa egiteko aukera.

Hiru protagonista; Arregi, argi dago, eta beste biak, zergatik? Arregi, bistan da, protagonista da, hilda dagoen arren. Unzurrunzagak kontatu zuen bera eta Ameztoi izan zirela argazkiak egin zituztenak, nahiz eta, gero jakin dugun eta liburuan kontatzen den bezala, beste sei pertsona ere baziren han. Unzurrunzagaren eta Ameztoiren figurak pixka bat ezagutuz gero, iruditzen zitzaidan erakargarriak zirela. Pertsonaia aberatsak dira, ertz asko dituztenak eta elkarren artean multzo bitxi bat osatzen dute.

Izan ere, nabarmena da hiruren arteko kontrastea. Bai. Psikologikoki eta soziologikoki ere bai. Batetik, Joxe Arregi daukagu, baserritar proletarizatu bat, ETAn sartzen dena. Beste askorengan ere ezagutu dugun prototipo bat da: mutil zintzoa, esanekoa, kexatzen ez dena, fidatzeko modukoa, oso euskaltzalea, beti besteei emana, eskuzabala, sakrifikatua eta abar. Alde horretatik, sorpresa eta kontraesan gutxien daukana bera izan daiteke.

Bestetik, Unzurrunzaga daukagu, euskal kulturaren nolabaiteko aristokrazia bateko semea. Hain zuzen, bere aita zelako frankismo garaian euskal liburuak-eta atera zituen bakarretakoa, eta bera herriarekin konprometituta sentitzen da, ETAn egon zen, politiko-militarretan, Loboren salaketarekin erori zen 75ean. Eta geroztik hainbat polimiliren abokatu izan zen, kartzeletan bisitak egiten zituen; aldi berean, COPEL edo garai hartako preso sozialen elkartea eratzen lagundu zuen… Orduan, bazuen alderdi militante bat, herri honen borrokarekin bat egiten zuena. Baina bestetik beste alderdi bat oso friboloa dauka, esan dezagun. Esaten dute oso festazalea zela, zalapartaria… Orquesta Mondragon taldearen managerra izan zen... Eta anekdota bat kontatzen dut, Euskadiko Ezkerran zegoen eta aldi berean ETA politiko-militarren zuzendaritzan zegoen pertsona batek muga pasatu behar zuela eta esan zioten: «Lagunduko dik Juan Kruzek», eta Juan Kruz agertu zen luxuzko belaontzi batean. Orduan, frilbolitatearen eta militantziaren arteko kontrasteak grazia egiten zidan, eta iruditzen zitzaidan pertsonaia bitxia zela alde horretatik.

Eta hirugarrenik, Ameztoi dago. Pinturaren ume prodigio bat izan zen. Bera jatorriz Donostiako burgesia frankista erdaldun baina kulturazale batekoa da eta holakoak ditu lagunak. Ameztoiren aita zinegotzia zen frankismoan; beraz, frankista zen, baina zen Udaleko museoen patronatuko burua eta pintoreak ezagutzen zituen, estimatzen zituen, laguntzen zien eta abar. Orduan, jende kultua, sentsiblea zen, baina euskal gauzekin inongo loturarik eta sentsibilitaterik ez zeukana. Nik uste dut, hau nire hipotesia da eta igual ez da horrela, baina polita da, Ameztoiren sentsibilitateak berak eraman zuela euskal mundura, bera familiarekin Villabonara bizitzera joan zenean, paisaiak pintatzen zituen, baina paisaiaren parte dira bertakoak, eta euskara eta euskaldunak. Orduan, beste lagun klase batzuk egiten hasi zen eta konprometitu zen borroka askotan laguntzen. Batzuk ezagunak dira, “Zeruko Argia” aldizkariaren azalak egiten zituen, zenbait mugimendurentzako irudiak… Borondate hori bazeukan.

