Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
AZKEN HATORTXU ROCK

Agur, Hatortxu

Hatortxu badoa. Ibilbide luzea eginda, hari bat ongi tenkatuta, badoa. Datorren asteburuan ekingo dio azkena izango den edizioari, baina aurretik bere historiari errepasoa eman nahi izan diogu, antolakuntzan modu ezberdinetan aritu diren eta dabiltzan lau lagun Lakuntzako kaleetan elkartuz. Helburua, hainbat galderari erantzutea: zergatik jaio zen Hatortxu? Zergatik amaituko da? Zer eman du bideak?

(Hatortxu Rock)

Behar bati erantzunez. Behar oso handi bati. Honela jaio zen Hatortxu Rock. 1999an 500 euskal herritar zeuden espainiar eta frantziar Estatuetako espetxeetan urrunduta. Horren aurrean antolatzen hasia zen euskal gizartea, eta esparru berri batean bidea ireki nahi izan zuten. Musika jaialdi baten bidez, dispertsioaren salaketa egin, oihu hau espazio berrietan zabaldu eta, ahal zen neurrian, egoera honek euskal preso politikoen senideengan sortzen zuen zama ekonomiko handia arindu. Ekimen berri bat dispertsioaren mapa desegiteko. Helburu hori beteta, beste batzuk ez, «agur» esanen du uztaileko azken asteburu honetan jaialdiak, «osasuntsu» dagoela ulertuta, baina formula berriei bide eman behar zaiela ulertuta. Eta guztia emozioz eta elkartasunez blaituta. Azken emaitza ikusteko badago ere, bidea egina dago.

Uxue Royo, Oihan Ekiza, Ainhoa Bueno eta Jon Patxi Arratibelekin egin dugu hitzordua. 1999an egin zuten jaialdiaren lehen edizioa. Ekizak urte bat zuen, eta Bueno, aldiz, oraindik jaio gabea zen. Arratibel eta Royo bai, egon ziren Berriozarko frontoi hartan, orduan ikusle gisa, 20 urteren bueltako gazteak zirela. Azken bi horiek laster sartuko ziren antolakuntzan. «Herritik tokatzen zitzaigun txanda egitera joaten ginen, eta gero, Askatasunan liberatua izan nintzen, eta Hatortxurekiko orduan hasi zen harreman desberdin bat, arazo edo behar desberdinei aurre egiteko harreman bat sortu zen egituratik», azaldu du Etxarri-Aranatzen jaiotako Arratibelek. «Zubi lan hori egiten hasi nintzen eta ordutik hemen gabiltza», dio ekimeneko koordinatzaile denak.

Royok ere bigarren edizioan egin zuen bere lehen txanda. «Ama izan nintzen arte nahiko modu aktiboan, eta gero aldizka (parte hartu dut). Lantalde askotatik eta txanda mota askotatik pasa naiz, eta talde motorrean ere egon nintzen», dio Lesakan bizi den eta irakasle gisa lan egiten duen iruindarrak.

Ekizak, ordea, ikusle gisa du gogoan Hatortxurekiko lehen harremana, 15-16 urterekin, eta 2017an egindako 20. edizioan sartu zen antolakuntzan. «Gasteizen ikasten nengoen eta dei bat jaso nuen, laguntza behar zuten bertan saltzen ziren sarrerak kudeatzeko. Esan zidaten ez nintzela inoiz bilera batera joan beharko. Eta gaur arte...», kontatu du, irribarre bat ahoan, latin irakasleak.

 

Bere alea jarri duten 30.000 lagun inguru pasatu dira jaialditik. (Hatortxu Rock)

Abaurregainan sortu zen Bueno duela 23 urte, eta 2020an hasi zen Hatortxun modu aktiboan parte hartzen, jaialdia pertsona guztiontzako gune segurua izan behar dela sustatzen eta hori bermatzen saiatzen den lantaldean.

