Ate bat zabalik, diaspora bizi baterako
Euskal diaspora garrantzitsua izan da Euskal Herrian. Joan den mendean sona handia izan zuen, baina bizirik mantentzeko gazteak behar ditu. AEBko gazteak euskal lurrari lotzeko asmoz sortu zen Ateak Ireki programa, eta aurten 33 lagunek parte hartu dute. Ate bat ireki da diasporatik euskal lurretara, eta alderantziz.

Munduko mapa hartu eta Estatu Batuetako Washington hiriaren eta Euskal Herriko Lazkao herriaren artean marra zuzen bat eginez gero, zazpi mila kilometro inguru daude. Ez dirudi asko, baina ozeano oso bat zeharkatu behar da. Bidaia hori egin dute Estatu Batuetako 33 gaztek, uda hasieran etorri eta abuztuarekin batera egin dute etxera buelta. Washingtongo biztanle askok jakingo ez luketen arren, beraiek badakite Lazkao mapan kokatzen, Goierriko familiek apopilo hartu baitituzte.
Tolosaldeko herri txiki bateko baserri batera euskara ikastera joandako gazte donostiar baten istorioa kontatzen du Joxean Sagastizabalen “Kutsidazu bidea Ixabel” nobelak, eta ondoren egindako filmaren bertsio HBOtarra izan zitekeen istorio hau ere, Donostiako gaztea Renokoarengatik aldatu eta Tolosaldea Goierrigatik aldatuz gero, baina ez da hala.
Ateak Ireki programarekin etorritako gazteak dira hemen protagonista. Ekainaren 28an iritsi ziren eta uztaileko azken hondarretan joan dira. Baina hau ez da lehen edizioa; izan ere, 2020an sortu zen Ateak Ireki programa, Batzen elkartearen babespean ekimeneko koordinatzaile den Ander Elorduik azaldu duenez; 2023an iritsi ziren lehen gazteak, eta orduz geroztik urtero 30 gaztetik gora etorri dira Euskal Herrira, bertoko kulturan sakontzeko amoz.
Ohiko truke programa batek bildu ditzakeen osagaiak ditu, errezeta bera da, baina gazteek duten lotura emozionalak edo identitarioak beste dimentsio bat eman ohi dio egonaldiari.
Errezeta: hiru astez gazte estatubatuar bat euskal familia baten etxean biziko da, egunean zehar gainerako gazteekin euskara klaseak, euskal kulturan murgiltzeko tailerrak eta ibilaldiak eginez.
Euskal diasporaren inguruan asko hitz egin izan da gure herrian, funtzio jakin bat bete izan du; baina, testuingurua aldatu denez, diaspora elikatzen jarraitzeko bideak ere aldatzen ari direla uste du Ateak Ireki programak: «Euskal diaspora bizirik dago. Euskal Etxe asko daude, Estatu Batuetan zein Kanadan daude gehienak, eta Batzen elkarteak gazte hauei Euskal Herrira etortzeko aukera eman nahi zien, eta hiru astetan euskal kulturan murgildu eta bertako familiekin sarea sortzea».
Lazkaon egin dugu hitzordua egungo euskal diasporako kideekin, Maizpide barnetegian, astean zehar bertan jasotzen baitituzte euskara klaseak. Itsasoa zeharkatzeko irrika, gehienentzat, arbasoekiko loturarengatik izaten da, aitatxi edo amatxiren bat euskal herritarra izaki, beraiek kontatutakoa lehen pertsonan ikusi eta bizi nahi izaten dute gazteek. Baina bada hizkuntzatik edota kulturatik hurbiltzen denik ere, odoleko loturez gaindi.
Lau gazte elkartu ditugu, Ander Elordui Ateak Irekiko programako koordinatzailearekin batera: Armand Aube (Quebec, 2005) egonaldia Lazkaon egin duen gaztea; Amelia Rosevear (Nevada, 2003) Beasainen izan da hiru astez; Aaron Wilcox (Idaho, 2005) Anoeta hartu du bizitokitzat egonaldian; eta Oihane Escoz (Washington, 2008) Ordiziako familia batekin egon den laguna.