Otsaileko hamabi egunen kronikarekin uztartu dituzu hiruren biografiak. Liburuak kontatzen ditu atxiloketaren bederatzi egunak eta hil ondorengoak, ostiralean hiltzen da eta astelehenean da lurperatzea eta lurretik ateratzea, berpiztea. Eta paraleloki kontatuz noa Arregiren, Ameztoiren eta Unzurrunzagaren bizitza, beren jaiotzatik momentu horretara arte. Ameztoirena eta Unzurrunzagarena gero ere kontatu nitzakeen, oso gauza politak dira kontatzeko, zeren Unzurrunzagaren galerista aldia gero hasten da. Eta Ameztoik, adibidez, Erremellurin egin zituen koadroak asko gustatzen zaizkit eta iruditzen zitzaidan badutela paganoaren eta sakratuaren arteko elkarrizketa bat, liburuan ere badagoen sinbolismo kristauarekin lotzen zena, baina hori ere geroko garai batean gertatu zen.

Kontaketaren denbora horretan Euskal Herrian izan ziren beste zenbait gertakariren berri ere ematen duzu; bide batez, hari narratibo nagusian oso ondo uztartuta. Eskertzen dizut. Garaian gertatzen diren beste gertakari inportante batzuk dira; adibidez, Juan Carlos erregea Gernikara etorri zenean eta Herri Batasuneko hautetsiek “Eusko Gudariak” kantari hartu zutenekoa, uste dut sinbolikoki oso inportantea izan zela hori, behintzat jende askorentzat. Batuzk alde eta besteak kontra, baina inportantea izan zen. [Lemoizko zentral nuklearreko injineru Jose Maria] Ryanen bahiketa eta hilketa ere kontatzen da.

Nobelatik kanpo geratzen dira, baina aipatu egiten dituzu Arregi hil eta astebetera izan zen Tejeroren estatu kolpea eta handik beste aste batera izan zen ETA pm-ren su-etena. Horiek nire kontakizunaren denboratik kanpo geratzen dira, baina uste dut inportanteak izan zirela, iruditzen zaidalako denen artean konfiguratzen dutela eskema bat: «Guk, euskaldunok, gure herriaren askatasuna nahi dugunok, Espainarekin ez daukagu zer ikusirik. Pentsa Tejeroren kolpean, pentsa nola tratatzen gaituzten, ikusi tortura eta». Hori konstatazio bat da, esan dezagun, baina hortik aurrera apustu estrategiko bat dago, garai hartan nazio askapen mugimendua esaten zitzaionak egiten duen apustua da: «Borroka gogorra da, baina posible da irabaztea, Lemoizen ikusi dugu». Ryan bahitzea eta hiltzea objektiboki ikusita, itsusia eta injustua da; azken batean, profesional bat da eta beharbada berak sinesten zuen energia nuklearraren onuretan, zientifiko askok sinesten dute horretan. «Gogorra izan da eta injustua da, eta aldi berean gutakoak ere hilko gaituzte modu zikinenean, Joxe Arregirekin egin duten bezala, baina garaipena posible da», nik uste dut apustu hori egin zuela ezker abertzalea deitu zaionak.

Ordura arte ezker abertzalearen eremu soziologikoaren barruan sartzen zen multzo handi batek, Euskadiko Ezkerrarekin identifikatzen zenak eta ETA pm babesten zuenak, beste irakurketa bat egiten du: «Gu borroka armatuan ibili gara, ez dugu lortu nahi genuen guztia, zerbait bai, eta lortu dugun hau igual galdu daiteke, ikusi Tejerorekin zer gertatu den; beraz, hobe dugu lortu duguntxoa estimatzea eta horren barruan guk geure politika egitea, dena pikutara botatzeko arriskuan jarri ordez». Irakurketa hori egiten dute ETA pm-k eta Euskadiko Ezkerrak eta horrek eraman zituen gero ez bakarrik erabaki taktiko horretara, baizik eta helburuak ere guztiz aldatzera, zeren haientzat independentzia eta sozialismoa ziren helburuak, eta gero arbuiatu egin zituzten.

Hori hilabete horretan gertatzen da, eskema horiek finkatzea batean eta bestean. Arregi hilobitik atera zutenak ez ziren izan ETAm-ko kideak, Arregi bezala, ezta ETA m-tik hurbil zeudenak ere; igual han ziren beste pertsonak egongo ziren ETA m-tik gertu, baina nabarmendu zirenak, Unzurrunzaga argi eta garbi polimilia izandakoa zen eta bere lagunak Euskadiko Ezkerrakoak, eta Ameztoik ere horko lagunak zituen gehienbat. Orduan, Arregi handik hilabete batera hil balitz, beharbada polimilien inguruko horiei ez zitzaien okurrituko, edo ez zuten sentituko berea Arregiren heriotza, beste batzuen kontuak zirela baizik.

