Olimpo Nômade,arkitektura efimeroa
Udarekin batera, jendetza batzen duten ekitaldiak izaten dira nonahi. Horien artean entzutetsuak bihurtu dira musika jaialdi erraldoiak. Baina zein paper betetzen du kasu horietan arkitekturak? Musika jaialdietan parte hartzen duten artistentzat sortutako hiri ibiltaria da Olimpo Nômade.

Badator uda, eta horrekin batera beroa, eguraldi ona, egun luze eta argitsuak, eta, nola ez, musika festibalak. Urtero milaka pertsona biltzen dituzten ekitaldi handi horiek antolakuntza konplexua dute atzean, eta horiek posible egiteko, begien bistatik kanpo geratzen diren azpiegitura efimero erraldoiak martxan jartzen dira, egun gutxian eraiki eta desmuntatu behar izaten diren kanpamentuak.
Arkitektura efimeroaren paradisu honetako eraikuntzek hainbat baldintza nagusi betetzen dituzte. Lehenik eta behin, muntaketaren eta desmuntaketaren azkartasuna eta erraztasuna ezinbestekoak dira, egitura hauek eraikitzen edo kentzen igarotzen den denborak ez baitu inolako etekinik sortzen. Horrez gain, pieza hauek guztiek konpaktuki bildu eta garraiatzeko modukoak izan behar dute, horiek berrerabiltzea bermatuko duen funtsezko faktoreetako bat baita hori. Azkenik, ekitaldi hauetako asko energia eta zerbitzu azpiegitura eskaseko kokalekuetara eramaten direnez, erabilitako soluzioek arinak, autosufizienteak eta kondizio aldakorretara moldagarriak izan behar dute.
Horregatik, azken urteetan protagonismo gero eta handiagoa hartu dute arkitektura puzgarriek, ehunezko egiturek eta aldamioetan oinarritutako eraikuntzek, testuinguru hauetan. Izan ere, ekitaldiak klimatologia ona den garaietan egiten direnez, ez daukate exijentzia termikorik, ezta iraunkortasun aldetik eskakizun zapalgarririk ere. Hala, klimak ezartzen duen presiorik gabe, arintasunari eta malgutasunari lehentasuna eman dakieke.
Gainera, ez dezagun ahaztu musika festibalak arte demostrazio bat direla, emozioz eta intentsitatez beteriko ekitaldiak. Honenbestez, funtzionaltasun hutsa gaindituta, egitura hauek sormen adierazpen bihurtzen dira, ingurune eszeniko indartsuak sortzeko eta publikoaren emozioak pizteko gaitasuna duten artefaktuak.
Horren adibide ikusgarri bat da Langarita-Navarro arkitektura bulegoaren proiektu hau.
Olimpo Nômade musika jaialdi bateko artistentzat diseinatutako hiri ibiltaria da. Backstage hau musikaria emanaldi baten aurretik prestatzeko eta saioaren ondoren bere kideekin tentsioa askatzeko espazioa da. Hiri arina, tolesgarria, garraiagarria eta galaktikoa da, eta, hedatzen den tokian, esperientzia gogoangarrien eta topaketa mitikoen euskarri izateko pentsatuta dago.
Instalatu zen lehen aldian, Portugalgo Algarven, Portimãoko hondartzaren gainean zabaldu zuten. Palmondo eta arrantza sareen bidez, harearen gainean atsedenerako eta jolaserako oasi bat sortu zuten, eguzkitik babestua.
Eraikuntzei dagokienez, hiru elementu nagusi altxatu ziren: erroskilla tenkatua, aire burbuilak eta ispilu-kuboa.
Erroskilla tenkatua 500 metro koadroko egongela bat da. Elementu honen egitura ikusten den azal zuri eta jarraitua bera da, airez betetzen denean puztu eta tenkatzen dena; barne espazio handi bat sortzen da. Geometria garbi hau zeharkatuz, zilindro eta prisma hori handi batzuk agertzen dira, ate-esklusa moduan funtzionatzen dutenak, espazioa presiopean mantentzen dela bermatzeko eta ez erortzeko.
Aire burbuilak musikarien kamerinoak dira. Horietako bakoitza tamaina ezberdineko bi anpuluz osatuta dago; bata jantzigela da, eta, bestea, lagunekin eta taldeko kideekin eszenara irten aurretik dibertitzeko espazioa. Sabaian zerura irekitako hutsune garden handi bat dute, barnetik, paisaia ikusteaz gain, ekipoari distantziatik seinaleak egiteko balio duena.
Ispilu-jauregia kartel-buruentzako kamerinoak dira. 9 x 9 x 9 metroko aldamio egituraren gainean jasotako ispiluzko ontzi perfektu hau, fatxadako islei esker, bere eremuan desagertzen da. Gainean daukan begiratoki pribatuak, moketa urdinez forraturikoak, eszenatokiaren aurrean gertatzen ari dena ikustea ahalbidetzen die artistei, eta aldi berean, kanpotik begiratzean, hegan dauden itxura ematen diete, laino artetik agertu diren jainkoak balira bezala.
Proiektu honen bidez, Langarita-Navarro arkitektura bulegoak azpiegitura eramangarri, arin eta bilgarri bat sortu du, edukiontzi gutxitan garraiatzeko modukoa, eta monumentaltasun kutsu baten bidez urtez urte estetika erakargarria mantentzeko gai dena. Olinpo eramangarri bat, jainko garaikideentzat.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