Euskara klasea zeukaten orduan elkartu gara, eta, beraz, mintzapraktikak egiteko edo baliatu dugu hitzordua, mantendu dugun elkarrizketa hiru hizkuntzetan harilkatzen saiatuz: ahalik gehiena, euskaraz; ezin zena, gazteleraz; eta hitz edo hausnarketa zehatzen bat, ingelesez.

LAU GAZTE, LAU BIZIPEN
Bere burua aurkeztu du Oihanek: «Oihane Escoz izena dut, Washingtondik nator. Hemen nago, pasatu den urtean AEBn egin nuen udalekuen jarraipena delako, eta aitak Ateak Ireki programaren berri eman zidalako. Aukera oso ona iruditzen zait nire sustraiekin konektatzeko». Izan ere, Oihaneren arbasoak euskaldunak ziren. Izenean bertan ere nabari da arrastoa: «Nire aita euskalduna da. Amatxi eta aitatxi Luzaidekoak eta Arnegikoak ziren. Aspalditik etorri nahi nuen hona nire kulturaren inguruan gehiago ikasteko, nor naizen jakiteko». Eta azaldu du ahizparekin batera egin duela bidaia, jende asko ezagutzeko ere balio diola esperientziak eta, bertako euskal herritarrez gain, Estatu Batuetako lagunak ere egin dituela dio.
Elorduik argitu du sarritan gazte horientzat harreman berriak eraikitzeko espazioa ere bihurtzen dela Euskal Herriko egonaldia: «Estatubatuarrek estatubatuarrekin ere harremana sendotzen dute, agian euskal etxeen bidez batzuen familiak ezagutzen du besteren baten familia, baina gazteek ez dute harreman zuzenik izaten, eta hemen sortzen dituzte harreman horiek». Saretzea, beraz, hona etorritakoan hasten bada ere, itsasoz bestaldera eramaten dute.
«Hemen daudenekin konektatzeko balio dit», dio Oihanek. Bi adiera ditu «hemen» horrek, euskaldunekin konektatzen laguntzen baitio bere esanetan, Euskal Herrian jaiotakoekin zein Amerikan jaiotakoekin. Renokoa da Amelia, eta bera ere arbasoekiko harrak tirata apuntatu zen programara: «Nire birramona eta birraitona Eibarkoak ziren eta Estatu Batuetara joan ziren gaztetan. Beraiek euskal kulturaren gauza asko transmititu dizkidate, dantza, gastronomia edo euskara, esaterako. Nire bizitzaren zati garrantzitsu bat da euskal kulturarekiko dudan lotura, eta esperientzia hau oso aberasgarria eta interesgarria izaten ari da». Ameliak aitortu du bere identitatea eraikitzeko garrantzitsua izan dela euskal kultura, eta erdi trufaka kontatu du beti esan izan diotela «itxura fisiko euskalduna» ere baduela. Barre egin dute gainerakoek, arrazoia duela esanez.
HIZKUNTZATIK IRISTEA
Bisitari gehienen arrazoia arbasoekiko lotura berreskuratzea izaten da, baina aurtengo edizioan badaude bi salbuespen, beraien motiboa ez baita senideen lotura, hizkuntzalarien «pasioa» baizik. Aaron Idahon bizi da eta Boiseko unibertsitatean hartzen ditu euskara klaseak: «Duela urtebete baino gutxiago erabaki nuen euskara ikasteko klaseetan hastean, eta asko gustatu zitzaidan. Irakasleak aipatu zidan Ateak Ireki programa zegoela, eta nik hona etorri behar nuela, izena eman behar nuela, eta begira, hemen nago», azaldu du pozarren eta euskaraz. Gainera, badu beste motibazio bat ere: baserrian bizi da egonaldian, bertako familiarekin gustura dabilela dio, eta baserri inguruko lanak ikastearekin ere pozik dago.
Estatu Batuetakoa ez den egoiliar bakarra da Armand. Quebecen bizi da. Hizkuntzalaritza ikasketak egiten ari da hau ere: «Europako hizkuntzen artean euskara oso berezia da, eta nik hizkuntzekiko pasioa dut. Euskara ezagutu nuenean, etorri beharra sumatu nuen, euskara hobeto ezagutu nahi nuen, hemengo kultura, hizkuntza, jendea… Dena ezagutu nahi dut, eta posible da masterra egitera ere hona itzultzea». Zehaztasun hutsala dirudi Quebecetik etortzea, baina ez da hala. Izan ere, hark esan bezala, «ez naiz diaspora», eta horrek are interesgarriago egiten du esperientzia Ateak Irekiko taldearen ustez. Inolako ahaidetasunik eta euskal etxe zein diasporako komunitateak sortu dezakeen bultzadarik gabe euskararekiko horrelako interesa piztea poztekoa da beraien arabera.
