IRITZIA

Errepikapenaz

S. apurgarria,

Iragan dira auzoko jaiak, Ziburuko liburu eta disko azokan gauzatu da erabakitze eskubidea, hurrengo urteetan tenperaturak gora egingo duela dakar egunkariak, “Adolescence” telesaila burutik kendu ezinik jarraitzen duzu, osasun-etxea baliabidez janztearen aldeko mobilizaziora deitu dute hurrengo astean, haurrek oporrak hartuko dituzte, uda betiko izatetik betiko uda izatera noiz igaro zen kalkulatzen saiatuko zara eta, ezinbestean, ezin izango diozu iazko zutabeek aurtengo balio duten konprobatzeko tentazioari eutsi. Iazko izkribu bat berrargitaratzen ausartu behar zenuke, indiferentziaren urmaelera harlauza bat bota eta zure itzalpetik, “Maurizia. Biziminaren hotsa” irakurtzen duzun bitartean, uhinei begira egon. Nor konturatuko litzateke? Nori inportako litzaioke? Prentsa ez al dago urtero errepikatzen diren artikuluz gainezka? Zer da adimen artifiziala errepikaren errepikaz eraikitako jakintza ez bada? Jolasaren aldeko aldarria izango litzateke, nagikeriaren apologia edo, halabeharrez, beste aldean norbait dagoela baieztatu nahi duenaren suzko froga. Zuri ere gustatzen zaizkizu loreak, zure bidetik desbideratzen zaituztela badakizun arren. Zu ere laketzen zara isiltasunean, zuk nahi duzuna esanarazten diozunean.

Ez zenuke inor engainatuko, agian. Urteak dira zure burua baizik tronpatzen ez duzula. Zepoak behin eta berriz funtzionatuko luke, beharbada. Inor ez dabil errepikapenaren letanian epifania baten bila, ziria nork sartzen dion ikertzeko gogo eta astirik gabe bere zereginetara emanda bizi da jendea eta, batez ere, ez zara hain inportantea. Ez dakit nola ez zaituen zure egoak lotsarazten. Zure egoaz, haserreaz ala erruaz hirugarren pertsonan mintzatzea zure burua arduragabetzeko manera bat besterik ez da. Botereari uko egiteak dakar ardura, ardurari muzin egiteak boterea. (Biribilegi geratu zaizu azken esaldia.) Dena errepikatzen den sentipenak ez du dena errepikatzen denik esan nahi. (Ez zeneukan biribilegitik karratuegira pasa beharrik.) Ez ahaztu astelehena izango dela bihar, mendi lasterketak eta podcastak abiadura berean ugaritzen diren aroan bizi zarela, liburu berriak baino zaharrak berrirakurtzea nahiago dutenen adinera hurbiltzear zaudela eta zutabe zahar bat berritzen maiztu dituzula hitzok. Baina, hala ere, udako tomateen mailan egon nahi zenuke, betiko eta errepikaezin.