Genozidioa
Hitzak ez dira hitzak bakarrik. Hitz batekin dena esan daiteke. Beste hitz batekin, ezer ez. Hitzek esanahia dute, balioa, indarra. “Zuria” eta “zuritu” ez da gauza bera. “Sarraskia” eta “genozidioa” ere ez.
Ekilibrio semantikoaren lekuko izan gara azkenaldian. Ez dakit beldurra den, ez dakit ausardia falta den. Ez dakit hipokrisia den, ez dakit ondo geratu nahia den. Baina ezin dut ulertu agintari politikoei nola kostatzen zaien hainbeste gauzei bere izenez deitzea.
Gizateriaren kontrako krimenik handiena da genozidioa. 1948an Nazio Batuek adierazi zuten, gizatalde bat nahita suntsitzea dela genozidioa eta bost ekintza genozida zehaztu zituzten. Bost ekintza horietako bakar bat egitea nahikoa da genozidioa egon dela adierazteko. Baina kasu honetan, Israelek, 5 ekintzatik 4 bete ditu: 65.000 palestinar erail ditu, min fisiko eta mental larriak egin dizkie gazatarrei, palestinar herria suntsitzeko neurriak hartu ditu eta jaiotzak eragotzi ditu. Zerrenda beldurgarri hau ikusita, Nazio Batuen Ikerketa Batzorde Independenteak Israel genozidioa egiten ari dela ebatzi du. Eta herrialdeei eskatu die Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiari itxaroten egon barik, neurriak hartzeko. Nazio Batuen ingurutik orain arte etorri den salaketarik irmoena izan da honakoa, baina Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ez du “genozidio” berba erabili nahi izan. Semantika kontuak albo batera uzteko esan du malabarista semantiko handienak. Gazako gerra immorala eta ilegala dela esan du, ekintza izugarritzat jo ditu erasoak eta zibilen hilketa masiboen inguruan hitz egin du. Genozidioari genozidio deitzen, ordea, ez da atrebitu.
Raphael Lemkin abokatu poloniarrak asmatu zuen 1944an “genozidio” hitza. Naziek juduen kontra egindako krimenak deskribatzeko bi hitz batu zituen: grezierako genos (arraza, herria, tribua) eta latineko cidium (hiltzea). Ordura arte ez zegoen berba zehatz bat holokaustoko gehiegikeriak definitzeko. Atera kontuak, “izenik gabeko krimen” deitzen zien Winston Churchillek.
81 urte igaro dira orduz geroztik eta dagoeneko badugu termino bat Palestinan gertatzen denari izendatzeko. Israel Gazan egiten ari dena ez da erantzuna, ez erasoa, ez mendekua, ez ofentsiba. Israel Gazan egiten ari dena ez da sarraskia, ez txikizioa, ez hilketa, ez gehiegikeria. Israel Gazan egiten ari dena genozidioa da.
No mirar arriba

Mikel Zabalza, el conductor que nunca regresó a su autobús

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»
