Gimnasioen zoramena
Beste gimnasio bat ireki dute gure herrian eta dagoeneko beteta dago, beste guztiak bezala. Ez dakit zer gertatzen den azkenaldian gimnasioekin. Crossfita, entrenamendu funtzionala, kickboxinga, zein pilatesa. Kiroldegi guztiak jendez gainezka daude.
Nire aitonak sekula ez zuen gimnasio bat zapaldu baina gihar sendoak zituen. Orduak ematen zituen aitzurrarekin lurra jotzen eta belar fardoak mugitzen. Aizkorarekin enbor zabala mozteko gai zen eta kilometroak egiten zituen sagarrak eta gaztainak batzen. Bere garaian, kirola egitea ez zen ohikoa. Biztanleriaren %3k bakarrik egiten zuen kirola. Gaur egun, baina, %60ra igo da zenbaki hori.
Dirutza ordaintzen dugu gimnasio modernoetara joateko. Goizeko seietan joaten gara kirola egitera eta militarrek derrigortuta egiten dituzten entrenamenduak egiten ditugu nahita. Ondokoak baino gihar handiagoak nahi ditugu, abdominal markatuagoak, ipurmasail gogorragoak. Sare sozialetan ikusten ditugun gorputz perfektuak nahi ditugu eta obsesio bihurtu da askorentzat kirola. Hori jakinda, askok negozioa egiteko aprobetxatzen dute. Europan bakarrik, fitnessaren eta kirolaren industriak 150.000 milioi euro mugitzen ditu urtero, eta zenbateko hori etengabe ari da hazten. Gimnasioak, entrenamendu pertsonalak, proteina hautsak, osagarriak eta kirol arropa. Badirudi kirola negozio erraldoia bihurtu dela eta horrek galdera bat sortzen dit: osasunagatik mugitzen gara ala industriak bultzatzen gaitu mugitzera?
Ondo dago kirola egitea. Neu ere joaten naiz gimnasiora. Baina uste dut, denean bezala, oreka behar dela. Ondo sentitzeko egin behar da kirola, ez Instagrameko influencerren itxura izateko. Ez dugu modako klasera joan behar gorputza mugitzeko. Ez dugu urtean ehunka euroko kuota ordaindu behar izerdia botatzeko. Izan ere, osasuna ez da abdominal kopuruan neurtzen.





