amagoia mujika
IRITZIA

Spiderman

Beldurtu egiten zintuen joan den urtean; gizon handikote ezezagun bat, gauez, eta zu lo zinen bitartean, etxean sartzea ez zitzaizun batere zirraragarria iruditzen. Lasaitu ederra hartu zenuen zure gelatik egongelara zihoan gozoki ilararen amaieran opariak bakarrik topatu zenituenean; alegia, Olentzero joana zela ziurtatu zenuenean.

Aurten liluratuta zaude. Hortzak garbitzen zenituen bitartean kontatu didazu, sekulako emozioz, Olentzerok ehun urte dituela jentila delako. Eta Mari Domingi ere jentila dela. Eta biak aritzen direla opariak banatzen, lankideak direlako. Eta, akaso, txandaka egiten dutela arduradun lana, zuek ikastolan egiten duzuen bezala. Aurten liluratuta zaude. Logurak baimena emango balizu, gaua sofan eserita eta begiak zabal-zabalik emango zenuke, Olentzerorekin edo Mari Domingirekin (ez dakizu nola antolatu duten aurtengoa) hizketan aritzeko. Gustura erakutsiko zenieke zenbat dakizun beren bizimoduari buruz.

Ez diezu, hala ere, lantegi erraza jarri. Oso txikia zinenetik gauzak garbi izan dituzu. «Gabon, printzesa», gaueko azken muxua. Eta zuk, erdi lo erdi esna, protesta: «Ez naiz printzesa, pirata naiz». Ez zenuen zure burua gazteluko dorre altuan inoren zain irudikatzen. Abentura gehiegi zenituen bizitzeko ilea orrazten inoren zain egoteko.

Eta, horrelaxe, aurten «Spidermanen kuleroak» eskatu dizkiezu. Eta badakit Olentzero alde batetik eta Mari Domingi bestetik kulero horien bila ari direla, baina ez dute zorterik izan. Kuleroetan printzesa arrosak baino ez dira kabitzen; edo banpiro itxurako neskato ederrak. Kuleroetan ez da agertzen Spiderman. Kuleroetan ez dago superheroirik edo piratarik, gazteluko dorrean ilea orrazten duten eta printzearen muxuak amesten dituzten neskatoak baino ez dira kabitzen kuleroetan.

Mundua bitan banatuta agertzen zaigu iragarkietan, urdina eta arrosa. Iragarki urdinetan gizonezkoen ahots sendoek ematen dituzte argibideak; abentura, mugimendua, arriskua, ausardia, neurririk gabeko jolasa... gauza serioak dira horiek. Iragarki arrosetan emakumezkoen ahots leunek gozo-gozo azaltzen dituzte lasaitasuna, zaintza, samurtasuna eta egiazkoak diruditen garbigailuak. Mundu urdina eta mundu arrosa, mundu batekoek bestean sartzeko baimenik ez balute bezala.

Zu lasai, pirata txikia, Olentzerok eta Mari Domingik eskarmentu handia dute, eta atzetik lantalde ederra dute lanerako. Haien amonak gau asko eman ditu sutondoan kakorratz-lana egiten eta gaur, segur aski, Spidermanen kulero dotoreak dituzu aldean, eskuz josiak eta modelo erabat esklusiboa. Erakutsi harro Olentzerok eta Mari Domingik zer ekarri dizuten.