Futbola eta maskulinitatea
Gizonak. Gizon ingelesak. Gizon ingeles maskulinoak. Gizon ingeles maskulino mozkorrak. Gizon ingeles maskulino mozkor burugabeak. Zerrenda amaigabea egin dezaket duela aste batzuk Bilbon batu ziren Tottenham eta Manchester United-eko zaleak deskribatzeko. Baina deigarriena izan zen ia guztiak gizonak zirela.
Asko hitz egiten da maskulinitate mota berriei buruz baina, tamalez, Europa Leagueko finalean maskulinitaterik arkaikoenaren lekuko izan ginen. Etengabeko testosterona erakustaldia egin zuten batzuek. Besteen aurrean alfa arrak zirela erakusteko edo, semaforoak bere tokitik atera eta lepoan hartuta paseoan ibili ziren. Zentzurik gabeko borrokak ikusi genituen eta kazetari lanetan genbiltzan emakumeok, gogotik sufritu genuen.
Futbolaren munduak maskulinoa izaten jarraitzen du. Maskulinoegia. Homosexualitatea tabua da oraindik eta azazkalak margotzen dituen jokalariak irainak jasotzen ditu. Futbolak ez luke generorik izan behar, baina oraindik ere badauka eta eskoletan argi ikusten da hori. Nire semearen gelako mutil ia guztiak futbol ekipazioak jantzita joaten dira klasera. Jolasaldian, zelai guztia eurentzat hartzen dute futbolean aritzeko eta neskak bazter batean egon behar izaten dira dantzan edo jolasean. Eta mistoak izan beharko liratekeen futbol taldeetan neskak falta dira. Geroz eta emakume gehiagok jokatzen dute futbolera, baina oraindik ere gutxiengoa dira.
Kirol honi buruz ari garenean, hainbat balio etortzen zaizkit burura: talde lana, errespetua, diziplina, sakrifizioa, ahalegina, lehia sanoa, joko garbia. Indarkeriak, gorrotoak, harrotasunak, erasoek eta joko zikinak ez lukete tokirik izan behar. Eta sarritan pentsatzen dut futbol zelaietan eta harmailetan emakume gehiago egongo balira jarrera desegoki gutxiago ikusiko genituzkeela. Izan ere, ikusi ahal duzue inoiz emakumerik semaforoa bere tokitik ateratzen?
Imajinatuko duzuen moduan, nire semeak futbolean jokatzen du. Eta Europa Leagueko finalean gauza bakarra pentsatzen nuen: «Urte batzuk barru ez da nire semea izango kristalezko botilak botatzen dituena eta beste taldeko zaleekin borrokan dabilena, ezta?» Urduri jartzen hasi naiz eta banoa, semearekin (beste) elkarrizketa bat izatera.
No mirar arriba

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

Izaskun Ellakuriaga, Azoka hauspotu zuen emakume ekintzailea
