Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Estalduraren azpian

Eraikinen edo etxebizitzen kanpoko aurpegiak dira fatxadak. Horrela, kanpoko eguraldi faktoreetatik babesten dute, baina jasangarritasuna eta energia eraginkortasuna bezalako alderdiengatik garrantzitsuak izateaz gain, estetika eta identitate arrazoiengatik ere funtsezkoak dira.

Irudietan, Estoniako pabiloiak, aurtengo Veneziako Arkitektura Biurtekoan, esku hartze adierazgarria eskaintzen du fatxaden gaiak.
Irudietan, Estoniako pabiloiak, aurtengo Veneziako Arkitektura Biurtekoan, esku hartze adierazgarria eskaintzen du fatxaden gaiak. (Joosep Kivimäe)

Larrialdi klimatiko bete-betean, eraikinak eraldaketa sakonari aurre egiten ari dira, isolamendu gero eta lodiagoak ezarriz eta klimatizazio sistemak indartuz. Birgaitze energetikoa lehentasun teknikoa eta ekonomikoa bihurtu da, egiturak, erritmoak eta lehentasunak birdefinitzen ari dena.

Estoniako pabiloiak, aurtengo Veneziako Arkitektura Biurtekoan -19. edizioan-, esku hartze adierazgarria eskaintzen du elkarrizketa honetako gaia nabarmentzeko. Izan ere, Corso Garibaldi eta Giardini arteko palazzetto baten fatxada zatia estaltzen du Estonian -eta Europan barrena- ohikoak diren panel isolatzaile ezagunez. Kanal arteko testuinguruan, fatxada bakoitzak istorio bat, denbora bat adierazten duen hirian, esku hartze honek talka egiten du, deserosotasuna sortuz. Eta horretan datza, hain zuzen ere, interbentzioaren xedeak.

‘Let me warm you’ lelopean, instalazioak leialtasunez erreproduzitzen du herrialdeko etxebizitza blokeen birgaitzeetan aplikatu ohi den eraikuntza soluzio mota. Azal berri horrek, jatorrizko fatxada ezkutatzeaz gain, testuinguruaren, historiaren eta berezitasun arkitektonikoaren zantzuak lautzen ditu. Beharrezkoa dela dirudi ikusmira Venezia bezalako leku batean jarri behar izateak, hirien homogeneizazioaren inguruan hausnartu ahal izateko. Herrialde orotan ugaritu dira energia birgaitzeak azken urteotan, eta Estonian, zehazki, 2000. urtea baino lehen eraikitako apartamentu bloke guztiak berritzeko hitza eman dute, gutxienez energia eraginkortasuneko C klasera heltzeko. Ingurumenaren ikuspegitik helburua laudagarria den arren, praktikan interbentzio estandarizatuak, azkarrak eta ekonomikoak egiten ari dira, eta nekez kontuan hartzen da eraldaketa horien eragin kulturala eta soziala.

Pabiloiak agerian uzten du eraginkortasun horren prezioa, hiri paisaiaren erabateko homogeneizazioa. Gaur egun berdin dio Tallinnen, Berlinen edo Madrilen egon, zaharberrituriko fatxadak elkarren isla dira. Tonu neutroen, material industrializatuen, eta lerro garbien konbinaketa errepikakorrak dira denboraren eta lekuaren aztarnak ezabatzen dituztenak, konplexutasun oro ezabatzen dutenak, salbuespenerako tarterik utzi gabe. Geruza termiko berriak hiri ingurunea aberastu ordez, pobretu egiten du; balkoiak itxi, jatorrizko materialak ordezkatu, erliebeak leundu, eta moldurak nahiz koloreak estali egiten ditu. Aniztasuna estandarizatzen da, fatxadek ez dute jada tokiaz edo bertako bizilagunez hitz egiten.

Homogeneizazioa, ordea, ez da hutsik estetikoa, bizitza modu desberdinetan eragina dauka. Gainazalak lauak, zigilatuak eta pororik zein hutsunerik gabeak, landarediari eta bizidun txikiei bizkarra ematen diete. Barnealdearen eta kanpoaldearen arteko mugak ez dio lekurik uzten ustekabekoari. Arkitektura antzua bihurtzen da, ingurunearekiko elkarreraginik ez duenean. Horregatik, Estoniako pabiloiak iradokitzen du birgaitze energetikoak ezin duela soilik irtenbide tekniko gisa ulertua izan, isurketen murrizketa berebizikoa bada ere, sistemak konplexuagoa izan behar duela geruza bizigarriagoak izateko.

Hiriaren aurpegia da fatxada, publikoaren eta pribatuaren arteko muga, eta premiazkoa da eraikinak nola birmoldatzen diren eztabaidatzea. Veneziak bere milaka urteko historiarekin eta arkitekturarekin, kontraste perfektua eskaintzen du Estoniako pabiloiak proposatutako gogoeta hau egiteko.