Europako kultur hiriburua
Donostiarroi sarri egozten zaigu badugula parte hartzeko era berezi xamar bat, voyeurismotik apur bat baduena, begira geratzen baikara sarri. Begira, festetan txaranga nola pasatzen den ikusten atzetik saltoka joan beharrean, begira su artifizialei, begira danborradei... Azken hau da, nolanahi ere, zalantzarik gabe, gehien astintzen gaituena eta parte hartzera gehien bultzatzen gaituena: urtarrilaren 20ko festa da horren lekuko.
Aurten gainera, San Sebastian eguneko festa giroan abiatu da Europako kultur hiriburu izatearen erronka, eta proiektua printzipioz Donostiara, Euskal Herrira eta Europara begirakoa izanagatik, Gipuzkoako hiriburuak aparteko zeresana izango du, asteazkeneko eta atzoko inaugurazio ekitaldietatik hasita. Asko hitz egin da proiektuaz hasi aurretik eta, sarritan, zer pentsatua eman izan du elkarbizitza eta bakea aldarrikatu nahi duenak, nolako eztabaidak ekarri dituen ikusita.
Sinetsita nago ez dagoela eztabaidarik gabeko proiekturik. Ziur nago debateak egitasmoa orain arteko bidean aberasteko eta hemendik aurrerako bidean hazten jarraitzeko balio izan duela, edo horrela izan beharko lukeela. Askotan itxura penagarria eman duten eztabaidaren tamainara iritsi ez diren xextra lotsagarriak, horiek, eztabaida kategoriatik kanpora utziko nituzke. Iritsi da urtea eta donostiarrok, baldin eta aparteko protagonismoa izango badugu, jarrai dezagun duela urte mordoxka bat hartu dugun parte hartzearen bidea jorratzen. Begiratzeari utzi eta hiri honek erronka berri honen aurrean duen hazteko, aberasteko eta garatzeko aukeran parte hartzea garrantzitsua izango da. Bestela urtebeteko ametsa, urtebeteko lilura izan bailiteke.
Elkarbizitzaren urte honetan gure parte hartzea nolakoa izatea nahi dugun eta nolakoa den, ze hiri eraikitzen hasi garen, zer ereduren araberakoa izango den, herritarrak hirian non kokatuko garen, ze kultura nahi dugun, kultura deitzen diogun horren erdian, zer, nola, zer hizkuntzatan, zein hizkuntzetan ulertzen dugun eztabaidatzen jarraitzea tokatzen zaigu. Begiratu, ikusi eta eta gure begiratuak jaso duen partekatzeko aukera baliatu behar dugu; gure begiratua eragile bihurtzeko une egokia emango digu urte honek. Guk nola begiratu eta besteek gu nola begiratzea nahi dugun, begiratzen gaituztenean zer ikusiko duten, zer entzungo duten, nola entzungo duten ere gure erabakien baitan egongo da, gure aritzeko moduetan eta aurten eraiki dezakegun guztian egongo da.
Eta bada beste zerbait sarritan ahazten zaiguna, edo esaten ez duguna, onanismoak gaixotuko gaituelakoan. Disfrutatu izango ditugun aukerarekin, guk geuk aurkitu eta eraikiko ditugunekin. Badirudi batzuetan debekatu egiten diogula aukera hori geure buruari, ez direla bateragarriak eztabaida, elkarbizitza eta kulturaren bidez jasotzen dugun emari zoragarria. Beti dena ez da gustukoa izango, gure gustukoa dena beste batzuentzat ere ez. Egongo da erdibiderik, egongo da malgutasunerako biderik. Hasi da, gozatu!

El mercado de Santo Domingo, a debate

Bebidas sin apenas alcohol pero con cuerpo

El legado vivo de Manu de la Sota

«Sotak euskal diasporaren potentzial politiko eta kulturala oso goiz ikusi zuen»
