amagoia mujika
IRITZIA

Raketistak

Kazetariarena lanbide bitxia da. Egun berean gai oso desberdinen aurrean esertzea egoki daiteke, grabagailua eta koadernoa eskuan, zer entzungo, zer jasoko, batzuetan gertukoa eta bestetan oso urrunekoa egiten zaizun errealitatearen inguruan. Eta benetan sentsazio atsegina da parean pertsona egokia topatu duzula sentitzen duzunean, gaiari buruz dakien hori modu zoragarrian josten duena, pasioz, barrutik, egiatan. Zorionez, maiz samar gertatzen da hori, eta segur aski horregatik segitzen dugu lanbide honi lotuta.

Azkena Oiartzundik bueltatu nintzen horrela. Bertako Txost Pilota Taldea –tira, zuzenago esanda, Ainhoa eta Jon– erabat kateatuta dago euskal emakume raketisten historiarekin eta badaramatza zazpi-zortzi hilabete ikerketa zoragarrian murgilduta. Gazi-gozoa izaten ari da bidea, bakarregi daudelako eta ematen duten pauso bakoitzeko are nabarmenagoa delako euskal pilotaren historian hain garrantzitsua izan den kapitulua ez dela kontatu. Eta okerragoa dena, ez dela inon jaso.

1919-1980 artean ehunka (aldian-aldian izen berriak batzen dira zerrendara) euskal emakume raketista profesionalak izan ziren, lanbidez eta bizimoduz kirolariak, eta haien kirol balentriak eta bizimodu bereziak maiz beren etxeetan baino ez dituzte ezagutzen. Beren herrietan ia inork ez daki izan zirenik ere. Azken urteotan zeozer ari da azaleratzen, zenbait herritan omenaldiak eta errekonozimenduak izan dira, baina akaso beranduegi heldu dira; raketista batzuk dagoeneko hil direlako eta bizirik dauden asko zahartuta eta haserre daudelako, hain bizia eta garrantzitsua izan den beren kirol ibilbideak ez duelako merezi adinako lerrorik idatzi euskal pilotaren historian.

Etxean ez ziren izarrak izan, garaiko euskal jendartean gaizki ikusita ere bazegoelako emakumea plazan kirol jardueran aritzea, apustu giroan mugitzea, bizimodu irekia eta bizia izatea. Baina etxekoek bidaltzen zituzten raketista ofizioa ikastera, gerora Madrila, Bartzelonara, Mexikora edo Kubara joan eta dirua etxera bidal zezaten. Tristea ere bada, baina herrian askok esaten omen zuten alaba «neskame» joana zela hara edo hona. Eta, bitartean, alaba goi mailako kirolaria zen, Estatu espainolean edo kanpoan sona handia zuena eta jende askok miresten zuena.

Luze aritu naiz Ainhoarekin eta Jonekin, eta luzeago ere ari gintezke. Izan ere, hainbeste daukate kontatzeko eta hain gutxi kontatu da. Tristuraz kontatu didate nola ari zaien kostatzen ate zenbait irekitzea eta pasioz azaldu dizkidate emakume raketisten ibilerak. Bai, pasioa gauza ederra da, baina batez ere beharrezkoa da, motorra, arrastaka aurrera garamatzana gauza zoragarriak eraiki ditzagun. Eta kutsakorra da.