Aitor Maiza Apezetxea / Salto training
KIROLA

«Overstride»: korrika egitean, akatsetako bat

(Getty Images)

Azken hamarkadetan running fenomenoak izandako gorakadak jende ugari erakarri du kirol honen onurez gozatzera. Ziurrenik, gehienon kasuan bezala, korrika egiteko zapatilak jantzi eta pixkanaka kilometroak gehituz hasi izango dira korrikalari berri horietako asko. Azken finean, denok dakigu korrika egiten, ezta? Azkarrago ala polikiago baina denok prestatuta gaude korrikarako, ezta? Bada, kontuz, gizakiontzat mugimendu patroi natural bat izanagatik ere, ez du esan nahi denok korrika ongi egiten dugunik, edo gure egiturak horretarako prestatuta daudenik. Gaur, beraz, korrikako teknikan gertatu ohi den fenomeno baten inguruan hitz egingo dugu, “overstride”-az hain zuzen ere.

Korrikalari batek, lurreratzeko unean, oina grabitate zentrotik aurreratuegi jartzen duenean gertatzen da overstridea. Aireko fasea amaitu eta bermatze fasea hastean, oina gorputza baino askoz aurrerago erortzen da. Ondorioz, kolpe indarra areagotzen da artikulazioetan, bereziki belaunetan eta orkatiletan, zankadak dakarren indar hori geldiarazteko, gure artikulazioak desabantaila mekanikoan egongo baitira.

Fenomeno honi lotutako arriskuak askotarikoak dira. Ohikoenen artean gainkargagatiko lesioak daude, hala nola belauneko tendinitisa, oinetako fasziitisa, Akilesen tendoietako lesioak eta estres hausturak. Gerrialdean eta aldakan ere lesioak eragin ditzake, kargen banaketa desegokiagatik edo hauek jasateko gaitasun faltagatik. Gainera, lasterketa ekonomia ere murriztu dezake, gorputzak energia gehiago gastatu beharko baitu, teknika desegoki hori konpentsatzeko.

Overstride hori saihesteko, komeni da lasterketa teknikan lan egitea, oinak lurra eraso dezan eta lurreratzea grabitate zentroaren azpian eman dadin. Core-a, teknika eta indar entrenamendu espezifikoak burutzeak ere lesioen prebentzioan eta errendimenduaren hobekuntzan onura handiak ekarriko dizkigute.

Laburbilduz, overstride abiadura handitzeko modu bat izan daitekeen arren, onurak baino kalte gehiago ekar ditzake. Honenbestez, gure gorputzeko egiturak eta gure korrikako teknika espezifikotasunez entrenatu beharko dira, urrats bakoitzaz gehiago gozatzeko eta denbora luzez korrika jarraitu ahal izateko.