MIREN AMURIZA
IRITZIA

Ile-urdin andrearen usaina

Ilea urdintzen hasita duen emakume bat sartu berri da drogeriara. Denda estu-estua da, fondoan probadore txiki bat eta mostradore bana alboetan. Eskumakoaren atzean lentzeria kutxatxoz osaturiko horma bat. Ezkerrekoan lurrinak, xaboiak, ezpainetako margoak, garbikariak… Apaletako gaien usain larria dendaren esentzia antzinakoarekin nahasten da. Emakume ile-urdinak kolonia bat eskatu dio saltzaileari: «freskue ixen daittela, udarako modukue». Dendaria ere 60 urteren bueltan ibiliko da eta betaurrekoak sudur puntan jarrita ekin dio bilaketari. Atera ditu hiru-lau potetxo eta «beittu, hau asko saldu da» esanaz, eskumuturrean igurtzi dio bat Ile-urdin andreari. Erritualtxoarekin jarraitu dute eta lurrinen prezioa igo ahala gaztelerazko berbak, espresioak, esaldi osoak… sartzen joan dira harik eta erdara hutsean berbetan amaitu duten arte. Baina Ile-urdin andreak ez du larregi gastatu gura eta laster bota dio dendariari: «Mejor sácame las baratas, porque a mí las colonias caras no me mantienen». Ez dio irauten...

Jone Miren Fernandez antropologoak “Tribuaren berbak” saioan esan zuenez, gaur egun neskatila nerabeek gehiago egiten dute euskaraz mutikoek baino; neskek hizkuntzarekin lotuago dauden praktiketara jotzen baitute eta mutilek aldiz erdaldunagoa den kirol mundura. Orain 30-40 urte ostera, alderantziz zen: ordura arte herri txikietan euskaraz bizi izan ziren neska gazteak hirietara joan ziren beharrera, ikasketekin jarraitu zuten, negoziotxoak zabaltzen hasi ziren (drogeria ere ordukoxea izango da hainbaten)… eta mutil askok euskaraz jarraitzen zuten bitartean, gaztelerari heldu zioten. Huraxe zen bi aldiz azpiratuak ziren emakume euskaldun haientzat plazan prestigioa lortzeko bide lehena; artean hegemoniak bizarra baitzeukan eta erdara hutsean mintzo baitzen. Kontzienteki batzuek, oharkabean besteek, baina hautu bat egin zuten denek. «Auzia ez da izan ala ez izan. (…) Kontua ekitea da. (…) Eta ekiteko hautatu egin behar da», zioskun Lorea Agirrek Bilbon. Eta zer da hautatzea ez bada erabakitzea? Baina erabakiak hartzea kosta egiten zaigu, geure aukeren erantzule izatera eta posizionatzera behartzen baikaitu. Eta zer da ahalduntzea ez bada erabakitzeko indarra izatea? Hautua da gakoa, beraz.

Ile-urdin andreak antzina egin zuen bere hautua baina tamalez ez zuen ama-hizkuntzari eusteko adina indar izan. Luzaz egon da kristalezko potetxoei usainka eta aukeratu bat azkenean; mantenduko duen, iraungo dion esperantzaz. «Eskerrik asko, ya te contaré…», esanaz agurtu du dendaria. Atean gurutzatu dudanean lurrinak erabat estali ez dion usaina hartu diot, bere-berea, euskararena, airean ebaporatzen.