Jaialdiaren lehen bi edizioak Elkartasun Kontzertu izenpean antolatu ziren, baina hirugarrenean jaso zuen gaur arte iraun duen Hatortxu izena. Ez zen gehiegi pentsatutako prozesu bat izan. Egun hainbeste erabiltzen den brain storming prozesurik ez zen egon. Pankarta bat egitean, bertan agertzen zen jaialdiaren ikur izan den panpina. Batek panpinari izena jarri beharko zitzaiola proposatu zuen; batek «Hator… txu» bota, eta besteek amen. «Gogoratzen dut izena arraroa iruditzen zitzaigula. Guk flipatu egin genuen», dio Arratibelek. Hala ere, «maitatzen ikasi» dutela onartzen du.

Bide beretik doa Royo. «Niri hasieran iruditzen zitzaidan ridikuloa, ñoñoa. Beste zerbait potenteagoa behar zela iruditzen zitzaidan. Garai oso gogorrak zirelako, oso latzak. Baina funtzionatu du». «Izena egin egiten da», gehitzen dio Arratibelek.

Marketin estrategia handirik ez zegoela ulertu daiteke bertatik, baina mezu oso sakon bat gordetzen zuen jaialdiak, bai izenean, bai datetan. Izan ere, Gabon garaian egin izan ohi da. «Aulki hutsak zeuden Gabonetan etxeetan. Egin dezagun hau, bada, data hoberik ez dago hau salatzeko. Eta berez hori oso potentea da. 500 preso baino gehiago zeuden. Jaialdiak, horregatik, berehala hartu zuen atxikimendu hori», hausnartzen du koordinatzaileak.

Euskal Herriaren historian oso une berezian jaio zen Hatortxu. Lizarra-Garazi hitzarmena sinatu eta urtebetera antolatu zen lehen aldiz. Akordioa hautsi eta hilabetera egin zen aurreneko edizio hura. «Askatasunak sortu zuen, orduko eragile politikoak, eta harrapatu zituzten Iker, Endika, Gipu, Montoia eta beti musikarekin bueltaka zebiltzan beste batzuk. Jaialdi bat egiteko proposamena luzatu zieten eta hauek baietz esan zuten. Hala hasi ziren», azaltzen du Arratibelek.

 

26 urte hauetan, auzolanak egin du posible jaialdia mantentzea eta haztea. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Frontoi batean abiatu zen abentura hau, beteranoenen oroimenean, «akustikoki espeluznantea» zen ekitaldian. Baina hori gutxienekoa zen. Bertan egoteko beharra zegoen.

Buenok zein Ekizak, aldiz, Atarrabian ezagutu dute jaialdia. Izan ere, bertan antolatu da azken 15 urteetan, Lakuntzako edizio bereziak alde batera utzita. Garaiak ez bizi izanagatik, jaialdiaren jaiotzaren inguruko arrazoien inguruan duten ezagutza jakin nahi izan dugu. «Hausnarketa bat egin zutelako momentu horretan egon zitekeen beharraren inguruan. Jende kopuru oso altu bat zegoen kartzelan eta horrek sortzen zituen behar humano, politiko eta ekonomiko batzuk, eta beraz, bazegoen horri ekarpen bat egiteko beharra. Momentu horretan, eta gaur egun ez bezala, bazen zerbait ezohikoagoa. Orduan ez zen ohikoa aisialdi espazio bat eskaintzea, funtzio ezberdinak bete zitzakeena», dio gazteenak. Eta bere bizipenetik ere ondorioztatzen du: «Ez dakit lehenengo helburua hori izango zen edo ez, edo ostera joango ziren konturatzen, baina horrek ere bete du transmisio funtzio bat belaunaldi berriekiko».

Hau da Ekizarentzat ere lorpen handienetako bat. «Presoen gaiarekin harreman zuzena izan ez duten gazte asko erakarri ditu. Nik ez dut presorik ezagutu. Ezagutu ditut jada kalean eta jada adin batekin, 18 urtetik aurrera ezagutu ditut errealitate horiek».

