Bizileku porotsua
Ryue Nishizawa-ren eskutik, Moriyama etxea. Ohta-ku-n kokatua, Tokioko erdialdeko bizitegi-auzoan, Japoniako etxebizitza tradizionalaren kontzeptua berrasmatzen du, jabearen etxebizitza eta alokairuko apartamentuak 290 metro koadroko lursail batean banatuz.

Moriyama etxeak aurretik azalduriko bizitegi japoniarren bestelako eskemari jarraitzen dio. Haien bertikaltasunaren aldean, honetan, antolaketa nagusian horizontaltasuna eta zatiketa nabari da. Tokioko Ohta-ku auzoko hiri-ehun dinamiko eta dentsoan kokatua, proiektuak etxebizitza kontzeptuaren inguruko hausnarketa desberdina egiten du. Honakoa ere, Ryue Nishizawaren (SANAA) lana da, 2005ean amaitua, eta argazkietan ikus daiteke izan duen bilakaera. Eraikina lekura egin da eta begetazioa ere eroso ageri da. Moriyama etxea hiri garaikidean bizitzeko moldagarritasuna eskaintzen duen eredua da.
Proiektuak etxebizitza tradizionalaren irakurketa berria proposatzen du. Funtzio guztiak bolumen bakar batean bildu beharrean, espazio domestikoa unitate autonomoetan banatzen da, horien arteko harremana patioen eta lorategien bitartez gauzatuz. Hamar bolumen independente baino gehiago sakabanatzen dira 290 metro karratuko eremuan. Hiriburuko trinkotasunaren aurrean, porotsua da. Esan daiteke erabakia inguruneko morfologia errespetatzetik datorrela, eraikin txikien errepikakortasuna eta pasabide estuen eskala kontsideratzetik. Alabaina, horrez gain, zatiketak askatasuna ematen dio bezeroari multzoaren zein zati erabili bizileku propio gisa eta zein zuzendu alokairurako erabakitzean. Estantzien antolaketa ez dago zehatz-mehatz finkatuta, eta horregatik aukera dago espazioen erabilera beharren, urtaroen edota bizilagun kopuruaren arabera egokitzeko. Irakurri ahal izan dudanez, denbora tarte luze batean behintzat, jabea lau solairuko bolumenean bizi izan omen da, gainerako bolumenak apartamentu solte gisa alokatuz. Alabaina, multzoa bizitegi bakar bat izatera itzul daiteke diseinuak ematen dion malgutasunari esker.

Bizitza partekatzeko modu desberdinak eskaintzen ditu Moriyama etxeak. Begetazio artean sakabanaturiko bolumenak ezberdinak dira, tamainari, proportzioari eta solairu kopuruari dagokienez. Zenbait era autonomoan funtzionatzeko gai dira, baina badira erabilera espezifikoak dituztenak ere; esate baterako, sukaldeak eta bainugelak. Modu horretan, erabiltzaile desberdinek estantzia zehatz horiek parteka ditzakete, eta euren espazio pribatuagoa beste nonbait izan. Apartamentu batzuk lorategi baten inguruan biltzen dira, sukaldea, egongela eta komuna barnean dauzkatela. Beste batzuk konfigurazio bertikalekoak dira, terraza eta guzti estalkian, baina badaude, esan bezala, estudioa eta bainugela bidexka labur baten bidez lotutakoak ere. Pieza zurien arteko hurbiltasuna tarteko, diseinuak bereziki zaindu du erabiltzaileen intimitatea. Eraikinen arteko distantzia, fatxaden orientazioa eta leihoen banaketa kalkulatuta dago unitate bakoitzaren autonomia bermatzeko.

Moriyama etxearen aberastasuna elkarrekin konektaturik dauden patioak eta lorategiak dira, poro berde horiek. Horiek, azkenean, erabiltzaile ezezagun horien artean harremanak sortzea dakarte, eskala txikiko partekatze espazioetan mikrokosmos berezia sortuz; komunitatearen parte izatearen sentsazioa. Azken finean, bizitegi minimoen luzapenak dira, eta bizilagunek horien erabilera egiten dute. Lorategi bakoitza, txikia izanik ere, kontu handiz pentsatuta daude hark ingurunearekin izango dituen harreman funtzionalak eta bisualak. Landarediak, freskotasuna eta naturarekiko harremana eskaintzeaz gain, espazio pribatuen eta komunen arteko trantsizioa leuntzen du. Tokio bezalako erdigune trinkoetan, horrelako berdeguneek atsedenerako eta interakzioetarako lekua eskaintzen dute, eta ez gizakiarentzat soilik, baita hiriko natura osatzen duten bizidun guztientzat ere. Babesleku dira hiriburuak biologikoki askotarikoak izatea sustatzen duten hegazti eta intsektuentzat.

Ereduak bizimodu garaikidearen funtsezko gaiak jorratzen dituela esan daiteke: malgutasuna, komunitatea, pribatutasuna eta natura. Bere diseinu zatikatuak moldagarritasunari erantzuten dio, ingurunean lekua egitea bilatzen duen bitartean. Bizitegiak barnealdera begiratuz aurkitzen du hirian bizimodua egiteko bakea.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