Eleberria da; gertakari batzuen kronika, eta fikziorik gabea. Bai, nahita uko egin diot fikzioari. Nahita. Hau da, ez dut asmatu elkarrizketarik, pertsonaien arteko solasik edo eszenarik, eta egin nezakeen, joko bat, baina ez dakit zergatik, nahiz eta lanketa literarioa izan, idazteko modua eta gertakariak zer hurrenkeratan kontatu eta zerekin batu eta abar, fikziorik gabeko nobela da, edo kronika literarioa.

Ikerketa ere ez da; hala ere, aurkikuntzaren bat edo besteren berri ematen duzu. Bai. Gehiago egin nezakeen; adibidez, Arregi torturatu zuten polizien inguruko ikerketa, epaiketa, hutsean geratu zena, indultatu baitzituzten, postuz igo zituzten eta abar… Hori guztia berez lotsagarria eta umiliagarria da, baina alderdi hori nire nobelarako ez zitzaidan hainbeste interesatzen. Era berean, Joxe Arregik eta [haren taldeko kide] Ixidro Etxabek-eta zer ekintza egin zituzten beharbada inbestigatu nezakeen, baina ez zitzaidan interesatzen. Uste dut interesatzen zitzaidala garaiaren erretratu bat egitea, pertsonaien erretratu psikologiko eta soziologikoa egitea eta torturaren salaketa bat egitea ere bai.

Torturaren salaketa eta erradiografia da; torturaren inguruko gezurra nabarmen agertzen da, baita torturari bide ematen dion katea ere, torturatzailearengandik arduradun politikoengana, tartean auzitegiko medikuak, epaileak, hedabideak… Argi eta garbi. Torturaren egile materialak torturatzaileak dira, polizia funtzionario batzuk, baina torturaren erantzukizun nagusia ez da horiena, atzean dauden agintariena da: Guardia Zibilaren zuzendaritza, Poliziaren zuzendaritza, Espainiako Gobernua eta ministroak eta idazkariak, inkomunikazioa baimendu duten politikari guztiak, alderdiak, eta sistematikoki hori ukatu duten kazetari guztiak eta ezikusia egin dutenak ere bai.

Batzuetan Espainiatik kontatzen digutenean hau demokrazia eredugarria dela, eta euskaldunok tortura aipatzen dugunean, esaten da: «Bueno, bai, egon dira kasu batzuk, gehiegikeriak»… Ez, ez, ez dira egon kasu batzuk, sistematikoa izan da tortura. Badakigu borroka armatuarekin, hasieran, eta momentu batetik aurrera ezker abertzalearekin zerikusia zuten atxilotuak torturatu egin zituztela sistematikoki, eta batzuetan, akatsen bat zutelako, horren berri jakin da edo susmatu da edo ikusi da, baina milaka izan dira isilpean geratu direnak eta inongo frogarik gabe. Eta pertsona horiek txikituta atera dira etxera edo kalabozora, bietako bat, eta ezin izan dute kontatu, edo kontatu dute inguruan, baina inork ez die kasurik egin, salbu eta etxekoek, lagunek edo ideia kideek.

Joxe Arregiren gorpu torturatuaren irudiak. Nabarmen ikusten dira hil aurretik jasan zuen basakeriaren zantzuak. Euskal Memoria Fundazioa

Auzitegietara iritsi diren kasuak «akats» batengatik iritsi direla diozu. Bai, bai, norbait hil zaielako, edo kaputxa erori eta norbaiten aurpegia bistan geratu zelako, edo kasualitatez epaile zorrotzen bat tokatu zelako. Baina horiek salbuespenak dira.

Eta ondorena: Arregiren torturaren auzian ez zen zigorrik izan, ez betetakorik behinik behin. Tortura kasuetan, epaitu eta zigortuta ere, inork ez du kartzela zapaldu ere egin. Inork ez. Torturengatik kartzela zapaldu duenik uste dut Espainian ez dela egon. Abokaturen batek edo ikerketa egin duen batek frogatu beharko luke, baina uste dut inork ez duela kartzela ezta segundo batean ere zapaldu.