Transmisioa, beraz, bere pisu politiko guztiarekin, badu jaialdiak bere irabazien zerrendan. Baita alor ezberdinetatik zetozen hainbat lagun bertan lanean elkartzea ere. Are gehiago, Hatortxu askorentzat izan da lehen esperientzia militantea. Eta horretan ere hainbat faktore egon direla uste dute antolakuntzako kideek. Alde batetik, emaitza «ukigarria» duela jaialdiak. Hau da, hilabete batzuetan aktibatu eta jaialdiaren egunean lortutakoa ikus zitekeen. «Ikusten duzu egiten duzula eta badituzula emaitzak. Momentuan. Ez da beste askotan bezala; borroka, borroka eta borroka, eta ostera, zeure buruari galdetzea ea zerbait mugitu ote garen», dio Arratibelek.

Emaitza horiek eta jaialdiak berak transmititzen duen giro ona ere nabarmentzen dituzte, baita horrek guztiak sortzen duen komunitate izaera ere. Hala sentitu du behintzat Royok. «Lesakara bizitzera joan nintzenean eta gero Hatortxura bueltatzean, urtez urte, etxera bueltatzen nintzen».

500 preso ingururekin abiatu zen jaialdia, bai, baina okerrera ere egin zuen zifra horrek, 1.000ren bueltan ibiltzeraino. «Bagenituen lagun pila kartzelan. Gehienak dispertsatuta zeuden eta gure asteburuko aisialdia askotan izaten zen bisitetara joatea. Eta gaur egun, garai hartan bisitatzen genituen lagunak gurekin daude. Gehienak, ez denak» nabarmentzen du Royok.

Hatortxuk berak une oso latzetan bizirautea lortu du. Batzuetan, bizi izan den gatazka kontuan hartuta, azaltzen zaila da antolatzaileentzat ere. Baina aurrera egin du. Hori bai, errepresioa ere pairatu du. Besteak beste, 2011n Arratibel bera atxilotua izan zen. Guardia Zibilak eraman zuen, «Hatortxuren bilera bat eta gero», gogoan duenez. «Unerik gogorrena» bezala gogoratzen du Royok; izan ere, «bagenekien zer gertatuko zitzaion». Etxarriarrak torturaren aurkako lelo gisa geratu den «aztnugaL» hitza idatzi zuen torturapean sinatutako deklarazioan.

 

Lakuntzan egin zen lehenbizikoa, 10.a. (Jagoba Manterola | FOKU)

MAHAI BATZUK, LEHEN URRATSA

Jaialdiak eboluzio nabarmena izan du. Bai kanpora begira, eta baita, noski, barne mailan ere. Hasieran lau lagun zeuden antolaketa guztia egiteko eta jaialdiko datak gerturatu ahala txanda beharrak helarazten zizkioten Askatasunari, herriz-herri beharrak banatzeko. Baina tirabira batzuk sortzen hasi ziren, egitura politikoaren eta antolatzaileen erritmo ezberdinak tarteko. Arratibel sartu zen, beraz, zubi lan horiek egiteko. «Aurkitu nuena izan zen lau pertsona dena ematen eta barra kudeatzen, lantaldea, besterik ez».

Mahaiak behar baziren, Iruñerriko herri eta auzoei eskatzen zitzaizkien, aulkiekin gauza bera. «Desastre bat» du gogoan etxarriarrak. «Hasi ginen pixkanaka hori aldatzen eta dirua gastatzen ere. Adibidez, eskatu beharrean 30 mahai bati, 10 beste bati... hasi ginen mahai batzuk erosten. Hori izan zen lehen erosketa. Eta gero pixkanaka joan gara. Batzen genuen dirua hiru zatitan banatzen genuen: bat laguntzeko, beste bat erresistentzia kutxa baterako, denok baitakigu zer arrisku zeuden orduan, eta hirugarren zatitxo bat zerbait erosteko. Horrela joan ginen pixkanaka hazten, antolatzen eta lantaldeak sortzen».

