Joseba Sarrionandia
Idazlea / Escritor
OROILOREAK

«Guernika»: Hiri bonbardatua eta Italiako paisaia turistikoak

(Euskadiko Filmategia)

Irudi zinematografikorik ez badago, ez da gertatu. Edo beste era batean gertatu da. Gernikako bonbardaketa ukatzeko erabili zituen frankismoak, irudi zuzenen gabezia horrekin, beste irudi batzuk: “Vizcaya y el 18 de julio” (1937) pelikula, adibidez, Gernika errea abertzaleek eragindako su ematearen ondorioa zela proklamatzeko.

Bada paradoxa Gernikako bonbardaketaren denuntzia mundu guztira zabaldu nahi zuen pelikulak, “Guernika”-k (1937), ez izatea ia Gernikako bonbardaketaren grabaziorik. Irudiak kultura mediatikoan ordurako ja hain beharrezkoak zirelarik, “Guernika” pelikulan nabaritzen den gabetasuna eta frustrazioa errebisatuko ditugu.

AGUSTIN UGARTETXEA

Zinemagilerik ez zen ibili 1937ko apirilaren 26ko merkatu astelehen hartan Gernikan, gertakizunak zuzenean jasotzeko. Biharamunean bai, Agustin Ugartetxea 16 milimetroko kamera amateur batekin heldu zen Gernikara.

Ugartetxea bilbotarra zen, 1930ean Getxora ezkondua. Algortako batzokiko jeltzalea zen, eta Getxoko Udalerako hautagaia izan zen 1931ko apirilaren 12ko hauteskunde munizipaletan (ez zen hautatua izan). Alemanez zekien (lagunak zituen Deustsche Verein klubean). Zinezale eta zinegilea, 16 milimetroko edo 9,5eko kamerak erabiltzen zituen, eta gero, irudi batzuk behintzat, Alderdiaren esku uzten zituen. Ugartetxearen filmazio zatiak geratzen dira: 1935eko Aberri Eguna Iruñean, gerrako egunetan gudariak mendian, ertzain motorizatua Ibaiganetik irteten…

Agustin Ugartetxearen irudiak ez ziren profesionalak, baina 1937an salbokonduktoa zeukan frontera inguratu eta grabatzeko.

Ugartetxea beste asko bezala joan zen Gernikara, bonbardaketaren ondoren. Baina kazetariek eta argazkilariek ez zuten denbora asko izan. Apirilaren 29an Estepan Urkiaga “Le Girondin” egunkariko kazetari bati laguntzen joan zen, bidean harrapatu zituzten, eta bera ekainean fusilatuko zuten Gasteizen.

Ugartetxeak AGFA markako 18 bobina grabatu zituen Gernika hondatuan, hondakinei kea zeriela oraindik.

EUSKAL GOBERNUA ETA NEMESIO SOBREVILA

Jose Antonio Agirreren gobernuaren zinema antolaketa 1937an hasi zen, propaganda zinematografikoaren garrantziaz ohartuta, Santiago de Pablosek “Una guerra filmada” ikerketan azaldu duenez. Pelikulak egiteko, Nemesio Manuel Sobrevila aukeratu zuten. Organigrama, Jose Maria Beltran zaragozar kamerografoak eta Eduardo Diaz de Mendivil propaganda arduradun jeltzaleak osatzen zuten.

Sobrevila bilbotarra, Bartzelonan eta Parisen arkitektura ikasi ondoren, hasi zen zinea egiten. Pelikularik ezagunena, “El sexto sentido” (1926). Interesgarria dela uste dut “La maravillosa cura del doctor Asuero” (1929), Fernando Asuero donostiar doktorearen sendaketa harrigarrien satira, baina pelikula hau Miguel Primo de Rivera jeneralaren diktadurak debekatu zuen, eta ez zen inon ikusi. Sobrevila 1935ean “La hija de Juan Simón” errodatzen hasi zen, Luis Buñuelen produktorea zela, baina bien artean istiluak izan ziren, eta azkenean Jose Luis Saenz de Heredia geratu zen pelikularen zuzendari (Luis Buñuel ez zuten fusilatu gero, kontatzen denez, Saenz de Heredia hau Jose Antonio Primo de Riveraren ahaidea zelako).

Sobrevila Parisen exiliatu zen eta Euzko Jaurlaritzarentzat hasi zen lanean.

 

«GUERNIKA» PELIKULARAKO MATERIALA

Gernikako bonbardaketaz eta euskaldunen erresistentziaz dokumentala egiteko orduan, dokumental ja egin batzuk erabili zituen. “Au Pays des Basques” (1930) dokumental frantseseko irudi batzuk hartu zituen. Beste dokumental baten pasartea ere erabiltzen da: “Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias”.

Euskal ume erbesteratuen irudiak Jose Maria Beltranek filmatu zituen seguru asko Ingalaterran, Belgikan, Frantzian.

Sobrevilak “Hearst Metrotone News” (hau William Randolph Hearst magnatearena eta Metro-Goldwyn-Mayer enpresarena zen) albistegikoekin negoziatu zuen. Robert Petiot frantsesa espres joan zen maiatzean Bilbora, bere filmazioen kopia bat “Hearst Metrotone News”-era bidaliko zuen eta beste kopia bat Euzko Jaurlaritzaren Parisko delegaziorako izango zen. Baina ejertzito frankistek ekainaren 18rako konkistatu zuten Bilbo, eta Petiot gerra irudi gutxirekin itzuli zen Parisera: baserritarrak gurdiekin ihesean, bonbardaketa alarma Arenalean, eta abar.

