Gatz ez bihurtzeko
Arnaldotuta» dago Euskal Herria. Arnaldo Otegi gustatzen ez zaienek, etsaitzat dutenek, haiek ere ahotan hartuta darabilte etengabe, nahiz eta kasu honetan, erakusten ari direnagatik, betiko estrategiei eusteko izan. Areriotzat dutenek, ekilibristen moduan, oreka nola gorde asmatzea ez dute erraza, garaiak ere ez baitira erosoenak, nahi baino gehiago begi bat Espainian dagoelako, hango Gobernua nola osatuko, eta beste begia, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan, hauteskundeak noiz izango. Eta Urkullu lehendakariak erabakitzen duena erabakitzen duela, EAEko hauteskundeak berehala izango dira, berehala!
Otegi maite dutenek heroien pare jarri dute egun hauetan, beti ere herri honen «inteligentziaren» begirada zorrozpean, Otegik hain heroi izan behar duen ala ez erabakitzen duten bitartean. Tira, ezker abertzaleak eta bere jarraitzaileek mereziko al dute maite duten liderra, sei urtez kartzelan egon ondoren, apur batean sinbolo bihurtzea. Herri honek ez ditu ikur asko, eta bere jarraitzaileentzat heroia bada, kartzelatik atera eta lau egunera kontu honek hainbeste lan emateak eztabaida antzua dirudi. Pozik daude, esan egiten dute eta gehiegizko sinbolo bihurtu badute ere, euren arazoa izango da. Etorriko dira urak bere tokira, lan asko dago eta.
Sortuk erabaki behar du Abian eztabaida prozesua paperetik harago zer den eta nola egikarituko duen aldarrikatzen duen proiektu independentista. Erabaki beharko dute Sortu eta ezker abertzale osoa nola antolatuko den EH Bildu proiektuan. Egin beharko dute autokritika eta kritika. Ez dirudi denbora asko dagoenik Otegi lehendakarigaia izango den edo ez korapilatuta ibiltzeko, nahiz eta arerio politikoek asko eskertuko luketen aurretik jakitea. Arnaldo Otegi gizon argia, eraginkorra eta herri honetan gertatu diren hainbat estrategia aldatzeko oso erabakigarria izan da, zein izan den zein baino eraginkorragoa, honetan ere txapelketarik egin gabe.
Txapelketa antzuak direla-eta, egunotan biktimez Otegik berak esandakoa oso garrantzitsua da; alegia, iritsi beharko dugula pentsatzera biktima guztiak, denak, denonak direla.
Herri honek asko sufritu du. Batzuek besteek baino gehiago, baina gizarte honek egin beharko du modu bat sufrimendu horien inguruan egia, justizia eta erreparazioa egon dadin, denborarik galdu gabe, mingarria baino ez den sufrimendu txapelketan lehena zein den katramilatu gabe. Kolonbian bezala, gizarte osoak onartu beharko du eta bere egin benetako bakera eramango gaituen prozesua. Bakea, etorkizuna, poza... behar dira denontzat.
Eta azpimarragarria den bestea, egun hauetan aipatu dituenen artean, presoez esandakoa da. Otegik dio ez dutela borroka egiten presoak daudelako, presoak daudela borroka egiten dutelako baizik. Borroka, bere hitzak erabiliz, «estatu duin» bat osatzeko da.
Txapelketa antzuak ez dira etorkizuna. Gaizki egindakoak ez errepikatzeko bakarrik begiratu beharko litzateke atzera. Gogoratu, Sodoma berriz ikusteko atzera begiratu eta gatz bihurtu omen zen hartaz.




