Amaia Uribe
IRITZIA

Eskerrik asko, Pepe

Duela egun batzuk agurtu genuen Pepe Mujica. Iraultzaile lasaia, politikari apala, agintari soila, presidente umila. Egungo politikan kontraesankorrak diruditen ezaugarriak zituen. Sekula ez zuen botere goserik izan. Sekula ez zuen aberastu nahi izan. Sekula ez zen aldatu. Presidentearen etxean bizitzeari uko egin zion eta bere chacra maitean jarraitu zuen barazkiak landatzen eta oiloak zaintzen. Luxuzko autoetan barik, bere Volkswagen Beetle urdin argian ibiltzen zen. Eta hegazkin handiak baino gehiago erabiltzen zuen traktorea. Gerrillari, preso politiko zein presidente izan zenean, bere idealak eta baloreak jarri zituen erdigunean. Zen modukoa izaten jarraitu zuen eta, ezkerraren ikur ez ezik, politikaren ikur bihurtu zen mundu osoan.

Tamalez, salbuespena izan zen Mujica. Izan ere, gizarte honetan, boterea dutenek botere gehiago nahi izaten dute. Agintea euren mesederako erabiltzen dute. Eta karguarekin datozen luxu guztiak aprobetxatzen dituzte. Donald Trump da adibide argiena. Lehen zeukan dirutza nahikoa ez eta ahal duen etekin guztia ateratzen ari da bere agintalditik. Bere izena daramaten kriptotxanponekin 3.000 milioi dolarreko etekinak atera ditu eta pozarren hartu du Qatarrek oparitu dion luxuzko hegazkina. Baina ez da bakarra. Beste aldera joanda, Joe Bidenek semea indultatzeko erabili zuen kargua. Barack Obama, berriz, agintera iritsi zenean baino 40 aldiz aberatsagoa da.

Pepe Mujicak bere azken elkarrizketetako baten honakoa esan zuen: «Yo me dediqué a cambiar el mundo y no cambié un carajo». Baina bai. Berak uste zuena baino askoz gehiago aldatu zuen. Umiltasunez agindu daitekeela erakutsi zigun. Baloreak errespetatuz politika egin daitekeela frogatu zuen. Eta argi utzi zuen ez dela luxurik behar herrialde bat gobernatzeko. Trump gutxiago eta Mujica gehiago behar ditu munduak. Eta berak zeukan koherentziarekin eta umiltasunarekin diot: eskerrik asko, Pepe.