amagoia mujika
IRITZIA

Kanpaina

Ailegatu gara hauteskunde kanpainaren erdiko marrara. Erdia pasatu dugu. Erdia sufritu dugu. Ez naiz kanpainen apasionatua, nahiz eta miresten ditudan adituen azterketa zorrotzak eta kiniela ausartak.

Gehiago naiz, galtzerdietan eta zapatetan arreta jartzekoa. Azalekoa, ezta? Baina politikariek beren diskurtsoa bezainbeste zaintzen dute jantzita daramaten zapata parea, lepoa inguratzen dien gorbataren kolorea, argazkirako prestatu duten irribarrearen diametroa eta beren eskotearen angelua. Eta hainbeste ahaleginekin aukeratutako horiek guztiek ere merezi dute arreta, ezta? Ba bai, grazia gehiago ematen didate hainbeste estrategiaz aukeratutako detaileek hitzak gastatutako diskurtso ponpoxoek baino. Tira, horrek ez du esan nahi galtzerdien kolorearen arabera erabakitzen dudanik nori eman botoa. Edo ezetz uste dut, behinik behin. (Eta galtzerdiekin tematuta nago orain hain modan dauden aulki altu horiek tarteko protagonismo berezia hartu dutelako. Norbait serio samar hartu al daiteke hankak zintzilik, lurrera iritsi ezinda, hizketan ari denean?)

Aspaldi samar erabaki nuen hauteskunde kanpainek ez dutela ezertarako balio. Edo bai? Hauteskundeen bueltako erritua dira, ohitura, aspaldikoa gainera. Eta nahiz eta garai berriak izan, beti hartzen diet zaharkitu usaina kanpainei. Baina, nonbait, oraindik ere alderdi politikoak herritarrengana iristeko dagoen modurik eraginkorrena omen. Esaten denez, hauteskunde kanpainek boto-emaileen %10 mugitu dezakete alde batera edo bestera. Ez dirudi hainbeste. Baina garrantzitsuak omen dira boto-emaile fidelak fidel izaten segi dezaten. Eta balio omen dute, era berean, herritarrei beren erabakitzeko eskubidearen jabe direla sentiarazteko. Lau urtetik behin, herritarren “boterearen” antzezpen modukoa. Ba, horixe, antzezpena.

Kanpainak ez omen ditu, baina, hamabost egun. Legegintzaldi osoa da kanpaina. Legegintzaldi osoan konbentzitu behar da jendea, gidatu behar dira boto-emaileak, eutsi behar dira inora joan ez daitezen. Larriagoa, beraz, antzezpena askoz luzeagoa baita.

Hori guztia jakinda ere, segituko dugu lupaz begiratzen galtzerdietara, promesak eta perlak kutxa banatan gordetzen, ondo eta gaizki pasatzen. Badakizue, ohiturak.

Ongi. Ados. Ulertu dudala uste dut... hauteskunde kanpainek zerbaitetarako balio dute segur aski, bestela ez da ulertzekoa alderdi guztiek halako indarra egitea horietan, halako ahalegina eskaintzea. Hauteskunde kanpainen galderaren ondoan gordetzen dudan bestea Aita Santuaren ingurukoa da. Bai, Aita Santuak nik uste baino gehiago agintzen du, galdetu bestela Raul Castrori.