Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Beldurraren atzean dagoena

Mike Flanagan  zuzendari estatubatuarrak  «Carrie» dakar pantaila txikira.
Mike Flanagan zuzendari estatubatuarrak «Carrie» dakar pantaila txikira. (Borja B. Hojas | Getty Images)

Telesailen munduan, azken urteotan, beldurrezko generoaren barruan izen bat nabarmendu beharko banu, Mike Flanagan estatubatuarra izango litzateke. “The Fall of the House of Usher” gomendagarria bada ere, egilearen obrarik biribilena “The Haunting of Hill House” da. Argumentu nahiko klasikoa erabiliz, puzzle narratibo aparta, emozionala eta teknikoki bikaina osatu zuen. Beldurrezko istorioa du oinarri, baina drama familiarra da euskarri nagusia, eta horrek ematen dio sakontasuna eta indarra. Itzela da.

“The Life of Chuck” film berezia zinemetan estreinatu ostean, Flanagan gehien menderatzen duen lurraldera itzuliko da urrian: beldurraren eremura eta pantaila txikira. Oraingoan, “Carrie” film mitikoaren moldaketa berriarekin.

Stephen Kingek 1974an argitaratu zuen “Carrie”, eta nobela labur hartan zinemak eta telebistak ondorengo hamarkadetan behin eta berriz arakatu dituzten beldur guztiak bildu zituen: isolamendua, nerabezaroaren zaurgarritasuna, bullying-a, fanatismo erlijiosoa, etxeko indarkeria eta, guztiaren erdian, umiliazioa.

Brian De Palmak 1976an eraman zuen lehen aldiz pantailara, eta ordutik hainbat aldiz itzuli da istorioa zinemara. Unibertso horretara itzultzearen zailtasun nagusia, hain zuzen, hor dago. Mitoa ezagutzen dugu jada. Badakigu nor den Carrie, ezagutzen dugu haren ama, ezagutzen dugu institutua, ezagutzen dugu umiliazioa eta badakigu nola amaitzen den. Galdera, beraz, ez da zer gertatuko den, baizik eta zer ekarpen egin diezaiokeen Flanaganek duela hamarkada batzuk imajinario kolektiboaren parte den istorio bati.

Flanaganen telesailetan, mamuek oroimena dute; etxeek, sekretuak; eta munstroek, ia beti, gizakiaren barruan aspalditik hazten ari den zerbaiten aurpegia hartzen dute. Flanaganek islatu ohi duen beldurra barruan dagoen zerbaiten oihartzuna izaten da.

1976ko “Carrie” garai kultural oso zehatz baten isla zen; ondorengo bertsioek, berriz, beste sentsibilitate eta beldur batzuk islatu dituzte. Orain, Flanaganen erronka ez da istorioa berrasmatzea soilik, ezagutzen dugunaren barruan zerbait berria aurkitzea baizik.

Horregatik iruditzen zait “Carrie” modu naturalean sartzen dela haren filmografian. Telekinesiaren, odolaren eta amaierako bortizkeria sonatuaren azpian, askoz ere istorio ilunago eta gizatiarragoa ezkutatzen delako: leku segururik aurkitzen ez duen neska baten istorioa.

Zuzendari estatubatuarraren filmografia arakatuta, agerikoa da Flanagani ez zaiola beldurra bere horretan bakarrik interesatzen. Beldurraren atzean dagoena interesatzen zaio: mina, errua, familia, bakardadea, oroimena eta iraganetik ihes egiteko ezintasuna. Horregatik txerta daiteke “Carrie” hain modu naturalean haren unibertsoan.

Istorioa ezagutzen dugu. Orain, zauriari begiratzeko modu berri hau ikustea falta zaigu.