Desobiratutako gorpuaren argazkiak ezkutuan egin behar izan zituzten. Delitu bat egin behar izan zuten egia jakinarazteko. Bai, hala da. Harrapatu balituzte, ez dakit zer gertatuko zitzaien, baina ilegalki ari ziren. Justiziaren aldeko ekintza garbia zen, humanitarioa, egia jakiteko, baina guztiz ilegala izango zen, noski.

Sinbologia kristaua aipatu duzu arestian. Nabarmena da azpitituluan, “Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea”. Ezin nuen ebitatu, nire hezkuntzagatik edo, markatu nauena, eta igual gaurko gazteek ez daukatena, baina niretzat ezinbestekoa zen Arregirenean ikustea Kristoren irudia; hau da, torturen ondoren hil dute modu anker batean eta handik hiru egunetara berpiztu da nolabait ere, eta haren berpizteak, gainera, eragina eduki du, bere jarraitzaileengan eduki du halako fede baten sendotze baterako bidea. Liburuaren azala ere nahita dago aukeratua horrelakoa, eta liburuan aipatzen dut Che Guevararen gorpuaren argazkia, gorpu etzan bat da baita ere.

Gero gehiago azpimarratu nezakeen eta ez dut nahi izan, baina printza batzuk badaude; esate baterako, Joxe Arregiren ama bada “Stabat Mater”-eko ama lacrimosa bat, hildako semearengatik negarrez ari den ama bat. Nahi gabe etortzen zaizkigu horrelako irudiak.

Eta azken kapitulua otoitz bat da. Bai. Ez da Jaungoikoari egindako otoitz bat, nik neure buruarekin egindako gogoeta bat da, beste euskaldunekin konpartitu nahi dudana, garbi utziz gogoeta pertsonal bat dela. Eta hor ‘ni’ pertsona sartzen da oso garbi, eta ‘zu’ esaten dio Joxeri.

Gauza asko kanpoan utzi dituzula diozu. Arregiren berri eman zuten presoen gutuna osorik sartu duzu, ordea. Oso polita da espetxeko ospitaleko preso horiek egindako gutun hori. Pentsa, zer indartsua den gutun hori, eta nik ez dut ezer asmatu, gutuna itzuli egin dut, gaztelaniaz idatzi zutelako, eta izugarri esanguratsua eta potentea da. Gogoratzen naiz gutuna bere garaian “Egin”-en irakurri nuela, eta barruraino iritsi zitzaidan. Egundokoa iruditu zitzaidan, oso potentea. Gero, bilaketan aurkitu nuen partaide bat, [Iñaki] Agirre izeneko bat, polimilia, eibartarra, gero ETBn lan egin zuena, eta haien gauza gehiago bilatu nahian ibili nintzen.

Hori eta Arregiren gorpuaren argazkiak sekulako astindua izan ziren jendartean. Arregi torturaren aurkako ikur bihurtu zen. Oro har jakineko gauzak izanda ere, batzuentzat behinik behin, narrazioak halako amorrua pizten du. Zuk gazte samar zinela bizi izan zenuen hura, beste askok nagusiago zirela, eta ez dakit noraino gogoratzen den gaur egun, eta gazte jendeak ba al duen haren berri. Seguru asko ez. Interesatuta daudenek, bai. Nik orduan 16 urte neuzkan, 17 betetzeko, eta iritsi zitzaidan barru-barruraino. Normala den bezala, belaunaldi bakoitzak bere erreferentziak ditu eta bere istorioak, eta normala da berria iristen den neurrian desberdinak izatea; dena dela, ondo dago baita ere gauza batzuk transmititzen saiatzea, eta liburu honen helburuetako bat hori ere bada.

Liburua idatzi ahala, oroitzapenak edo, hobeto, garai haren pertzepzioa aldatu zaizu? Esango nuke ezetz. Biziago gogoratu ditut gauzak. Arregiren heriotza handik hilabete pare batera gertatu balitz deslurperatuko ez zuten konklusio horretara liburu hau egin ahala iritsi nintzen. Bestela, ez zait etorri oroitzapen errealik, gehiago da irakurri izan dudana eta abar, orduko puzzlea berrosatze bat, orduko gertaerak.

