Jone Buruzko
IRUDITAN

Futbolaren Munduko Eguna

(Bettmann Archive/Getty Images)

Gaur, maiatzak 25, Futbolaren Munduko Eguna ospatzen da, munduko kirolik ezagunarena. NBEk duela urtebete sartu zuen zerrendan, egun horretan 1924ko Parisko Olinpiar Jokoetan historiako lehen nazioarteko futbol txapelketaren mendeurrena bete zelako. Hogeita bi talde lehiatu ziren, eta Uruguaik irabazi zuen. Masak eta milioika dolar eta euro mugitzen dituen kirol honek emakumezkoen kategorian ere XIX. mendean izan zuen hasiera. Esaten denez, Eskoziako Glasgow hiria izan zen 1892an emakumezkoen lehen futbol partida jokatu zen lekua; hiriko bi klub aritu ziren aurrez aurre, baina hitzordu hori ez dago behar bezala dokumentatuta. FIFAren agirietan eta garai hartako kroniketan esaten da 1894. urtearen amaieran sortu zela Britainia Handiko Ladies Football Club eta urtebete geroago jokatutako lehen norgehiagokan hamar mila ikusle bildu zirela Crouch End-en, Londres kanpoaldean, emakumezkoen talde aitzindaria bihurtuz. Halaber, gogoan hartzekoa da Emakumezkoen Futbolaren Nazioarteko Eguna maiatzaren 23an ospatzen dela. Eta aitzindari haietatik futbolari gehiago sortu ziren, testu hau laguntzen duen irudiak lekukotzen duen bezala. Baina gaurko egunez badira futbolari lotutako efemeride gehiago. Esate baterako, Argentinan, River Plate futbol taldea sortu zen 1901ean eta Boca Juniorsen La Bombonera estadio mitikoa inauguratu zen 1940an.