Hartzea Lopez Arana
MUGAKO AUZOTARRAK

Behobian pausuka

Mugak aurrez aurre dauden bi sistema politiko banatzen ditu. Horrez gain, gure herrian, barne zatiketa, historiaren orbaina adierazten du. Behobian eta Pausuan, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugaren alde bietan, auzotar eta dendariek xehekiago aipatu dizkigute euren bizipenak eta grinak, haurride eta arrotz, lekuko isilkor eta zuhur.

Astegun euritsua dugu Behobia auzoan. Goizeko dorpetasuna airatzen doa benten eremuan. Hornitzaileak eguneroko bira hasteko prest dira, saltegi bakoitzak kantitate aski ukan dezan. Kartoizko kaxak denden kanpoaldetan daude pilaturik, denak elkar lotuta inork ez dezan bat ezustean lapurtu. Urdaiazpikoak, kirol arropak, perfumeak, euskal eta espainiar ikurrak... nonahi ageri dira.

Aparkalekuetan frantses matrikuladun autoak dira nagusi, batzuk urrunetik etorriak. «Baditugu betiko bezeroak», azaldu digu Arantza Martin Chez Pepe saltokiko langileak; «enkarguekin datoz erregularki familia eta adiskide guztientzat erosketak egiteko. Oro har, gure erosleen %90 Iparraldekoak eta Frantziakoak dira. Hilabete bakoitzeko lehen asteazkenean, euren soldatak kobratu ondoren, trumilka heltzen zaizkigu. Astean zehar, berriz, erretretadun franko izaten ditugu». Bezeroen profila, erosketa ahalmen mugatukoa. «Dena dela, egun arrunt batean zazpiehun litro likore sal ditzaket». Ez dago leku aski guztia biltegietan atxikitzeko eta sasoi betean kamioien deskarga etengabekoa izan ohi da. «Frantziako oporren egutegiak digu lan erritmoa markatzen». Iruneko bi edari enpresek segurtatzen dute erosgaia: familiako negozioak, bertako benta eta ostatu gehienen antzera, belaunaldiz belaunaldi eskualdatuak.

Chez Pepe ondoan, La Cave saltegia. Ruben Frailek anaiarekin du kudeatzen. «Aitonak ireki zuen eta duela hogei eta bi urte hartu genuen segida». Auzoan bizi da eta bertan lan egiten du; 15 urterekin hasi zen denda atzeko biltegian kaxak betetzen eta husten. Irundarra da, nahiz bihotzez bere burua «Behobiako errepublika independentekoa» izendatzen duen. Mundu asko itxuratzen dituen mundutxo horretan zerbait berezia bizi dutela azpimarratzen du harroki: «Muga giroa. Garraiolariak, aduanazainak eta kontrabandistak, jatorri desberdinetako bidaiariak eta turistak, uniformedunak eta ezker abertzalekoak, denak kontzentraturik gaude hemen. Nahasketa honek tolerantzia emendatzen duela uste dut». Beste benta guztiak bezala, Ricard-a saltzen du gehien, sei botilatik bat. Ondoren datoz whiskia, rona... «Zergen diferentziari esker bizi gara, produktu frantses batzuk %40 merkeago atzeman daitezke hemen. Bide batez, olibak, xanpua, piperrak, ahal den eta gauza gehien saltzen saiatzen gara, etekin tarteak estuak izanki». Berea bezalako laurogei eta hamar saltegi inguru daude orotara, egunero irekiak, batzuk hogei enplegatu baino gehiagorekin. Lehenago tabakoa saltzea haizu zuten denek, nahiz 1998an lizentzia galdu eta engoitik establezimendu baimenduak soilik aritu. «Gure etekinen %50 galdu genituen orduan». Europar Batasunak egunen batean tratamendu fiskala harmonizatuz gero, negozio guztia pikutara joango zaien izuak bere horretan dirau.

Aldaketen aiduru. Zibilizazio zaharren pasabide, espainiar Estatuko errege bidearen sarrera, ildo berdinetik doan Madril Irun errepide nazionalaren azken kilometro, Bidasoa ibaia zeharkatzeko ubera hau betidanik izan da juntura estrategikoa. «Nirean badago Nafarroako zorroztasun, Gipuzkoako samurtasun eta Frantziako jendetasun zerbait», dago jasota Altzateko jaunaren legendaren liburuan “Bidasoaren herria” deskribatzeko.