Armandek kontatu du azaroan hasi zela euskara ikasten, eta jada bereganatua duen hizkuntzaren maneiuarekin, argitu du irri artean, «azaroan, eta ez arazoan e!». Internet bidez hasi zen euskara ikastean, “Harian” liburuekin, zehaztu du. Eta kontatu du Euskal Herrira eta zehazki Goierrira iritsi arte ez duela aukerarik izan inorekin euskaraz hitz egiteko. Baina ez dirudi hala, euskaraz lasai eta natural mintzatzen baita.
Jadanik klixe bihurtu diren topikoak ere puskatzen ditu Armanden esperientziak: «Nire ustez euskara ez da zaila, niretzat logikoa da. Ez daude ausazko hitzak, hitzek haien artean loturak dituzte, jatorri batetik datoz asko… Espainierarekin alderatuz, erroak oso argi daude».

KLASERA JOATEA, GUSTAGARRI
Ia hilabete igaro dute amerikarrek Euskal Herrian, eta nahiz eta ez den aski nahiko luketen guztia ezagutzeko, egitarau oparoa antolatuta zuten iritsi orduko, eta egunez egun zerbait berria deskubritzen duenaren ilusioz eutsi diote hilabeteari.
Euskal dantzen ikastaroa, Erriberrira bisita, San Mames zein Gaztelugatxe ezagutzea, mus tailerrak, Donostia bisitatu, Karmele Gisasolarekin herri kirolen tailerra edota Xabi Payarekin bertso saioa, euskal kanten jaialdia eta sukaldaritza tailerra... horiek izan dituzte, besteak beste. Eta aisialdiko tarte horiei euskara eskolak gehitu behar zaizkie, ofizialak zein ez-ofizialak, familiekin ere asko ikasi dutela aitortu baitute.
Gehien zer gustatu zaien galdetuta, hasieran ez dute zehaztu, «esperientzia hau» errepikatu dute, Euskal Herrira etorri eta bertako kulturan eta hizkuntzan sakontzeko aukera izatea. Baina pentsatzeko tarte bat hartu ostean, zehazten hasi dira.
Espero gabeko erantzuna izan da lehena, Oihanerena: «Niri euskarako klaseak gustatzen zaizkit. Ikusten dut asko ikasten ari naizela. Etorkizunean ere erabiliko ditudan gauzak ikasten ari naiz. Hala ere, hiri eta herriak esploratzea gustatzen zait gehien. Gaztelugatxe, adibidez, oso polita da, argazki asko atera nituen eta egiten ari garen ibilaldiak ederrak dira». Bertako familiarekin egotea ere gustuko duela nabarmendu du, Ameriketan egiten ez diren gauzak ezagutzen baitabil. «Eta hondartza, hondartza ere asko gustatu zait. Oso ezberdina da nire bizilekuko hondartza. Han oso hotza dago itsasoa eta ezin duzu igeri egin». Lagunei begiratu die segidan: «Bueno, hemen egote hutsa ikaragarria da. Jende honekin hemen egotea ederra da».
Baina ez da Oihane eskolak gustuko dituen bakarra, Ameliak ere horixe azpimarratu baitu: «Niri gehien euskara klaseak gustatzen zaizkit. Egunez egun gehiago dakidala sumatzen dut, erosoago eta ahaldunduago sentitzen naiz hitz egiteko garaian, eta batez ere integratuago sentitzen naiz hemengo komunitatearekin eta kulturarekin. Eta, aizu, euskaldunagoa ere sentitzen naiz!». Edizio honetan, gainera, aldaketa bat egon da. Orain arte gazte gehienek lehen euskara klaseak Euskal Herrira iritsitakoan jasotzen zituzten; aurten, ordea, Estatu Batuetan jada eskolak jasotzen hasi ziren, horrela, lur hartzea ere erosoagoa izan zedin, hizkuntzaren aldetik, behintzat.
