Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Gure haurrak

Gure haurrak ere badira” ekimena sortu zen gure herrian Palestinako genozidioa begien lehen lerroan geneukanean. Umeak norbere ondasun bihurtu diren garaiotan, munduko haurrak gureak ere badirela gogoraraztea oso pertinentea iruditzen zait. Derrigorra behar luke haur bat haur izatea, bere hatz txikietan kabitzen zaizkion arazo txikiekin. Pozak ahalik eta handienak beharko lituzke, buruaren gainetik hazten diren pozen tamainakoak.

Ceutan zortzi urteko haur bat zauritu dute kopetan. Itsasoz etorri da ito beharrean eta kalean bizi da. Aurpegia tapatuta zekarren batek tiro egin dio perdigoiekin. Ceutan hamahiru urteko neskato bat bota dute manifestazio batetik, azala ilunegia zuelakoan Espainia egiatan defendatzeko. Haren amak neskatoaren nortasun agiria hartu du eskuan eta besoak altxatuta oihukatu du bere alaba espainola dela. Eta barkamena eskatu diote, ez omen zuelako hain espainola ematen. Hortaz, ez balitz espainola, zilegi ikusiko lukete neskatoari eraso egitea, ezta?

Ceutan herritarrak kezkatuta daude, beren seme-alabek ezin dutelako lasai joan eskolara, ez direlako patxadaz ibiltzen beren herriko kaleetan, dena migratzailez bete zaielako. Eta horregatik daude haserre, kaleak zikindu zaizkielako.

Uste dut orokorrean nahiago dugula jendea multzoan ikusi, taldean, nahasian, bata bestearen gainean botata espaloietan. Izan ere, gerturatuko bagina, aurpegira begiratzeko ausardia bagenu, haien izenez eta izanez jabetuko ginateke. Desesperantza ikusiko genuke begi horietan eta nahiago dugu ez begiratu, ez ikusteko.

Udan amona bat ikusi dut udaleku batzuetako begiraleekin sesioan. Hogei bat ume jarri zituzten itzaletan eta amonak kargu hartu zien, segidan bere bi bilobak etorriko zirela eta itzal hori haiena zela. Egunero okupatzen zuela berak itzal hori eta libratzeko, bero handia zegoela bere bi bilobak eguzkitan uzteko. Nonbait, bere biloben adin bueltako udalekuetako haurrentzat ez zegoen berorik.

Ez dakit zein distantzia dagoen Palestinatik Ceutara; “Gure haurrak ere badira” esatetik “Por los niños de Ceuta” esatera dagoena. Bidean galdu dira giza eskubideak. Amets Arzallusek “Munduko loreak” abestian dioenez -Pirritx, Porrotx eta Mari Motots-, «munduak handientzat bakarrik pentsatu zituen eskubideak». Haurren kasuan, batzuenak bakarrik sortzen dute kezka. “Gure haurrak ere badira” esaldia jarri beharko genuke izozkailuko atean, egunero gogoratzeko.