amagoia mujika
IRITZIA

Zer gara?

Etxe askotan oparitako paperak eta plastikoak sailkatzen ari ginen bitartean, Bartzelonako Alanen etxean negar egiten zuten. Negar minez eta amorruz, 17 urteko mutikoak bere buruaz beste egin duelako. Aluarekin jaio zen mutikoa zen. Oso garbi zuen eta oraintsu lortu zuen bere nortasun agiriak ere horixe kontatzea, gizonezkoa zela. Bere etxekoek ere oso garbi zuten mutikoa zela. Baina etxetik kanpo ez zuen nonbait bakerik topatzen. «Biziki sentitzen dut albiste izugarri eta triste hau eman beharra. 17 urteko gure seme Alanek bere burua hil zuen atzo. Ezin izan du jendartearen presioa gainditu eta betirako utzi gaitu». Alanen amak eman zuen albistea.

Zoriontasunaren apologia egiten den egunotan are amorragarriagoa egiten da gertaera. Alanek zoriontsu izateko behar zuena ezin da oparitarako bildu. Alanek zoriontsu izateko behar zuena bere ingurukoen onarpena baino ez zen. Eta, hori, tamalez, ez da inon saltzen. Hori gure jendarteak eraiki egin behar du, afaltzeko mahaian esertzen diren familietan; tragoak hartzeko elkartzen diren kuadrilletan; futbol zelaietako harmailetan; autobuseko elkarrizketetan; ile apaindegietan…

Alabak bizpahiru urte izango zituen, kalean ezagun batekin hizketan geratu nintzen eta bera parean zela egin zidan galdera: «Ama, zer da neska edo mutila?». Nonbait nire lagunak ez zituen ezaugarri nahiko nabarmenak alabak garbi sailka zezan, garbi jakin zezan neska edo mutila ote zen. Eta nonbait hori jakiteko beharra sentitzen zuen. Garbi dago gure buruan kutxatila moduko bat dugula eta jendea laukitxo bakoitzean txukun ordenatuta sartu beharra sentitzen dugula; gizonezkoa, emakumezkoa, heterosexuala, homosexuala, transexuala, ezkerrekoa, eskuinekoa, pijoa, perroflauta, ekologista… eta, noski, arazo dezentekoa sortzen zaigu laukitxo horietatik kanpo geratzen direnekin, edo laukitxo batean baino gehiagotan sartuko genituzkeenekin. Alegia, esanak esan, jendarte karratuan bizi den jende karratua gara.

Ez dut imajinatu nahi zer izan behar duen egunero ispilura begiratu eta zer zaren indarrez markatzeko beharra sentitzea. Arrosetan arrosena janztea edo urdinetan urdinena, kanpotik begira daudenek zer zarenaren inguruan zalantza izpirik izan ez dezaten. Izan ere, norberak badaki zer den, arazoa da kanpotik begira dagoenak beste gauza bat ikusten duenean. Transexualen kasuan, jendearen begiratua ikaragarria da. Jendeak esaten duena ikaragarria da. Eta askoz ikaragarriagoa da jendeak esaten ez duena. Urtea hasi berritan eta asmo onen zerrenda idazten ari garela, jendarte bezala konpromisoa hartu beharko genuke begiratu karratuek sortzen duten sufrimendua ekiditeko. Egia baldin bada, behintzat, zoriontasuna beste helbururik ez dugula bizitzan; gurea eta besteena, noski.