Bitartean
Ondoko mahaian argazkiak erakusten ari zaio. Batek esku gazteak eta leunak ditu, beltzaranak. Besteak esku zimurtu jakintsuak, zain indartsuak azal zuriaren gainean. «Ikusi zein pozik dagoen argazki honetan. Hondartzara eraman genuen eta itsasoa ikusten zuen lehen aldia zen». Emakume buruzuriak alaba oso ederra duela esan dio, amaren parekoa. Berak ere ez omen zuen hondartzarik ezagutu hamar bat urte zituen arte, nahiz eta hondartzatik hamar kilometrora bizi; «etxean beti lana zegoen».
Zaintzailea emakume migratzailea da. Maite dituenak albotik zaintzeari utzi zion behin, milaka kilometrora joan eta ordaintzen diotenak zaintzeko. Eta maite dituenak distantziaren minetik zaintzen segitzeko. Adineko emakumea guapa dago, ezpainak gorriz margotuta. «Oso ondo ematen dizute ezpain gorriek. Bihar ere margotuko dizkizut», esan dio gazteak. «Pozik nago azkenean alaba hona ekarri dudalako, baina irrikaz jaieguna noiz iritsiko, berekin egoteko». Argazki albumari begira, pentsamenduak ozenetik joan zaizkio. Emakume heldua tristatu egin da. Ahal balu, egunero lotara etxera joateko esango lioke, alabarekin. Baina aspaldi honetan gau eta egun alboan daukan bakarra bera da, milaka kilometrotatik bera zaintzera, ezpainak gorriz margotzera eta hizketan egitera etorritako emakume hori.
Duela hilabete batzuk gertuko kafetegi batean ikusitako egoerak galdera asko piztu zizkidan. Zaila egiten zait seme-alabak milaka kilometrora utzi eta bizimodu berri bat abiatzera doan emakumearen pausoa ulertzea. Pentsatu izan dut, «nik ez nuke egingo», emakume migratzaile horien ibilera epaituz, distantziatik eta nagusitasun moral mingarri batetik.
Oscar Tejedor gidoilari eta ekoizlearen “En transito” filma ikusi berri dut. Filmak beren seme-alabak sorterrian utzi eta lan bila migratu duten zenbait emakumeren istorioa kontatzen du. Gure parkeetan gure umeak eta adinekoak zaintzen dituzten emakumeek beren parkeetan utzi dutena erakusten du. Distantziatik nola segitzen duten zaintzen, distantziak dakarren ezinarekin. «Zer moduz hagineko mina, maitea? Hobeto?», galdetzen dio amak semeari, Donostiatik Nikaraguako herri txiki batera. «Zenbat hazi zaren, graduatzen zarenean takoiak jarri beharko ditut zure ondoan joateko», esaten dio amak alabari ordenagailuko pantaila batetik barna.
Hemen bizi dira, han utzitakoari begira, errudun sentituz maite dituztenak nahi bezala zaindu ezin dituztelako, ordaintzen dietenak zaintzera kondenatuta. Eta hala ere, besotik gozo hartuta, ezpainak gorriz margotuz, kariño guztiarekin. Bitartean bizi dira, seme-alaben ondoan biziko diren eguna iritsi zain.



