MIREN AMURIZA
IRITZIA

Kristo erruki

Ez dakit pelikula kontatu barik pelikulei buruz hitz egiten; beraz, badaezpada ez dut ondorengoaren izenburua aipatuko. Testuingurua: Hego Amerikako herrialde bat. Gertaera: bortxaketa bat. Biktima: 30-35 urteko emakume zuria, klase ertain altukoa, idealista; abokatu karrera bertan behera utzi eta aldirietako herrixka batera joan zen nerabeei eskolak ematera. Biktimaren aita: burua urdintzen hasia zuen epaile progresista ustekoa, gorbata beti estu, azken hitza beti berak. Biktimaren bikotekidea: mutil tradizional bat, sorbalda zabalak eta urrezko katea lepoan, posesiboa. Bortxatzailea: indigena buru-makurra, txikia eta meharra, txiroa; herrira iritsi berri zen irakasleari atzaparra bota ziona. Polizia: biktimaren aitak hala aginduta, komunitateko mutil gazte batzuk (erasotzailea barne) atxilotu eta torturatu zituzten agenteak, gizonezkoak denak. Drama horren baitan, zeharo asaldatu ninduen poliziek bortxatzailea egurtzen zuteneko sekuentziak; hiltzaileekiko sarri sentitu izan badut ere, lehenengoz sentitu bainuen bortxatzaile batenganako enpatia. Eta orduan galderak….

Bortxatzaileaz errukitu nintzen, bai. Erruki jauna. Deskartez? Alegia, kontestua edozein dela ere, poliziaren bandoan egotea ezinezkoa zaidalako? Zapalduaren kontzientzia (ala konplexua?) dudanez, indigena batek, kontestua edozein dela ere, penatuko nindukeelako? Kristo erruki. Zergatik ez nintzen gupidatuko bortxatzaileari poliziak barik biktimak berak jo izan balio tiro bat? Eta zergatik errukia, hain sentipen elizkoi eta pasiboa? Zinemaren erdian belaunikatzea besterik ez nuen falta! Aspaldion zergatik errukitzen gara hainbeste eta hain gutxi haserretu? Egia esan, pelikulan zehar erasotzaileak baino nazka handiagoa eman zidaten biktimaren bikotekideak eta aitak; beren urrezko kate eta gorbata, gure eguneroko etsaiekin identifikagarriagoak zirelako? Haiek, atxilotutako gazte marjinalek ez bezala, hegemonia pertsonifikatzen zutelako eta nik gertakariak bazterreko besaulkitik ikusi nituelako?

Bi fakzio kontrajarri dauden eszenetan, gugandik hurbilen irudikatzen dugunaren fabore jarri ohi gara. Baina nago kontua ez dela bando bakoitza non kokatzen den, ezpada norberak gatazkari nondik begiratzen dion. Beraz, kontakizun on bat ez da «zintzoak» oso zintzo eta «gaiztoak» oso gaizto karakterizatuz hartzaileak hunkitzen dituena, ezpada publikoa alde bateko zein bestekoen jokaerak kuestionatzera behartzen duena (honekin ez naiz ari filmeko bortxaketa zalantzan jartzen). Diskurtso mota bi dira finean: batak pantaila opakua jartzen digu aurrean eta ispilua besteak. Eta ispilutxo, ispilutxo, nork ez zaitu noiz edo noiz izara zahar batekin estali?