amagoia mujika
IRITZIA

Atzerapausoa

Patxada zirikatzailez bustitzen ditu gailetak esnetan goizero, presaren kontrako performance artistikoa izango balitz bezala. Eguneroko borroka txikia da, batzuetan hobeto eta bestetan traketsago kudeatzen duguna. Eguna hasteko aukeretan txarrena da erretxinduarena. Eta guk ere ikasi dugu etxeko atea itxi orduko ixten gosariaren kapitulua. Gaur proposamena egin dizut; handia zara eta badakizu handiak bezala gosaltzen. Baina ez duzunez egin nahi, bueltatu gaitezen biberoira. Banekien funtzionatuko zuela. Handia zarela aldarrikatu eta erritmo ederrean gosaldu duzu.

Behin aitonari zapaten lokarriak lotzen ari nintzela esan zidan ez dagoela orain arte egiten zenituen gauzak egun batetik besterik ezin dituzula egin konturatzea baino gauza tristeagorik. Negar egin zuen lokarriak lotzen ahaztu zitzaiola konturatu zen egunean. Atzera egin beharraren ezina.

Burutazio horiekin nabilela entzun ditut Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak bere legegintzaldirako dituen asmoak. Nola ez, tartean errauste planta eraikitzea. Eta atzerapausoaren zama eta tristura etorri zaizkit gainera. Baita berriz hondakinen gaiarekin gora eta behera hasi beharraren nagia ere. Bai, ederki nekatu eta aspertu gaituzte. Eta, segur aski, ederki despistatu gaituzte, begiak beste gai batzuen gainetik ken ditzagun. Nik, aukeran, nahiago nukeen energia eta denbora hori guztia beste zerbaitetan inbertitu izan balute. Baina nonbait –eta azken foru eta udal hauteskundeetako emaitza batzuek hala erakutsi dute– herritar zenbaiti ez zaie hainbeste inporta zenbait agintarik herriaren kontu bazkari oparoak eta neurri gabeko gastuak egitea, betiere beren zaborra nola antolatu behar duen esaten ez badiete; «gure zaborra, gure erabakia».

Ikasi dugu hondakinak bereizten –nahiko azkar gainera, bereziki bizkorrak izan gabe–, lortu dugu birziklatze tasa izugarri handitzea, atez atekoak ez du bestelako katastroferik ekarri gure egunerokora... eta, orain, zer? Zein da proposamena? Gutxiago bereizi eta gutxiago birziklatzea, Olanok eta enparauek eraiki nahi duten errauste planta martxan jartzeko adina hondakin sortzeko?

Norberak sortzen dituen hondakinak bereiztea herritar bezala egin beharreko ardura ariketa gutxienekoa da. Gutxieneko hori egiteko gai ez den jendarteak nola kudeatuko ditu gai potoloagoak? Edo akaso, hain justu, hori da batzuei interesatzen zaien jendarte klasea. «Zaborrak? Udala ardura dadila, horretarako daude-eta. Lomce? Eskola ardura dadila, horretarako dago-eta. Erabakitzeko eskubidea? Politikariak konpon daitezela». Erabakitzen hasi beharko dugu jendarte heldua nahi dugun edo biberoira bueltatzen ote garen.