Lehengora itzulita, kontaketatik kanpo utzi edo azken kapituluan aipatu baino ez dituzu egin hainbat gauza, baita munduko testuingurua ere, eta aspaldion horren gaineko gogoeta egin duzu. Nik orduan munduan gertatu zenaren lehenengo pertzepzioa ez nuen izan irakurrita, baizik eta bizi izanda. Justu urte horietan hartu zuen agintea [Ronald] Reaganek, pixka bat lehenago [Margaret] Thatcherrek eta pixka bat lehenago Juan Pablo II.ak. Esan daiteke, askok esan dute, ez dut nik asmatu kasu honetan, II. Mundu Gerratik aurrera 30-35 urtean egon zen ongizatearen etengabeko gorakada bat eta baita munduaren ezkerreratze bat ere ohituretan, bizimoduetan eta hautu politikoetan ere bai. Garai hartan bizi zirenak ez zeukaten igual pentsamendu arrazional bat, baina bai nahi gabeko sentsazio bat ongizatea beti izango zela goranzkoa: «Aitona-amonak baino hobeto bizi ziren gurasoak, gurasoak baino hobeto bizi gara gu eta gu baino hobeto biziko dira gure seme-alabak». Progresoan sinisten zen, ez arrazionalki igual, baina bai pertzepzioz, beti hoberantz eta gorantz joango ginela, eta ez bakarrrik ondasun materialetan, baizik eta baita ere hobekuntza etiko batean, esan dezagun. Eta hori mundua ezkerrera joatearekin lotuta ikusten genuen askok. Momentu horretan biratze bat dago, oso nabarmena, eskuineratze bat, AEBetan eta mundu osoari eragin ziona.

Euskal Herrian diferentea izan zen; batetik, ohituretan egon zen indibidualismoaren gorakada handi bat, posmoderniarekin-eta lotuta, baina aldi berean, ezker abertzaleak abangoardia lana egiten zuen... Tira, abangoardia lana eginda egon zen mugimendu bat ezker abertzalea baino askoz zabalagoa, baina botereari nolabaiteko kontra egite bat oraindik bizirik mantendu zen Euskal Herrian, eta errebeldia bat, boterea auzitan jartzekoa; honekin lotu daiteke musikan ere egon zen rock erradikalaren mugimendua eta abar. Baina hori Euskal Herriko fenomeno bat da, eta fenomeno hori zor zaio, nik uste, lehen esan dudan 81eko horretan finkatu zen eskemari, estatuari aurre egite horri. Hemen egin zitzaion aurre eta beste inon ez zitzaion aurre egin.

Duela zenbait hilabete, Ameztoiren alaba ikusi zenuenean, erabaki zenuen nobela idaztea. Kasualitate bat izan zen, martxoaren bukaeran. Ni nire emaztearekin nengoen eta ikusi genuen Ameztoiren alaba umea jasotzen eskolatik. Esan nion emazteari eta, istorioa kontatzen hasi nintzenean, konturaru nintzen apasionatu egiten ninduela.

Obsesio bihurtzeraino. Bai. Hasi nintzen buruan nola konta nezakeen, ekintza bakarrik edo baita parte hartu zutenen bizitza ere, norekin hitz egin nezakeen… Eta oso azkar idatzi dut, zeren liburua maiatz amaieran bukatu nuen.

Eta obsesio hori zer da, lagungarria edo traba? Liburua idazteko, lagungarria, noski. Nire kasuan bai; bestela, alferkeriak puntu asko dauzka, eta ni oso lanpetuta ibiltzen naiz normalean, orduan denbora atera behar dut asteburuetan, lan egin ondorengo astia… pizgarri sendoa behar da.

Azken urteetan idazten asmatu ezinik ibili zarela diozu, zerbait idazten hasi eta esana zeneukala irudituta. Halako batean asmatu duzu. Bai, bai, ateratzen zitzaizkidan ipuinak-eta lehenago idatzitakoen ildokoak ziren eta ez ninduen hainbeste motibatzen, eta hau uste dut diferentea dela. Batek ere badu bere buruari jarritako exijentzia moduan berritzen saiatzea. Eta obligazio bat. Badira artista onak oso gauza antzekoak egin dituztenak berrogei urtean, nik ez dut kritikatuko, baina nik neure burua ustekabean harrapatu nahi dut.