Oreka-desoreka
Nafarroako Gobernuak lan eskaintza publikoa aurkeztu du, eta eskainiko dituen postu gehienetan euskara eskatuko du. Halako atrebentzia. Berehala oilartu zaizkio UPN, PP eta PSN paretik. Eta Ezkerra eta Ahal Dugu ere hortxe lerratu dira, euskararen aldeko “gehiegikeria” horren kontra. Nonbait Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak iparra galdu duela iruditu zaie eta bere onera bueltatzen laguntze aldera zenbait ideia paratu dizkiote begien aurrean. Lehena: Gobernuak «euskararen eta gazteleraren arteko benetako oreka berma dezala». Bigarrena, ez ditzala Nafarroako herritarrak bi mailatan sailkatu, «lehen mailakoak, hau da, euskaraz dakitenak, eta bigarren mailakoak, beste guztiak». Euskara ez diren beste hizkuntza guztien babesle eta defendatzaileei «gutxiengo euskaldun baten aldeko deialdi sektarioa» iruditu zaie Gobernuak abiatu duena.
Aurretik, eta urte askoan, UPNk gogoak eman diona egin du hezkuntzan hizkuntzen ezaguera “bultzatzea” helburu omen duten programekin. Irizpide serio kasik bakarra izan du: Euskara zapaltzea. Eta orduan, desoreka horiek gertatzen ziren garaian, ez dakit non demontre sartuta zeuden “orekaren defendatzaile” sutsu horiek, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak sortu nahi ez dituzten horiek. Argi hitz eginez, lan eskaintza publikoaren kontra agertu direnak ez dira orekaren defendatzaileak, desorekarenak baizik. Horientzat gauzak juxtuak eta orekatuak dira euskara ahalik eta zanpatuen eta isilen dabilenean. Eta garbi adierazi dute egunotan plazaratutako iritzietan. Nonbait ez da orekatua eta juxtua «herritarren %80 ingururentzat erabat ezezaguna den hizkuntza» batekin halako begirunea izatea. «Vascofono» deitutako guneetan ere askoz erabiliagoa omen da gaztelera euskara baino. Beraz, zertan hartu hainbeste lan euskara suspertzen, ezta? Hiltzen utzi eta kito.
Politikoki zuzenaren ohiturak sekulako mina egin duela iruditzen zait. Pentsa, UPNk euskararekin gogoak ematen diona egiten duenean ez dira hain ozenak euskararen kontrako ahotsak. Horrela lasai daude, badakitelako ez diotela gure hizkuntzari burua altxatzen utziko, hankapean izango dutela kieto. Noizean behin lanposturen bat eskaini euskarari eta aurrera, politikoki zuzenaren sokan, «ze orekatuak eta juxtuak garen» beren buruari harro esanez. Orain, baina, euskarak benetako justiziaren bidea abiatu duela iruditu zaienean, lepoak tentetu zaizkie oilarrei eta benetan direna agertu dute: Euskararen etsaiak. Balioko ote zuen, sikiera, bakoitzaren benetako aurpegia ikusteko eta bidea zein nekosoa izango den jakitun izateko. Arnasa hartu eta bil ditzagun indarrak, euskararen bideak latza izaten segituko du eta.

El mercado de Santo Domingo, a debate

Bebidas sin apenas alcohol pero con cuerpo

El legado vivo de Manu de la Sota

«Sotak euskal diasporaren potentzial politiko eta kulturala oso goiz ikusi zuen»
