MIREN AMURIZA
IRITZIA

Azala aldatzea

Zutunik gabiltzala baina narrasti samarrak ez ote garen, lantzean behin arrastatu eta azala aldatzeko premiarekin. Halaxe sartu nintzen lehengoan denda batera eta erosi nituen galtza pare estuegi bat (ibilian nasaituko dira), jertse bat (iazkoaren berdintsua, baina tira, prezio onean dago) eta bi kamiseta (udarako edo). Etxerakoan etiketak banan-banan moztu eta mesanotxean batura pilatu ahala, izerditzen hasi nintzen (joder! probadoreko argiarekin hobeto ematen zidaten) eta azal aldaketaren bigarren faseari ekin nion: armairua konpultsiboki husteari (zer bizi itxaropen ote dute jantziek hemen?).

Arropak atera eta ohe gainean multzokatzen ari nintzela (hau gorde, hau kendu) kamiseta sorta bat topatu nuen; kolore eta aldarriak zenbat gura. “Egunkaria”-ren itxierako niki zurixkatik hasi (harro zer janzten nuen ba 12-13 urterekin!) eta iazko Gure Esku Dagoren jaialdiko arrosaraino: Topagune eta Gazte Martxetako kolekzioa, Che Guevara, jaietakoak, Bertso Eskola, presoak, Korrika… Eta beste hainbeste galdutakoak edo amak traputarako erabiliak. Gazte asanbladaren bat animatuko da, agian, azken urteotako atzera begirakoa kamiseta erakusketa batekin egitera (dabiltzala azti, Tabakaleran jarriko dute-eta bestela). Ohe gaineko motroiloaren analisi sakonik egin ez nuen arren, bistakoa zen aldea: lehen karratu-karratuak ziren denak, letra larri pankarterodunak; orain diskretuagoak dira eta emakumeentzako modeloak adibidez, tamainan ez eze, forman ere egokitzen dira gure gorputzetara. Hala ere, pentsatu nuen, ez ote den beste osagarri mota bat garai bateko kamiseten lekua hartzen ari: moda-modan dauden telazko poltsa horiek. Eta galdetu nion neure buruari zer transmititzen duen besapean zintzilik diseinu sujerente bat dakarrenak, eta zer papar beteko esaldi deigarria daramanak. Baina esaldion neurria gorabehera, nago, aspaldion joera orokorra letrak eroatea baino koadroak, tantoak, marrak eta estanpatuak janztea dela. Koadrodunen artean, esaterako, bada ugaltzen ari den sektoretxo orojakile bat, bere burua neutraltzat aurkezten duena egundo halako esaldi bat jantziko ez lukeelako (ez, ez, ni apolitikoa naiz). Baina neutralagoa al da Lois, Bershka edo Pepe Jeans-eko etiketak daramatzana, aldarrikapen bat daramana baino?

Indiako emakume batek, iragan bizitzan sugea izan zelakoan, azala aldatzeko beharra sentitu ei zuen behinola. Erantzi zituen zapia, soinekoa, barruko arropak… Eta larruazalari tiraka hasi ei zen. Zorotzat hartu zuten, jakina, eta berehala itzalpetu (zenbat ez ote gintuzkete zorotzat hartuko biluziko bagina?). Eta ni, inuzente halakoa, armairua hustu-betetzearekin eginda zegoelakoan…