Gaur egun, saltzaileen leitmotiva egoerara moldatzea eta beren arteko norgehiagokak leialki kudeatzea da. A8 autobidearen irekitzea 1976an, 1992ko Maastrichteko Ituna eta aduana postuen itxiera, euroaren ezarpena 2002an, kanpoko faktoreak beti suertatu zaizkie itzal handiko. «Euroa baino lehen, pezeten eta frankoen aldaketa gure negozioen puska handia zen», gogoratu du Joseba Elosuak, Faisan ostatuko jabeak eta auzoko saltzaileen elkarteko buruak. «Diru pila mugitzen zen bi zentzuetan; bankura joan ordez jendea hona etortzen zen».

Orduko gune komertzialak atxiki aztarna ikusgarriena eraikinak eurak dira: duela berrogei eta hamar urte altxatutakoak dira eta marokoar souk zaharkitu baten antza darie. «Begira Dantxarinea, Ibardin, mirariak egin dituzte han, zentro erakargarriak; guri eraikin hauek gainbehera ari zaizkigu erortzen», kexu da da Ruben Fraile. «Dena bota eta konplexu berri baten egiteko asmoa aurrera doa, honek guztiak modernizazio beharra du, bezeroei beste aukera batzuk eta erraztasunak eskaintzeko», baieztatu du Elosuak. Zortzi urteko negoziaketen ostean, Irungo Udalaren plan orokorra onetsita dago, eta, proiektuak har lezakeen itxura zehatza, erabakitzeke. Polizia espainolaren aduanaren egoitza abandonatua Burger King multinazionalak erosita dauka jada, birmoldaketak har lezakeen izaera berrituaren erakusle argigarria dena.

Batzuk komertzio guztiak errepidearen beste aldera lekutzearen aldekoak dira, Saiza poligonora, bizitegi eta saltegi alorrak argi eta garbi bereizteko. Oraingo saltegien ordez parke bat edota lurpeko aparkalekua bat egitea nahiko lukete. Auzoak mila biztanle inguru ditu, bi kale zaharrekin. Urteak eman dituzte biztanleek dendariekin akomeatzeko, denek batzuen eta besteen interesetan elkarrekin funtziona dezaten. Jose Mari Gajate bertakoen elkarteko kidearen hitzetan, «gu normalean Irungo zentrora joaten gara gauzak erostera, han merkeagoak baitira. Garaian hemen harategia, okindegia genituen, bizitza sozial gehiago zegoen. Inguruetan, supermerkatu bakarra Oiartzunen kokatuta zegoen, leku orotarik etortzen ziren erosleak hona».

Joan-etorri anitzak. Korridore, oztopo, mutur ala ebakidura, mugak eremua trenkatzen du, mugimendua esparru bihurtzen du, barruti-tanpoi bilakatuz. Joseba Elosua bertako seme da ere: «Lapurdi aldean Behobiari Pausua deitzen zaio, pausua, beti mugitzen ari». Guardia zibilak eta frantses poliziak errepidearen erdian garitak zituzten garaiak ez ditu ahantzi: «Bazegoen beldur sentimendu permanentea, bai bezeroentzat bai familiako bat Iparraldean erbesteratua zutenentzat. Jendea espaloian egoten zen zelatan, kontrolari begira, zeharkatzeko une aproposena aurkitu nahian. Kontrolguneak desegin zirelarik, salmentek bat-batean gora egin zuten». Kontrabandoari dagokionez, «bi aldeetan ibiltzen ikusi dugu beti, lurralde batean eskasia zegoenean besteak zuen hornitzen eta aduanazainek ez zioten denari erreparatzen, batzuetan nahita». Telebistak, errodamenduak, bizarra mozteko makinak, sakarina, angulak... Merkantzien zerrenda amaigabea da eta garraiatua izateko teknikak, hamaika. Bestelako abentura eta oinazeak kontatzen ditu Frailek, bidaiariak Ipar Euskal Herrira zubi azpitik pasatzen saiatzen zirenekoak: «Haurtzaroan bainatzera joateko hesi gainetik salto egiten genuen. Itotako etorkinen gorpuekin topo egiten genuen batzuetan; etxola batean kukututa izaten ziren familia osoak, igeri egiteko gauaren zain».

