MARKEL URRATE ANTIA / salto training
KIROLA

Lasterketa egunen aurretik, gomendio batzuk

(Andoni Canellada | FOKU)

Uda atzean utzi eta kirol ohiturei heltzeko aitzakia bikaina bilakatu da Behobia-Donostia lasterketa. Egutegian gorriz markatutako hilabetea izaten da azaroa korrikalari askorentzat. Denbora gehiago edota gutxiago entrenatzen daramazuen arren, azkenean iritsi dira lasterketa aurretiko azkeneko asteak eta, honekin batera, ohiko urduritasunak. Gaurko artikuluan, azkeneko egunetan burutzeko zenbait aholku eskainiko dizkizuet, betiere gomendio hauek norberaren gaitasun eta mailaren arabera egokituz.

1) Utzi probak alde batera: orain arte egin ez baduzu, ez da probak egiteko garaia. Ez da ikaragarrizko entrenamendu bolumena sartzeko garaia (ez da behar astean 6 egunez korrika egitera irtetea), ez eta aldez aurretik inoiz landu ez baduzu indarreko entrenamenduekin hasteko unea; modazko barrita edo gel berri hori ere beste lasterketa baterako utz ezazu, eta kaxatik atera berri dauden zapatila berri polit horiek kaxan bertan uztea hobe da.

2) Jarraitu korrika entrenamenduekin: entrenamendu nagusienak burutu ditugun arren, norbere programarekin jarraitu beharra dago. Motibazio eta estres maila nabarmen igotzen den azken asteotan, entrenamenduen gaineko kargen kudeaketa garrantzitsua izango da neke muskularra ez pairatzeko. Horretarako, estrategia ona izaten da entrenamendu saioen bolumena jaistea eta horien intentsitatea igotzea: lan interbalikoa, serieak, progresioak, aldapak...

3) Indar entrenamendua bai edo ez? Askok buruan izango duzuen galdera da. «Indarra egiten dudanean, pisutsu sentitzen naiz», «ez dut agujetekin iritsi nahi»... Honek guztiak badu bere erantzuna: kargen kudeaketa eta indarraren kontzeptua aldatzea. Indarra lantzeak ez du esan nahi inoizko pisu altuenak mugitu behar ditudanik, ez eta giharrak puztuko zaizkidanik. Fisikari jarraituz, indarra edozein mugimendu edo desplazamenduetan azaltzen den kontzeptua da, hortaz, zergatik utzi indarra lantzeari, korrika ari garenean indarra lantzen ari bagara? Azken aste hauetan lasterketako teknika, pliometria deritzon inpaktuko lana eta aktibazio neuromuskularreko (PPA) entrenamendu saioak lantzeko une aproposa da.

Entrenamendu munduan esaten den bezala, «egin beharrekoak eginda daude». Zaindu gorputza azken egun hauetan eta, batez ere, gozatu lasterketarekin, nork bere erronken alde borrokatuz.