Zigorra
Hamar urteko mutikoak gelako lagun guztiak aztoratu ditu. «Gaur norbait jipoitzeko gogoz esnatu naiz» esanez sartu omen da gelara. «Horrela lagunik gabe geratuko zara», erantzun dio ausartenak. «Berdin zait. Sekulako plazera sentitzen dut norbait jotzen dudan bakoitzean».
Kontakizuna entzun dut, ahalik lasaien, patxadaren itxurak eginez. Imajinatzen saiatu naiz mutiko horrek zer-nolako zauriak dituen bere baitan hamar urte eskasekin horrelako jarrera izatera iristeko. Eta parean eserita dudan bere ikaskide aztoratuari azaltzen saiatu naiz mutikoa ez dela berez txarra, egoerak egingo zuela horrelakoa. Segur aski beren laguna izan nahi duela eta ez duela asmatzen nola lortu laguntasun hori. Barruan korapilo asko eta oso estuak izango dituela eta horregatik jokatzen duela hain zakar eta hain bortitz. «Bai, bai, baina zigortu egin beharko dute, ezta? Ikastolatik bota beharko dute», haren erantzuna.
Pasadizoa helduenera ekarrita, mutikoari eta ikaskideei hamar urte gehiago jarrita, zer egingo genuke jendarte bezala? Ba, horixe, «ikastolatik bota» jartzen duen tokian «jendartetik bota» jarri eta «zigortu» jartzen duen tokian «kartzelatu». Eta bakea.
Duela aste pare bat Euskal Herrian egon den Angela Davis ekintzailearekin akordatu naiz. Hark kartzelarik gabeko jendarte baten alde egiten du; kartzelak beharrezkoak izango ez diren jendarte bat eraikitzearen alde. Euskaldunok, tamalez, ondoegi ezagutzen ditugu kartzelak. Toki apartatuetan dauden zementuzko eraikin hotzak dira, gozotasunik eta gizatasunik gabeak, jendartearen miseriarik gorrienak ezkutatzeko eraikiak. Ezkutatzen denak existitzeari utziko balio bezala.
Gure buruarekin zintzoak izan gaitezen; zenbatetan pentsatu dugu kartzelan dauden preso sozialen barruko korapilo eta zaurien inguruan? Zenbatetan pentsatu dugu zerk, zein egoerak edota zein bizipenek eraman dituzten egin dituztenak egitera? Lapurretak, bortxaketak, hilketak... zenbatetan jarri gara haien zapatetan haien barruko korapiloen estua ulertu nahian? Begiratzen diegunean arriskua baino ez dugu ikusten, sortzen diguten beldurra baino ez dugu sentitzen, ez dugu ez korapilorik, ez ezinik, ez barruko zauririk ikusten. Guk ere nahi dugun bakarra zigortu eta ikastolatik bota ditzaten da, gure hurrengo eguna patxadatsuagoa eta seguruagoa izan dadin. Eta, gainera, ez dugu jakin nahi ere egin zementuzko kartzela hotz horietan dauden bitartean zer pasatzen den, jakin badakigulako han ez dela zauririk sendatzen; han zauriak zornatu egiten direla.
Sekulakoa litzateke kartzelarik behar ez duen jendartea eraikitzea. Erraza ez da, ez dagoelako erronka errazik, eta borondate dosi handia eskatzen du. Gure jendartearen lehentasunetan ote?



