MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Ilusioa, emozioa

Hauteskunde urtea izango da 2016 hasi berri hau. Zortzi urtetan presidentetzan egon ondoren, Barack Obamak Etxe Zuria utziko du datorren urteko San Sebastian bezperan. Urtebete dauka Ameriketako Estatu Batuetako lehen presidente beltzak Historiaren ateak zabaltzeko: beltza delako agertuko da liburuetan, baina hortik aurrera, grisez betetako presidentetza izan da berea. Urtebete, joera hori konpondu eta zerbait handia lortu nahi badu.

Lehen presidente beltzaren ondoren, lehen emakume presidentea hel daiteke. Hillary Clinton da, gaur-gaurkoz, inkestetan aurrea hartuta dabilena, eta AEBetan inkestagileak Euskal Herrian baino serioagoak dira (ikusi, bestela, Euskal Herriaren Hegoaldean orain gutxi egindako hauteskundeen emaitzak eta aurreko asteetako inkestak). Baina Clinton andrearentzat ez da dena erraza izango. Orain zortzi urte ere bera zen faborito, baina ezustean Barack Obamak hartu zion aurrea. Sexismoa arrazismoa baino sendoagoa zela argudiatu zuten askok. Beste batzuek arrazoi ideologikoak aipatu zituzten (alegia, Clinton eskuindarragoa zela Obama baino). Eta gutxi batzuek zaharraren eta berriaren arteko marra marraztu zuten, Obamaren jaiotza politikoaren arrazoi nagusi. Alegia, Clintonek establishment zaharraren kiratsa zuela, eta Obama freskoagoa zela, eta horrexek bultzatu zituela boto-emaile demokratak Chicagoko senatariaren aldeko apustu egitera.

Zaharra edo berria, nondik begiratzen zaion... Baina Obamak klabea den gako bat jo eta asmatu zuen: ilusioa sortu zuen. Clintonek baino gehiago. Mundu hobe bat posible zela, gauzak egiteko modu hobeak bazeudela (eta ez zeukan zaila, Etxe Zurian George Bush zegoen orduan eta...), herritarrek izango zutela protagonismoa eta ez Washingtongo establishment zaharkituak. Gero gauzak nola joan eta zertan gelditu diren, begi bistan dago. Baina botoak lortzeko unea ez da gobernatzeko unea. Botoak modu batera lortzen dira eta gero... gobernatu.

Clintonek senarraren zama du gainean, eta Wall Streetekin ondoegi konpontzen delako sona, eta emakumeen eskubideen defentsan inoiz atzera geratu ez bada ere, nazioarteko politikan esate baterako, hainbat errepublikano «ahulak» izango dira bere aldean. Clinton ez da berria, baina badaki, orain bai, boto-emaileen ilusioa piztu beharra daukala Etxe Zurira iritsi nahi badu. Hiru aste barru hasiko dira demokraten arteko hauteskunde primarioak, eta Bernie Sanders senataria izango du aurrean orduan. Clinton baino zaharragoa, baina botoen %70 lortu zuen orain lau urte Senaturako lehian. Gizon arriskutsua Clintonentzat. Arazo bat dauka: boto-emaileei ez die emoziorik sortzen, itxuraz. AEBez ari gara, baina hemen ere izango dira hauteskundeak. Legebiltzar berria aukeratu beharko dute arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrek. Eta norbaitek lortzen badu herritarrei ilusioa sortzea, nahiz eta lider zaharra izan, bereak izango ditu hauteskundeak. Baina asmatu egin beharko du.