Nekane Azpiazu Lejardi
Arkitektura

Fatxada berdeetatik harago, baso bertikala

Stefano Boeri arkitektoak egindako Bosco Verticale eraikina arkitektura berdearen ikur bihurtu da. Nolanahi ere, kontzeptu horretatik haragoko hausnarketa eragiten du eraikinak: gizakion beharrei soilik erantzungo ez dien arkitektura irudikatzeko aukera, bestelako bizidunentzat ere lekua gordeko duena.

Dorre baten ikuspegi hurbila.
Dorre baten ikuspegi hurbila. (Emanuele Cremaschi | Getty Images)

Milango erdigunean zuhaitzez estalitako bi dorre ageri dira, hiriaren eta naturaren adiskidetzea iragarri nahian. Stefano Boeri arkitektoak 2009 eta 2014 artean gauzatutako Bosco Verticale eraikina arkitektura berdearen ikur ezagunenetako bat bihurtu da. Landarediak sortzen duen silueta berriak, metropoliaren paisaia mineralari bestelako aukera bat ematen dio. Alabaina, proiektuaren izaera ikoniko horretatik harago, sakonagoa den auzia mahaigaineratzen du: gizakion beharrei soilik erantzungo ez dien arkitektura irudikatzeko aukera, bestelako bizidunentzat ere lekua gordeko duena.

Porta Nuovako hiri-berroneratze eremuan kokatutako 80 eta 112 metroko dorreek 800 zuhaitz, 5.000 zuhaixka eta milaka landare iraunkor nahiz igokari hartzen dituzte. Landaredia fatxadatik kanpora ateratzen diren balkoietan ageri da, eta eraikinaren inguratzailea zatikatzen eta bolumen pertzepzioa eraldatzen ditu. Urrunetik begiratuta, landare masak lausotu egiten ditu eraikinaren mugak, eta hiriaren gainean zintzilik dagoen baso baten irudia gogora ekartzen du. Haren ekarpenik esanguratsuena, ordea, agian ez datza irudi horretan, proiektuko diseinu erabaki sakonagoetan baizik. Izan ere, eraikitako espazioaren zati handi bat gizakien komunitatetik kanpo dauden beste izaki bizidun batzuentzat gorde dute: jabetzaz edo arkitektura erabakiez ezer ez dakiten organismoentzat, hain zuzen.

Nekane Azpiazu Lejardi

Zuhaitz batek lurra, ura, argia eta sustraiak nahiz adaburua garatzeko espazioa behar ditu. Arkitektura behar horietara egokitzen da, gizakion bizitzeko premiei zuzenean erantzuten ez dieten egiturak eta baliabideak txertatuz. Historikoki gure beharren arabera antolatu den diziplina batean, espazioaren lagapen horrek esanahi nabarmena hartzen du. Eraikina beste bizimodu mota batzuetarako euskarri ere bihurtzen da. Landarediak ingurumenari, estetikari eta ekonomiari lotutako onurak eskaintzen baditu ere, hari lekua egiteak espazioaren erabilgarritasunetik harago doan elkarbizitza dakar.

Ikuspegi horrek arkitekturan nolabaiteko natura txertatzeak zer esan nahi duen hausnartzera garamatza. Basoa ez da zuhaitz multzo hutsa, lurrarekin, urarekin, klimarekin eta beste bizitza forma batzuekin harreman konplexuen bidez lotutako organismoen komunitatea baizik. Landaredia eraikitako ingurunera eramateak haren garapena eta iraupena ahalbidetuko dituzten baldintza materialak sortzea eskatzen du. Hala, sekzio arkitektonikoak adierazpen formaletik harago doan garrantzia hartzen du, eta balkoiak, terrazak edota estalkiak ez dira etxebizitzaren espazioaren luzapen hutsak, prozesu biologikoei eusteko gai diren azpiegitura ere bihurtzen baitira.

PROZESU EKOLOGIKOA AHALBIDETUTA

Irudi berdeak, ordea, harreman horien konplexutasuna ezkuta dezake. Jasangarritasunaren egungo pertzepzioak landarediaren ugaritasuna ingurumen portaera onarekin lotzeko joera du, hostoak eta zuhaitzak egotea nahikoa balitz bezala arkitektura bat ekologikotzat jotzeko. Kontua ez da soilik eraikin batek zenbat landaredi hartzen duen, baizik eta zer prozesu ekologiko ahalbidetzen dituen. Harreman hori ulertzeko, beraz, ezinbestekoa da irudiaren atzean dauden prozesuei erreparatzea. XX. mendeko zenbait bizitegi eraikinetan, esaterako, landarediak terrazak eta egiturak kolonizatu ditu denboraren poderioz, hasierako asmo estetiko bati baino gehiago, arkitekturak hazteko eta eraldatzeko ematen dituen aukerei esker. Eraikinak baldintza materialak eskaintzen ditu, eta denborak osatzen du proiektuak aurrez zehaztu ezin duena.

Hiriaren ikuspegia. (Pier Marco Tacca | Getty Images)

Horrek arkitekturaren ohiko denbora ikuspegia zalantzan jartzen du. Eraikitakoak formen iraunkortasuna bilatu izan ohi du, eta bizidunak, aldiz, etengabeko eraldaketan daude. Landarediari lekua egiteak hazkundea, aldaketa eta ziurgabetasuna onartzea dakar, baita mantentze lanak irudi jakin bat gordetzeko jarduera baino gehiago, bestelako bizi forma begetalen bilakaerari laguntzeko zaintza gisa ulertzea ere.

Elkarbizitza horrek dimentsio sozial eta politikoa ere badu. Jabetzaren mugak ez datoz bat prozesu ekologikoekin; aireak, klimak eta bioaniztasunak espazio pribatuaren mugak gainditzen dituzte. Horrek eraikitako espazioaren gaineko erantzukizuna zabaltzen du, gure erabakiek beste organismo eta komunitateei ere eragiten dietela aitortuz.

Bosco Verticalek, hain zuzen ere, elkarbizitza horretarako aukera agerian jartzen du, bestelako bizidunei lekua eskaintzeko ahaleginaren bidez. Arkitektura garaikidearen erronka, beraz, ez da fatxadak landarediaz estaltzea soilik, besteei espazioa, materia eta denbora eskaintzeko gai diren eraikinak sortzea baizik. Gainontzeko bizidunei lekua egiteak, azken batean, munduan bizitzea gizakion pribilegio esklusiboa ez dela aitortzea esan nahi du.