amagoia mujika
IRITZIA

Atera eta jaso

Madrileko alkateak, Manuela Carmenak, ahoa ireki orduko parean agertzen zaizkio dozenaka ahots histeriko, politikariak eta kazetariak tartean, «ez nago ados eta emakume hau erotu zaigu» behin eta berriz errepikatuz, badaezpada, Carmenak inor konbentzitzea lortu baino lehen. Kanpotik ikusita dibertigarria ere bada.

Duela aste batzuk Carmenak bere ideia “ero” horietako bat jarri zuen mahai gainean: Unibertsitatearen bueltan izaten diren festa eta jaietan sortzen den zaborra –kalkulaezina dena– unibertsitateko ikasleek eurek garbitu dezatela. «Jendartea sentsibilizatu nahi dugu –bereziki jende gaztea– ulertu dezan garbitasunaren etika gure jendartearen jasangarritasun elementu bat dela. Jarrera etikoa da nik sortzen dudan zaborra eta zikinkeria beste batzuek jaso behar ez izatea», esan zuen garbi Carmenak. Eta laster esnatu ziren ahots kirrinkari eta histerikoak, «berriz ere erotu zaigu» esan eta eskuak burura eramanaz.

Etxeko sofatik, lasai ederrean, Joseba Sarrionandiaren hitz batzuekin akordatu naiz: «Zein da zoroetxea, gurea ala zeuen aldea?».

Zenbatetan ez ote diegun gurasoei entzun, «jaso ateratakoa»; zenbatetan ez ote ziguten errepikatu ikastolan norberak zikindutakoa norberak garbitu behar duela; gaur egunean ere zenbatetan entzuten ote den gure etxean, «ateratzen baldin badakizu, jasotzen ere bai». Nolako obsesio arraroa, ezta? Zergatik eta zertarako ikasi behar du haurrak ateratzen duena jasotzen eta zikintzen duena garbitzen behin unibertsitatera iristen denean hori guztia ahaztu egin behar baldin badu? Izan ere, denok erotu egin ote gara Manuela Carmenaren antzera? Okurritzea ere unibertsitarioak botila hutsak, plastikoak eta antzeko zikinkeriak jasotzen jartzea? Horretarako eskuak zikindu eta makurtu egin beharko dute. Gainera, egun horietan izaten duten ajearekin...

Askotariko kritikak izan ditu Madrilgo alkatearen burutazioak; garbitzaileak lanik gabe utziko dituela, ideia aldrebesa dela, unibertsitarioak beste gauza batzuetarako daudela, nahi badu berak har dezala erratza... Bada, gai honi dagokionez, Manuela Carmenaren alde berdinean sentitu naiz, nahiz eta ez dakidan seguru zoroetxeko harresiaren zein alde den hori.

Atzo kostata sartu nintzen etxeko atarira, gazte kuadrilla bat zegoelako sarreran eserita, litxarreriak jaten. Parranda giroa sumatzen zen, litxarreriak eta botiloia nahasten diren adin berezi horretako parranda giroa. Azkenean apartatu ziren atetik eta utzi zidaten pasatzen. «Mesedez, gero ez utzi dena zerri eginda, plastikoak jaso», esan nien, Carmena estilora. Ez zidaten kasu zipitzik egin. Eta horiek oraindik ez dira unibertsitatera iritsi.