Euskal Herrira iritsi eta dantzan ikasi du gazte quebectarrak. Estatu Batuetako gazte gehienek euskal dantzak menderatzen dituzte beraien «euskalduntasun edota euskaltzaletasuna» kulturarekin lotuta eta bereziki dantzekin lotuta egon baita txikitatik. Hizkuntzatik iritsi zen zaletzera ordea Armant, eta onartzen du dantzatzea berria dela beretzat, baina lanean ari dela: «Zintzoa izan eta egia esateko, ez dut oso ongi egiten, baina ikasiko dut».
Zaletasun handienen artean, beraz, ez du dantza aipatu momentuz, hizkuntzarekiko duen pasioa gogoratu du berriz ere, eta hizkuntzarekin lotuz, «jendeak duen pentsatzeko modua» dela gehien liluratu duena azaldu du: «Euskaldunek badute berezitasun bat munduko beste herrien artean. Pentsatzeko modu berezi bat dute hizkuntzan ere nabaria dena, eta oso pozik nago hori ezagutzen ari naizelako». Eta Quebecekin alderatuz, badu asko gustatu zaion eta bere jaioterrian topatzen ez duen zerbait. «Hemen herriak oso bizirik daude», aitortu du. Joaten diren herrira joanda, jendea dabilela eta kaleek bizitza dutela sumatzen dela kontatu du.
AURREKARIAK: OÑATI-BOISE
Laurek presente dute beraientzat berria den esperientzia urteetan diasporan eta diasporarekin egindako lanaren fruitua dela. Elorduik jatorria azaldu du: «Ez da gertakari berria, duela 50 urte Oñati-Boise lotura existitu zen, ehun bat gazte etorri ziren zazpi urtetan Oñatira euskara ikastera eta euskal kulturan murgiltzera. Urte haietan etorritako gazteak dira gaur egun Euskal Etxeen buruzagitzetan daudenak. Uste dugu, eta sinesten dugu urte hauetan etorriko diren gazteak hemendik urte batzuetara diasporaren aldeko pertsonak bilakatuko direla».
Aipatzen duen Oñati-Boise konexioa 1974an egin zen lehen aldiz. Pat Bieter Boise State Universityko irakasleak bultzatu zuen ondoren zazpi urte iraun zuen proiektua; 1980. urtea izan zen azkena. Ehun bat lagun igaro ziren urte haietan Euskal Herritik, eta Ateak Irekiko kideek kontatzen dute gerora entzutetsua izandako kasu bat: Dave Bieterrena. Hamalau urterekin parte hartu zuen Oñati-Boise programan; handik 41 urtera Boiseko alkate euskalduna izateaz gain, «AEBko presidentearenganaino iritsi den euskal aktiborik garrantzitsuenetarikoa da». Garaiko helburuei lotuta jarraitzen dute oraindik programako sustatzaile nagusiek: euskal komunitateko gazteak, Euskal Herriko etxeetan jaso ahal izateko sarea osatzea; komunitatea osatzen dutenak elkar ezagutu eta harremanak indartzea, batez ere gazteei begira; eta, trukea sustatzea, ondoren Euskal Herriko gazteak euskal komunitatea ezagutzeko bideak zabalduz.
Era berean, testuinguru soziopolitiko guztiz ezberdinak dira 70eko hamarkadan Oñati bisitatu zutenek ezagututakoa eta egun Euskal Herrian lur hartzen duten gazteek ezagutzen dutena. Izan ere, etorri aurretik, argi izaten dute beraiek bizitokiarekin alderatuz guztiz bestelako herrialde batera hegan egiten dutela, baina iritsitakoan ikusten dute beraien aitatxi-amatxiek edo horiek beren gurasoei kontatutakoa ere ez dutela bere horretan topatzen.
Garai haietako zutabeak ahaztu gabe, egonaldiaren helburu nagusienetako bat «hizkuntzan murgiltzen hastea» da Ateak Irekiko koordinatzailearen arabera. Nabarmendu du askok dantzarekin lotura handia dutela, baita pilotarekin edo musarekin ere, baina euskararekiko lotura ez dela lehen izan zitekeen bezain sendoa. Hala ere, adierazi du aurten badituztela jada ongi moldatzen diren hainbat gazte.
