amagoia mujika
IRITZIA

Beldurra

Poltsikoan gordetzen ditu izebarentzako muxuak. Ahal gehienak kentzen dizkiot; txokolatezkoa, marrubizkoa, patata zaporekoa... Batzuetan, poltsikoa oso handia baldin bada, besarkadaren bat ere topatzen du. 17 hilabete dauzka eta adinik gabeko irribarre argia, hortz txiki eta perfektuak, begiekin batera agertzen direnak irri edo negar egiten duenean. Gasteizen leihotik bota zuten Aliciaren adin berdina daukalako arnasari eutsi genion duela aste pare bat eta oraindik arnasa ez zaigu bere onera bueltatu. Badakit asaldatzeak ez duela ezertan laguntzen, baina buruak eta arnasak beti ez dute bide berdina ibiltzen.

Sexu gehiegikeriarik egon ote zen ikertzen ari dira, Aliciaren amak zer kontatuko zain. Zenbait egunkarik aurreratu dute «sarketarik» ez zela izan. Ez dakit zein zen asmoa, baina lasaitu, ez gara lasaitu. Amorragarria ere bada, sarketa ez baita gehiegikeria modu bakarra. Beharrezkoa al da detaileak publiko egitea? Neurri horretako laztasuna duen gertaerari koloreak, formak, soinuak eta usainak jartzeak zertan laguntzen du?

Kezkatzen nau inork haur bati begiratu eta sexu grina sentitzeak. Botagurea sortzen dit, fisikoa eta benetakoa, ez da hitz egiteko modu bat. Beti existitu dira haurrenganako sexu gehiegikeriak eta beti existituko direla pentsatzeko arrazoiak badaude, sexualitatea bizitzeko modu gero eta osasungaitzagoak agertzen direlako. Plazera debekua zen garaitik plazera derrigorra bihurtu den garaira, eta tartean aldaera guztiak. Plazeraren bilaketa grinatsuak ez ote du ekarriko sekula plazer nahikorik ez sentitzea.

Baina beldur naiz beldur izango garela. Gertaera beltzek daukaten ondorio latzena horixe baita: Beldurra. Ez nuke beldurrean hezi nahi, ezta beldurrez maitatu ere. AEBetako zenbait udalekuetatik haurrak bizkarra erreta etxeratzen omen dira, begiraleek debekatuta baitute haurren gorputzak ukitzea eta, beraz, inork ez die eguzkitako kremarik ematen bizkarrean. Protokoloak hala agintzen omen du. Beldurgarria iruditzen zait pentsatzea udalekuetan begirale batek gehiegikeriaz joka dezakeela, baina berdin beldurgarria iruditzen zait besarkadarik eta kontaktu fisikorik gabeko udalekuak irudikatzea. Memorian ditudan udalekuetan gauetan beldurrezko ipuinak kontatzen zizkiguten eta maiz begiraleak eskua emanda egiten genuen lo, badaezpada. Eta goizetan kilimak egiten zizkiguten esnatzeko, eta etxean bezala sentitzen ginen.

Haurrenganako sexu gehiegikeriak normalean ez dira beren ingurutik oso urrun gertatzen. Eta gertatzen direnez, tentuz ibili behar da, erne. Baina beldur naiz beldur izango garela, besarkadak debekatzeraino. Ea gure beldurrei neurria hartzeko modua egiten dugun, berriz arnasa hartzen hasteko.