Baina inportanteena Ugartetxearena zen. Ugartetxearen irudiak ez ziren profesionalak, besteak baino kalitate gutxiagokoak ziren, dudarik gabe. Baina pelikulako inportanteenak izango ziren, han frogatzen zelako aire bonbardaketa izan zela, naziek egina, Francisco Francoren alde.

1937ko maiatzaren hasieran zaku baten barruan heldu ziren Euskal Gobernuaren Parisko delegaziora 18 bobina, AGFA markako 16 milimetrokoak positiboan.

«Guernika» filmetik ateratako fotograma batzuk. Euskadiko Filmategia

MATERIALAREN DESAGERTZEA

Ugartetxeak filmazioen gaia markatu omen zuen bobina bakoitzaren gainean. Bobina batean, bereziki, “Guernika” apuntatu omen zuen.

Pelikulak AGFA markakoak ziren eta AGFAko egoitzan errebelatze lana dohainezkoa zen (salmenta prezioaren barruan sartzen zen errebelatzea). AGFA enpresa alemana zen, eta gerra agerikoaz aparte zabaldua zen mundu guztira gerra ezkutua, baina bobinak errebelatzeko gauza zen beste laborategirik ez zuten aurkitu, eta, azkenean, errazera jo zuten, AGFAra.

Uztail hasieran AGFAk bobinak errebelatuta zeudela abisatu zien. Ugartetxearen pelikulak ikusteko elkartu ziren Sobrevila, Beltran eta Diaz de Mendivil AGFAren ofizinan bertan. Han daude, Gernikako irudiak noiz agertuko, eta, harritzen dira, hiri bondardatuaren imajinen ordez, Italiako paisaia turistikoak ikusten hasten direnean…

Ugartetxeari Parisera joateko eskatu zioten. Pertsonalki esplikatu zuen “Guernika” izenarekin markatu zuen bobina falta zela, haren ordez beste bobina bat zegoela errebelaturik Italiako paisaiekin. Bobina originalean zer eszena ikusiko liratekeen azaldu zuen: serorak komentu hondatu batean milizianoek hildako seroren gorpuak ateratzen zituzten artean, mediku bat bere klinikaren hondakinetan bere material kirurgikoa bilatzen, merkatua bonbardaketaren ondoren, zaldiak metrailaz hilak...

Gernikaz grabatutakoa, pasarte labur bat baino ez zegoen beste bobina batean errebelatuta. Hondakinak ikusten ziren, kea zeriela oraindik, baina segundo batzuk baino ez ziren.

EUZKO JAURLARITZA & AGFA AUZIA

Irudi horiek 16tik 35 milimetrora aldatu eta, bildutako materialarekin, dokumentala muntatzen zen artean, bobina galduari buruzko auzia hasi zen. 1937ko abuztuan aurkeztu zen auzi eskea tribunal frantsesetan. Euzko Jaurlaritzak AGFA enpresari eskatzen zion atzerapen egun bakoitzeko 5.000 frankoko indemnizazioa sei hilabetez eta, pelikula agertuko ez balitz, 200.000, kalteengatik.

Pelikula, Gernikako materialik gabe, laster egon zen prest: “Guernika”, 23 minutukoa, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko bertsioetan. Urriaren 15ean aurrestreinatu zen Parisen.

Bilboko prentsa burlaka hasi zen ja biharamunean. Ybarra familiaren “El Pueblo Vasco” egunkarian, urriaren 16ko artikulu izenburua da hau:

«Una película de magia: se impresiona en Guernica y se reproducen paisajes de Italia».

Gernika filmatu eta Italiako paisaiak proiektatu: nagusien ironia eta eskarnioa, menperatuen kontra. Gernika ihesean zihoazen miliziano gorri separatistek suntsitu zutela sostengatzen zuen oraindik Espainiako prentsak.

“Guernika” dokumentala, berriz, bonbardaketaren ia irudirik gabe aurkeztu eta zabaldu zen Paristik mundura. Espainia errepublikanoan, Madrilen, Valentzian eta Sagunton bakarrik ikusi zen. Katalunian askoz gehiago ikusi zen: Bartzelona, Terrassa, Castellar del Vallés, Tarragona, Reus, Mataró… Bertsio frantsesean, pelikularen titulua aldatu egin zen: “Au secours des enfants d’Euzkadi (Pays Basque)”. Parisen, Suresnes-en, Lyon-en eta Estrasburgon ikusi zen. Bertsio ingelesa Manu Sotak eta Antonio Iralak New Yorkera eraman zuten, eta handik Boise (Idaho), Winnemucca eta Elko (Nevada) aldera. Estatu haietan bizi ziren euskaldun asko hurbildu zen, Gernikatik urrutikoak ez ziren eta, pelikula antsietatearekin ikustera…

AMORE EMATEA ETA GERRA HANDIA

Epaitegirik epaitegi, AGFA konpainiak ostutako zintaren parte bat itzuli zuen. Eta indemnizazio bat proposatu zion Euzko Jaurlaritzari, denuntzia erretiratzearen truke. Jaurlaritzak ez zuen tratua onartu, Ugartetxearen grabazioa ebaki eta manipulatu zela jakinda, eta sabotajearen ondorioz filmazioaren planorik inportanteenak falta zirela.

1939ko abuztuan amore eman zuten euskaldunek, Gerra Zibila amaituta ja, eta gerra are suntsigarriago bat zetorrela. AGFA konpainiak, boteretsuen harrokeria eta gutxiespenarekin, 10.000 franko eman zizkien kalteordaintzat, bakea izateko.