Asko hazi da Hatortxuren egitura. Are gehiago, lantaldeen eginbehar nagusietako bat izan da urtero, antolaketa lanak egitearekin batera, kide berriak erakartzea. Eta horretarako, profilen bilatze kontziente bat egon da. Hau da, argindarrarekin elektrikariak, sukaldean sukaldariak, barran tabernariak… Egun 100 pertsona inguru modu egonkorrean batzeraino, 15 lantaldetan banatuta.

 

(Hatortxu Rock)

AUZOLANA, FORMULA ETA ALTXORRA

Auzolana, alde batetik, galtzen ari den herri tresna bat da. Beste batzuetan, aldiz, arinegi erabiltzen den hitza. Baina Hatortxuk lanketa berezi bat egin du beti eta horri esker mantendu ahal izan da. Herri batzuetan oraindik bizirik dago, baina hiri eta ekimen handietan oasi bat dira halako ekintzak. Hala ere, Buenok boluntariotzaren eta egiteko beharraren arteko hausnarketa bat utzi du.

«Artelana deitzen diogu Abaurregainan. Ekarpen bat da, baina gurean ez da guztiz borondatezkoa. Komunitate batek bere herriarekiko eginbehar batzuk dituela sinetsita gaude, eta uste dut egin daitekeela konparaketa bat. Zuk ulertzen duzu badugula zeregin bat. Borondatezkoa bai, baina ulertzen dugulako hori dela momentu honetan gure egitekoa. Eta uste dut polita dela, edo potentea. Hatortxun milaka pertsonak sentitzea ere eginbehar bat badutela. Uste dut erroan badagoela zerbait oso potentea», dio gazteak.

2017an egindako jaialdiaren 20. edizioa izan zen lehen auzolan ariketa erraldoia. 6.800 txanda inguru bete behar izan ziren. Une horrek, gainera, auzolanaren eta militantziaren beherakada batekin egin zuen topo. «Hor hasi ginen auzolanaren mezua zabaltzen eta indar guztiekin bultzatzen. Orain hamar urte igaro dira ia eta jarraitzen du berdin. Edo okerrago dago eta guk jende gehiago behar dugu», dio barrezka Arratibelek. Baina errealitatera itzuliz, lanketa berezi hori Hatortxutik harago herri eta auzoetan sustatu behar dela iritzi du. «Bestela gizartea ez dugu ezer aldatzen. Eta behar baldin badugu gizarte aktibo bat, erabat desberdina, indibidualismoaren aurka egin nahi duena, bere kabuz pentsatu nahi duen gizarte bat, behar dugu auzolana bai edo bai. Edozertarako».

 

2017-an egindako 20. edizioa. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Eta izaera berezi hau ez da haiekin lan egiten duten musikari edo enpresen begietatik ezkutatzen. Royok urtero lan egin behar zuen musika taldeekin. «Haiekin hitz egiten nuenean, batzuk Euskal Herritik kanpokoak zirenean, flipatu egiten zuten». Eta gonbita hartu du Arratibelek Irlandara mezua bidaltzeko. «Kneecap taldeak jakingo balu zer galdu duen... Bota diegu amua etortzeko, baina BBK Live jaialdira joango dira. Hemen egongo balira, zer pentsatuko lukete? Bale, ez dugu diru askorik kobratuko. Baina hainbeste milaka pertsona lanean ikustea proiektu baten alde kobratu gabe...».

«Berezi egiten gaitu», gehitu du Ekizak. Enpresei ere berezitasun hori behin baino gehiagotan azaldu behar izan zaie. Izan ere, kostatzen zaie informazioa antolakuntzako edozeinekin partekatu dezaketela ulertzea.

