Ione RODRIGUEZ TOLOSA
KIROLA

Eskapula egoki mugitzea, sorbalda mugitzeko oinarria

(Getty Images)

Sorbaldaz hitz egiten dugunean, askotan besoaren mugimenduan jartzen dugu arreta, baina besoaren atzean bada funtsezko beste protagonista bat ere: eskapula edo omoplatoa. Hezur txiki hori sorbalda-gerrikoaren parte da eta besoaren mugimendu askotan ezinbesteko lana egiten du.

Eskapula ez da egitura estatiko bat. Besoa altxatu, atzera eraman edo biratzen dugun bakoitzean, eskapulak ere mugitu behar du. Mugimendu hori egokia izan dadin, nahikoa mugikortasun izateaz gain, kontrolatzeko eta egonkortzeko gaitasuna ere izan behar ditu.

Eskapulek behar bezala mugitzeko gaitasunik ez dutenean, besoaren mugimendua alda daiteke eta beste egitura batzuek behar baino gehiago lan egin dezakete. Horrek ez du esan nahi mugikortasun eskasa izateak nahitaez mina eragingo duenik, baina mugimenduaren kalitatean eta karga banatzeko moduan eragina izan dezake.

Horregatik, sorbalda lantzerakoan ez genuke soilik deltoidearen, bizepsaren edo trizepsaren indarrean pentsatu behar. Eskapularen mugikortasuna eta kontrola ere landu behar ditugu. Horretarako, mugimendu sinpleak erabil daitezke: eskapulen protrakzioa eta erretrakzioa, goratzea eta depresioa, errotazioak edo hormaren kontra egindako mugimendu kontrolatuak.

Gainera, mugikortasuna eta egonkortasuna ez dira kontrako kontzeptuak. Eskapulak mugitzeko askatasuna behar du, baina baita mugimendu hori kontrolatzeko gaitasuna ere. Helburua ez da eskapula ahalik eta gehien mugitzea, baizik eta behar duen norabidean eta une egokian mugitzea.

Ariketa fisikoan ere garrantzitsua da hori. Bultzatzean, tiratzean, pisuak gainetik eramatean edo gorputzaren pisuari eustean, eskapulak mugimenduarekin koordinatu behar du. Horregatik, sorbalda osasuntsu eta funtzionala izateko, ez da nahikoa besoak indartsu izatea: sorbalda-gerrikoak ere mugitzeko eta kargak kontrolatzeko gai izan behar du.

Azken finean, mugikortasun ona ez da mugimendu gehiago egitea. Gorputzak behar duen mugimendua egiteko gaitasuna izatea da. Eta eskapulen kasuan, mugikortasunaren, kontrolaren eta indarraren arteko oreka ezinbestekoa da besoak modu eraginkor eta seguruan mugitzeko.