Eguna aurrera doa eta Turismo Ministerioko ordezkari batek estatistika lanei ekin die, oinezkoak irriarekin entxufatzen. «Badakizue zeren bila datorren hona jendea? Alkohola, tabakoa eta putetxeak», dio gordinki. Frontera eta Bidegorri burdelek Frantzia ipar-mendebal osoan dute fama eta Ipar Euskal Herrian erran-merran ezaguna da enpresa bazkari dezentek azken geltokia bi etxe horietan dutela.

Jesusaren Bihotzaren parrokiaren ondoan, haxix saltzailea hasi da ere erretzaile potentzialen bila. «Turistei askotan ahaztu egiten zaie hemen bizi ere bizi garela. Halere, arazo nagusia droga trafikoa da», ohartarazi du Gajatek. Iazko urrian operazio handia burutu zuen poliziak, hamazazpi pertsona atxilotuz. Sarekadak sarekada, saltzaileek ere badakite egoera berrietara egokitzen. «Geroztik trafikatzaile askok zubia pasa eta Iparraldean dihardute, funtsean bezero gehienak handik heltzen zaizkie-eta», gaineratu du Elosuak.

Iparraldekoen begirada. Pausua Urruñako auzoa da Lapurdin, Hendaiarekin mugan. Joan zen mendeko ostatu eta janari denda gehienak galdu ditu, nahiz oraindik arnoa barriketatik hartzen zen ostatuen lekuko bakarra gelditu: Xaia ostatua. Ximunenia etxaldeko Michel Berra 30 urtez bizi izan zen auzoan. Mutil koxkorra zen 1936ko gerrako tiro hotsak eta bonba eztandak ibaiaren bestaldetik heldu zitzaizkielarik: «Jendea ihesi zetorren, menditik eta uretatik; gure etxean aterpea ematen genien, familia osoak zeuden gorderik. Etxeko paretak bala inpaktuz josita zeuden». Behiak fortuna gisa ekartzen zituzten errefuxiatuek, plazan denak bilduz. Landetan, adiskideekin, Michelek bala zorroak biltzen zituen plomua egin eta arrantzara joateko. «Lupia, izokina, arrain ugari zegoen». Espainiako gerla bukatu eta gutxira arribatu ziren tropa alemanak, zubia alanbre arantzadunez itxiz.

«Alemanek behi askeak eta etxeak miatzen zituzten, Hegoaldera eskapatu nahi zuten gazteen atzetik. Gure gizonak oihanetan gordetzen ziren». Gerla ondotik Helena Olaizola, Michelen emaztea, bertara bizitzera gerturatu zen. Kontrabando zereginak gogoratzen ditu gehiago: «Pobrezia zen nagusi eta familia askorentzat bizirauteko parada zen horretan aritzea. Ttipitan, bideak zelatatzen genituen anaiei garraioa errazteko».

Bigarren Mundu Gerra bukatu eta Hego Euskal Herrira joateko 24 orduko baimenak xedatzen zizkieten autoritate frantsesek herritarrei. Urte haietan familia gehienak nekazaritzatik bizi ziren eta mareen gorabeherak ilargiaren egutegiaren arabera zaintzen zituzten, ur gaziak lursailen uztak kiskaltzen baitzituen. «Lur zotalak altxatzen genituen ura galarazteko». Kapela eta altzairu fabrikak, harrobia, Pausuan jada ez da halakorik. Michelek eta Helenak gogoan dituzte Hegoaldetik egunero oinez zetozen langileak, multzoan zubia zeharkatzen zutenak. «Bazen haien artean xelebre bat, Txirrita bertsolaria. Batzuetan ez zen harrobira tenorez heltzen eta nagusiak kanporatuko zuela apustu egin zion adiskide bati. Irabazteko, dimisioa eskatu zuen».

Gaueko zortziak. Marea behera. Zubi zahar deseginaren zutoinak agerian daude, garai ehortzi baten lekuko. Hegoaldean, bentek ateak itxi eta auzoa bat-batean hustu egin da. Eremu hibrido hauetan, «gaurko gazteak ez dira pasa gu pasa garen uretatik», dio Helenak amaitzeko.