MIREN AMURIZA
IRITZIA

Oumaima naiz

Oumaima naiz, 18 urte dauzkat eta 8-9 urterekin etorri nintzen hona. Casablancatik 6-8 kilometrora bizi nintzen, herri txiki batean, amama, ama eta neba zaharrenarekin. Oso leku polita da! Aita Europan zegoen ordurako. Txikitako oroitzapenak? Bada, 7-8 urtera arte argazkietakoa eta gutxi gehiago... Han, eskolara adibidez, 6 urterekin hasten dira umeak. Bai, neskak eta mutilak elkarrekin. Akordatzen naiz zelan ikasi genuen idazten: bakoitzak pizarra txiki bat geneukan eta irakasleak esaten zituen letrak kopiatzen genituen. Baina arabiera oso gaitza da e! Hitz egin bai, baina irakurri… Uf! Iaz berriro hasi nintzen ikasten, badakizu, hobeto idazteko eta irakurtzeko. Ipuinak eskolan? Keba, ez, ez, ez... Bestela bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaidan eta Barbirekin jolastea. Baina ni ez naiz asko jolastekoa eta kalera irtetekoa ere ez… Ez han, ez hemen.

»Hona zelan ailegatu ginen? Bada aitita 20 urterekin etorri zen, Francoren garaian. Lehenengo Italiara joan zen, gero Frantziara eta azkenik Ermura. Eta euskaraz ikasi zuen e! Bai, bai, niri hemengo zaharrek egiten duten moduko euskara egiten dit. Eta badakizu nola deitzen dioten bere lagunek? ‘Euskera’. Gero berak ekarri zituen nire aita eta osaba guztiak. Gu han ondo bizi ginen, baina aitak hona etorri behar genuela erabaki zuen, ni neska naizenez hemen hobeto ikasiko nuelako eta hori... Gero nire ahizpa eta neba gaztea jaio ziren hemen. Neba zaharrena Moroccon geratu zen, baina paperak ditu eta batzuetan etortzen da. Eta… hori da gure istorioa.

»Euskara? Espainola bai, baina euskara… ez nekien existitzen zenik ere! Nik biak batera ikasi nituen eskolan eta oso ondo. Etxean arabieraz egiten dut, irakasleekin euskaraz… baina lagunek normalean gazteleraz egiten didate. Ama ere gaztelera ikasten ari da eta aita… lanean. Aitak esaten du hemen gehiago igartzen dela krisia Moroccon baino. Hala ere, hemengo bizimodua hobea da askorentzat eta horregatik etortzen dira. Telebistan ikusten ditut txalupetan, Moroccotik, Tangerretik… Hildakoak eta… pena handia, bai.

»Hara? Bai, urtero joaten gara uda pasatzera eta aurten, zelan da... ai! Ez dakit euskaraz zelan esaten den… Semana Santan ere bai. Tokatzen bada Ramadan-a egiten dugu, zorrotz-zorrotz ez baina zeozer bai. Han kanpokoa naizela igartzen didate eta esaten diedanean Euskal Herrian bizi naizela… Uf! Euskal Herria arrazista dela uste dute! Baina ni Berrizen oso ondo egon naiz beti. Eske ni berriztarra naiz! Hala ere, Moroccon geratuko nintzateke bizitzen, gu han sentitzen gara.

»Eskerrik asko? Keba! Asko gustatzen zait Moroccoko gauzak kontatzea eta gainera norbaitek nire bizipenei buruz galdetu didan lehenengo aldia izan da».