Eta altxor hori motor gisa hartuta joan da jaialdia hazten, kolpe bakoitzetik ikasten eta aldatzen. Kokapen politiko bat dago, 1999tik mugitu ez diren hainbat gauza daude. Baina eboluzio bat egon da jaialdiaren formetan. «Hatortxu gizartearen isla da», Ekizak dioen moduan, eta Arratibelek uste du hemendik hogei urtera atzera begiratzen duenak ere deigarriak egiten zaizkion hainbat gauza ikusiko dituela 2025eko jaialdian, ezinbestean.

Lehen, kritikak eta barne eztabaidak taula gainean zeuden talde euskaldunen presentzia urriaren ingurukoak ziren. Orduan ez zegoen jaialdiaren inguruko ikuspegi feministarik. Eta gerora, hortik etorri ziren kolpe handienak. «Gogoan daukat komunikazioa kudeatzen nuenean sare sozialak ia ez zirela existitzen. Facebook bat genuen eta kartela iragartzen genuenean egurra ematen ziguten, baina leku guztietatik emakumeen presentzia ezagatik», kontatzen du Royok.

«Igual ez da hainbeste aldatu», ñabartzen du Buenok. «Ez ginen kontziente», hartzen du hitza berriz Royok. «Gu ere feminismoan janzten joan garen heinean, Hatortxu ere halaxe joan da. Igual zuek horrekin jaio zarete, baina gu ez». Eta bai, asko hausnartu du horren inguruan Lesakan bizi den iruindarrak. «Lesakara etorri ziren Hatortxuren aurkezpena egitera eta hau komentatu nuen Ibonekin, antolakuntzako beste kide batekin. Kamerinoko arduradun guztiak emakumeak ginen eta eszenatokiko arduradun guztiak gizonak. Eta ez ginen kontziente. Hemen gauza inportanteak gizonek egiten dituzte eta zaindu eta zerbitzatu emakumeok egiten ditugu».

Oraindik hobetzeko «gauza asko» badago ere, zorionez beste asko aldatu egin dira. Jende askoz gehiago dago antolakuntzan eta, batez ere, askoz emakume gehiago. Buenoren hitzetan, Hatortxu «ez da irla bat», eta «jendarteak dauka eragina». «Hatortxu osatzen dugun askok parte hartu dugu beste espazio batzuetan. Horrek eramaten gaitu beste mugimendu batzuetan egiten diren hausnarketak Hatortxun irudikatzeko anbizioa izatera. Eta hori izan zen feminismoarekin gertatu zena, adibidez. Eztabaida espazioei dagokienez, protokoloen beharrari dagokionez, protokoloak gainditzeko beharrari dagokionez, feminismoa ez dadin izan bakarrik erasoei erantzun bat. Eta orduan, horrek guztiak bustitzen du Hatortxu. Uste dut, gerora, Hatortxuko esperientziak ere bustitzen dituela beste mugimendu sozial batzuk. Eraikitzen da eredu bat guk eraman dezakeguna beste eskala batera, gure herrietara, gure auzoetara, gure beste antolakunde batzuetara. Elkarreragin horrek, Hatortxuren eta beste eragile batzuen artekoak, egiten du joatea bonbeatzen eta aldatzen. Izan daiteke feminismoarekin, baina izan daiteke eszena musikalaren aldaketarekin, edo izan daiteke, ez dakit, iruditeriarekin eta komunikatzeko moduarekin».

 

Azken hau, Atarrabian. (Idoia Zabaleta | FOKU)

AGUR ESATEKO UNEA

Eta bide guztiek bezalaxe, honek ere bere amaiera topatu du. Edo topatuko du. Uztailaren 27ko iluntzean itzaliko da Hatortxu. «Inoiz hartu dugun erabakirik zailena da, dudarik gabe», dio koordinatzaileak. «Ez daude denak etxean. ‘Hator, hator, neska-mutil, etxera’ izan da gure leloa, eta ez da bete», onartzen du. Hala ere, ospatzeko motiborik badela sinetsita daude, errealitatea asko aldatu eta gero, dispertsioa bera amaitu eta gero.

