MIREN AMURIZA
IRITZIA

Piano bat Montparnassen

Mela-mela eginda sartu nintzen Gare de Montparnassera. Euria ari zuen Parisen. Tren geltoki horretara ailegatzen naizen bakoitzean akordatzen naiz “Non dago Wally?” liburuko eszena kaotiko haiekin: koadro handi-handi baten barruan jende txiki-txiki asko; lehen begiratuan igualtsuak diruditen arren, den-denak desberdinak eta nor bere zeregintxoei emana. Erlojuak zintzilik, okindegia hemen, kafetegia han, egurrezko bankuak, komunak, kioskoa, trenak luze etzanda… Sabaiko paneltzarrari begira geratu nintzen une batez, Wallyren bila ari banintz bezala bekokia zimurtuta: Bordeaux, Rennes, Toulouse, Nantes… Hendaye! Heure: 14.28. Voie 5. Très bien! Ordu erditxo bat geratzen zitzaidan bokadiloa jateko.

Geltokian zehar jarleku bila nenbilela, anabasa haren guztiaren baitan doinu ezagun bat entzutea begitandu zitzaidan. Banoa oihartzunaren atzetik, eta hara non aurkitzen dudan Yamaha izeneko piano elegante bat laranja-zuku naturalak saltzen dituzten postuaren eta Moleskine koaderno dendaren artean. “À vous de jouer!” (zeure txanda!) zioen kartel urdin bat zeukan alboan eta musikariarentzako bankutxo beltza kate batekin hankara lotuta. Katea. Betaurrekodun mutil bat Rihannaren “Umbrella” jotzen ari zen, segituan bereganatu ninduen. Alboan neuzkan eskandinaviar itxurako bikote bat, tabletarekin piano jotzailea grabatzen ari zen mutila eta emakume edadetu parisienne bat, adi-adi haiek ere; egunari pause sakatu eta arnasa sakon hartzen. Gainerako ibiltari guztiek alderrai jarraitzen zuten geltokian barrena, nor bere Wallyren bila. «Ei! Aizue! Hartu egizue tartetxo bat hau entzuteko! Ei! Ez al duzue ikusten? Piano bat Montparnassen!» nioen neure kolkorako ingurukoei so. Laster lurrundu zen musika. Partiturak tolestu, amerikanako poltsikoan gorde eta atzekooi begiratu ere egin gabe aldendu zen piano jotzailea, kafe makinan ebaki bat hartzen egon izan balitz bezala. 14.15. Ostra…!

Trenean heldu behar izan nion azkenean bokadiloari… asteburuan komentatutakoen errepasoa egiten nuen artean: «Bost-hamar urte barru preso asko kalean egongo gara baina geratzen direnek den-dena jan beharko dute. Eta haiekin zer? Zer pasatuko da?», ziostan adiskideak. Isilik ni, aspaldion darabilgun eztabaida mingarria gogoan: batzuen goiburua dispertsioaren kontra eta giza eskubideen alde doa, aldiz besteena, amnistiaren alde eta errepresioaren kontra. Ez, ez dira gauza bera, eta bai, beldurra ematen digu (denoi) geltokiko kaosaren baitan pianoa jotzen jarraituko duten bakarlari horiei entzuten gero eta jende gutxiago geratuko dela pentsatzeak. Eta bien bitartean zer, elkar apuñalatzen segitu behar al dugu?