Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Sutan

Sua eta ura, belaunetik behera. Badira tatuatuta ditugun esaerak. Azken hilabeteotan, urak eta suak garbi samar utzi digute: Guk agintzen dugu. Naturaren aurrean zein txikiak eta ahulak garen konturatzen gara tarteka, triskantzaren bat sufritzen dugunean azal propioan edo gertuko azalen batean ikusten dugunean. Baina ez dakit bizirauteko sena den, inkontzientzia den, herriko jaiak diren… nago azkarregi ahazten ditugula apuruak.

Uda honetako suteak oso serioak dira. Oso. Estatu espainoleko nekazal eremu ahaztu eta abandonatuetan ikusi ditugu herritarrak lur jota, beren etxeak eta lurrak abandonatzen. Eta segur aski haiek adina gutxik zainduko eta maitatuko zuten inguratzen dituen lurra. Lurrari lotutako bizimoduak eta bizitzak dira. Baina haiek isuritako desesperantzaren malkoek ez dute surik itzali.&dle;

Harrituta daude nekazal eremu horietako biztanle asko. Lehendik ere ezagutu dituzte suteak, itzaltzen ere aritu dira askotan. Baina aurtengo sua desberdina omen da, lurra ere desberdin dago eta aurretik ikusi gabeko indarra hartzen du suak. Hori gutxi ez, eta baliabide eskasak, profesionalen falta, koordinazio kaskarra… dena suaren alde.

Kezkatzeko motiboak badaude. Klima aldaketaren atzaparretan, etxeko-lanak pilatzen ari zaizkigu jendarte bezala. Suaren eta uraren aurka egitea zaila da, baina horiek etortzen direnerako prestatzea ezinbestekoa izango da, biziraupen ariketa hutsa. Profesionalei eta adituei eman behar zaizkie ahotsa eta baliabideak, lurra zaintzeko moduak topatu. Bizitza bat eta bakarra daukagu, eta lurra bat eta bakarra.

Eta herritarren parte handi bat antzeko kezketan dabilenean, berriz ere beste ebidentzia bat agertu zaigu begien aurrean: Sua eta ura belaunetik behera eta zein maila eskaseko politikariak dauden agintean. Nekagarria bezain amorragarria iruditu zait politikari espainol batzuek eman duten espektakulua. Herritarrak bihotz eta beso lurrak, etxeak, herriak salbatu nahian, eta politikariak, politika zikina egiten. Obsesio bakarra daukate: nola irauli boterea norberak botere gehiago lortzeko. Aspaldi ahaztu zituzten herritarrek eta herriek egunerokoan dauzkaten arazoak eta minak. Politikariak bizi diren aparteko eta eliteko uharte horretan, arazoak bestelakoak dira, nonbait ez daukate errauts usainik. Oraindik, zehaztuko nuke, urak eta suak ez baitute bereizketarik egiten.

Suak kiskalitako uda honetan, politikariek sutan jarri naute. Zein maila eskasa.