«Ulertzen baldin badugu jaialdia bera dela tresna eta ez helburua, ez du zentzurik, garaiak aldatu direla ikusten baldin badugu, beharrak aldatu direla identifikatzen baldin badugu. Bide oso bat egin da eta jakin behar da garaipenak ospatzen ere», dio Buenok. «Dispertsioaren aurkakoa den jaialdi batean dispertsioa amaiarazi dugunean, hori ospatu egin behar da».

Erabakiak barruak mugitzen dituela onartzen du, baina iritzi dio «emozionalagoa» izan behar dela, hau da, «lortu dugula fase bat edo kapitulu bat aldatzea». Eta igual beste zerbait planteatu behar da orain. «Oso lotuta dago epikak eraikitzeko abiapuntuarekin, eta oso epikoa izan beharko litzateke kokatu ahal izatea kapitulu baten aldaketan».

Hatortxu, tresna gisa ulertuta, «oso-oso osasuntsu» dagoela baieztatu du Arratibelek, baita etorkizunerako proiekzioa izan zezakeela ere, bai azpiegitura aldetik, baita lan egiteko moduei begira ere. «Baina helburua agortua ikusten genuen, eta gaur egungo errealitateak geroz eta urrunago zihoazen heinean, ikusten genuen publikoaren atxikimendua ere ahultzen ari zela».

 Erabakiaren damurik ez dagoen arren, alde emozional horrek pisu handia dauka oraindik. Eta, ziur asko, izango du datozen aste eta hilabeteetan ere. Royok iltzatuta dauka albistea jakin zuen unea. «Kristoren inpaktua izan zen niretzat. Suposatu duen guztia, bai pertsonalki, bai Euskal Herri mailan. Guretzat ona da baita ere etapa baten amaiera. Baina mugitu ninduen, asko. Eta gero, galderak egiten dizkiot neure buruari. Zergatik? Azkenean, gure bizitza osoa izan da».

Baina antolakuntzatik argi dute. Atzera begiratzea saihetsezina baldin bada ere, garrantzitsua da aurrera ere so egitea. «Oraindik ez daude denak kalean. Guk esaten genuen denak kalean egondakoan egingo genuela azken Hatortxu handi bat. Baina nik behintzat uste dut, tresna ongi baldin badago ere, ezin dugula jarraitu jarraitzeagatik eta bukatu, hasi ginen lekuan, hau da, frontoi batean, 200 zahar elkarturik. Nik aurreikusten nuen halako bukaera jarraitu bat izanez gero, gero eta jende gutxiago etorriko zela, ez duelako logikarik gaur egungo errealitatearekin». Baina ez da horrela izango. Azken hatsa Lakuntzan emango du, memorian iltzatu nahi dituzten lau egun eta gau bizituta.

Antolatzaileak «harro» agertu dira Hatortxuk gaur egungo musika eszenan bizirautea lortu duelako. Eta «ilusioz beteta» eginen diote aurre azken asteburuari. «Hatortxu amaitzeko, eta uzteko tresna hori, bide berri bat egin dezan. Beste 20, 25 urte. Nik ikusten dizkiot kristoren aukera pila etorriko denari».

Hari eroale bat mantendu du elkartasun jaialdiak 26 urte hauetan, forma eta molde berriekin. «Astelehenean jarraituko dugu lanean. Denak etxera ekarri arte. Baina bitartean, zergatik ez dugu ospatu behar dispertsioa amaitu dela? Asko kalean daudela?». Hau izango da, beraz, azken Hatortxu Rock, datorren ostegunetik aurrera, Lakuntzan. Agur ospakizun erraldoi bat.