MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Beste maila bat

Katalunia eskaileraren beste maila batean dago, baina ez independentziaren alde dauden aukera politikoek nahi luketen bezala. Argi geratu da hauteskunde hauetako parte hartzea kontuan izanik, hauteskunde plebiszitarioak izan direla, parte hartzea % 77tik gorakoa izan delako eta lehenengo eta bigarren indarra, hau da, Junts pel Si eta Ciutadans, eta gainerakoen artean dagoen diferentzia handia delako. Argi ikusi da zer bozkatu den. Independentzia bai ala ez.

Artur Mas berak hauteskunde gauean ironikoki esan zuen ea nork zioen kataluniarrek ez zutela bozka emateko gogorik, ea nork esan zuen ez zitzaiela interesatzen eskuartean zutena, parte hartzearen datua ikusita. Zalantzarik ez intereseko gaia zela kataluniarrentzat eta, zalantzarik ez, gehiengo independentzia zalea handia dela. Baina botoetan ez dira gehiengo osora iritsi eta horrek hemendik aurrerako prozesua zaildu egiten die independentzia zaleei. Eurek «deskonexioa» deitu dutena egiteko denbora gehiago beharko dute, astiroago egin beharko dute. Inork ez zien esan prozesua egun batean egingo zutenik, ez da horrela izaten, eta Katalunian ere ez.

Eta orain hasiko da gainera independentzia zaleen arteko indarren arteko beste une bat, aparteko lanketa beharko duena. Beste bat. Denborarik galdu gabe, Generalitateko presidentea nor izango den erabaki behar dute. Ziurrenik Junts pel Si koaliziokoek berriz ere Masen alde egingo lukete. Arrakasta du Masek, ongi komunikatzen da, gutxienik lau hizkuntzatan arazorik gabe egiten du, hitza betetzen duela diote behin eta berriz bere zaleek, prozesu hau hasi zenetik horrela egin duela. Baina independentziaren aldekoen batasuna lortzeko ez da hautagai egokia, CUPek esana duelako ez duela Mas onartuko, ez duela babestuko, ez dela ezinbestekoa.

CUPek emaitza onak lortu ditu: hamar eserleku. Eta gainera etorkizun hurbileko giltza bilakatu da. Ikusi egin beharko da hauteskunde eguneko adierazpenetatik zenbat malgutzen dituen esanak independentzia zaleen arteko akordioa posible izan dadin. Gauza asko gerta daitezke prozesu honetan baina komeni zaie hau guztia lehenbailehen egitea, eta euren artean arrakala handiegirik sortu gabe egitea. Izan ere, beste hauteskunde batzuk, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, ate joka daude eta nahi edo ez nahi hauteskundeokin konparaketak egingo dira kasu guztietan. Zentzu horretan gainerako emaitzei begiratzea interesgarria da, PSC, PP, Si que es Pot.... Egun askotarako eta analisi ugaritarako emango du horrek guztiak eta uste dut aparteko begiratua merezi duela Uniok. Uniok porrot egin du eta esanguratsua da.

Beste urrats bat egin du Kataluniaren burujabetzarako bideak. Inork ez lizkioke begiak itxi behar bide horri, amaitu ez den eta laburra izango ez den bide horri. Argi dagoena da prozesu honekin Kataluniak demokrazia ariketa garrantzitsu bat egin duela, erabakitzeko gaitasuna duela erakutsi duela batzuei hain gutxi gustatu bazaie ere.