MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Beldur gabe

Katalunian egin ditut zenbait egun hauteskunde kanpainak iraun duen bitartean. Gauza asko ikusi ditut, eta asko kontatu dizkidate. Eta asko ikasi dut. Espainiako bankuek Kataluniatik ihes egiteko mehatxu egin zuten egun berean, esate baterako, ordura arte ezagutzen ez nuen Caixa d’Enginyers izeneko bulego bat topatu nuen Bartzelonako kalean. Banku itxura tradizionala zuen, eta neure buruari galdetu nion hauek ere Kataluniatik joateko asmoa izango ote zuten, independentzia aldarrikatuz gero. Gero jakin nuen ezetz, bereziki aldendu nahi izan zutela Espainiako bankuen mehatxuetatik (bide batez: CECAren buruzagitzan dagoen Kutxabankek esan al du ezer?).

Egun hauetan jende asko ezagutu dut: egon naiz ordezkari politikoekin, baina, batez ere, egon naiz egoera politikoa beraien lanbide, bokazio, afizio eta interesetatik ikusten dutenekin. Gaur independentziaren alde bozkatuko dutenek, kontra bozkatuko dutenek, eta esan didatenez (auskalo) erabakia hartu gabe zutenek, denek, argi dute hemendik aurrera Katalunia beste egoera batean egongo dela, beste eskailera maila batean. Independentziaren aldeko aukerek irabazten badute, inkesta guztiek gaur arte esan duten bezala, eta eserleku kopuruaz gainera boto kopuruan ere gailentzen badira, orain artekoan jarraitzeko erabiliko diren argudioak asko izan daitezke baina eusten zailak, indarrez eusten ez badira behintzat. Independentziaren alde edo kontra daudenek uste dute gaurtik aurrera ezer ez dela berdin izango Katalunian.

Kanpainan zehar independentziaren arriskuez Katalunian entzun direnak edonor larritzeko modukoak izan dira. Nagusienak ezagunak dira Euskal Herrian ere. Espainiako Defentsa ministroak Armada aipatu zuen; Cameron, Merkel eta oro har, Bruselako establishment-ak, Europar Batasunetik (eta agian eurotik) kanpo gelditzeko arriskua/mehatxua; enpresariek ekonomiari etor omen lekizkiokeen kalte ikaragarriak (onurak ezkutatuz); Espainiako futbol federazioak Barça Espainiako ligatik kanpo geldituko litzakeela...

Bibliako zazpi izurriteak txiki geratuko lirateke, Espainiar klase politiko eta mediatikoaren iritzian, Kataluniak jasan beharko lukeenarekin alderatuta. Beldurraren estrategia, gizakia bezain zaharra. Baina ikusi egin beharko da XXI. mendean ere balio duen.

Montserrateko monasterioan duela 61 urte bizi den Hilari Raguer abade beneditarrak, bere esanetan 1951. urtean Bartzelonako tranbien greban atxilotu zutenean sustoak jota monasteriora joan eta fraide egin zenak, uste du jendarteak beldurra galdu duela. Kataluniarrak, edozer entzuten dutela ere, ez direla harritzen; independentziaren aldekoek barre egiten omen dute, Aita Hilariren esanetan ridikuloak ere ba diren iragarpen izugarrien aurrean. Baina batez ere berak uste du orain askatasunez hitz egiten dela. Independentziaren alde edo kontra egoteaz, askatasunez; eta askatasuna gauza handia dela. Horregatik besterik ez bada ere, egun historikoa da gaur Kataluniarentzat.