ETORKIZUNERAKO ATEAK
«Ateak irekitze horrek ateak zabaltzen dizkigu guri ere, etorkizunean Estatu Batuetan familia bat izateko», kontatu du Elorduik: «Eta ez soilik etxera datorren gaztearekin, baizik eta programan parte hartzen duten beste familiekin eta gazteekin. Plan asko egiten ditugu elkarrekin, gaur adibidez sagardotegira goaz denok batera, eta uste dugu sinbiosi horretan lotura eder, anitz eta aberats asko sortzen ari direla».
Izan ere, euskarak bezainbat, edo are gehiago, ardazten dute harremanek, hartu-emanek, egonaldia. Gazteak bertako familietan bizi dira hiru astez, eta gazteek bereziki eskertzen duten esperientzia bat da, hizkuntza berri batean murgiltzeko eredu egokia dela iruditzen baitzaie. Dena den, Elorduik esan du familiak lortzea urtetik urtera «erronka» bat dela, bai programatzaileentzat, baina baita familientzat ere: «Familia bakoitzak udan bere martxa izaten du. Gutxieneko bat ere jakin behar da ingelesez. Goizero Lazkaon egon behar dute gazteek… Bada erronka bat». Baina hala ere, balantza alderdi baikorren aldera makurtzen dela ohartarazi du: «Familiek errepikatu egiten dute, eta hori seinale ona da».
Familia bakoitzera hobekien egokitu daitezkeen gazteak bideratzea izaten dute xede. Esate baterako, aurtengo edizioan bakarrik bizi den emakume bat animatu zen, eta «gazteetan zaharrena» bideratu dute berarengana, eta elkarrekin planak egin dituztela azaldu du; adin bertsuko seme-alabak dituztenen etxeetan daude beste batzuk. Edota Estatu Batuetatik etorritako anai-arrebak familia berean hartu dituenik ere bada.
Orain artean egonaldia edota trukea noranzko batean aipatu dugu, Ameriketatik Euskal Herrira etorritako noranzkoan, hain zuzen ere. Baina Elorduik ohartarazi du aurtengoan lehen aldiz Goierriko hiru bat familia Boiseko jaialdian izan direla, truke programan hori ere lantzen ahalegindu izan direla hasieratik, eta ereindako haziak fruitua ematen hasi direla: «Izugarrizko aukera da Boiseko jaialdira joan ahal izatea. Sarea sortzen ari dela sumatzen dugu, eta hori pozgarria da».
Egun «intentsoak» direla adierazi du, eta beraien helburua, Ateak Ireki programak aurrera jarraitzeaz gain, «zabaltzea» ere badela gaineratu du: «Egun Goierrin dugu egoitza AEBrekin harremanetan. Hurrengo urteetara begira, Bizkaian, Nafarroan edo Araban beste taldetxo bat osatzea da asmoa, beste diasporaren batekin, beharbada Argentina-Uruguaikoarekin, edo Australiakoarekin. Horretan lanean gabiltza».
Elkarlan eta lan askoren emaitza da Ateak Ireki programa, eta hala nabarmendu nahi izan du bertako koordinatzaileak. «Herri proiektu bat da, eta hala izatea nahi dugu», ohartarazi du. Eta segidan argitu du instituzioek diruz laguntzen dutela, Goieki garapen agentziarekin batera, eta kasu honetan Goierriko udalerrien eta bertako elkarteen parte hartzea ezinbestekoa dela. AEBri dagokionez, NABOk, bertako Euskal Etxeen Federazioak parte hartzen du. «Horiek guztiak gabe ezinezkoa litzateke», gehitu du Elorduik.
Protagonistak, hala ere, parte hartzaileak dira, harrera egiten dutenak, eta Euskal Herria ezagutzeko gogoz eta parte izateko konbikzioz datozenak.
«Hiru astetako esperientzia da, 24 ordukoa, euskaran murgiltzea baino askoz harago doana», aitortu du Elorduik, eta hiru aste hauek «oso intentso» bizi arren, «bizitza osorako gordeko dugun esperientzia» gisa definitzen du egonaldia. Diasporara ateak irekitzen jardun baitira 25 egunez, alde batetik zein bestetik, eta topatu dituzte ateak ez ixteko giltzak: euskara, euskal kultura eta harreman sarea.
No mirar arriba

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

Izaskun Ellakuriaga, Azoka hauspotu zuen emakume ekintzailea

