Leihotxo bat haurraren eskuetan
Itxarongela zuri batean nengoen asper-asper eginda. Bazter batean otzara bat zegoen, gainezka; dekorazio, elikadura zein bidaia aldizkariak (dirurik edo umorerik ezean, hobe ez irakurri) eta umeentzako ipuinak. Itsasoko animaliei buruzko kartoizko liburuari heldu nion: esaldi lauak; ilustrazio sinple eta koloretsuak; izar, olagarro, dortoka eta balea irribarretsuak. Kontraportadan giro urtar idiliko harekin kontrastea egiten zuen zigilu bat zeraman (haurtxo baten aurpegia eta 0-3 zirkulu gorriaren azpian): debekatuta hiru urtetik beherakoentzat. Galarazpen hari esplikazioren bat topatu nahian, pentsatu nuen bazitekeela liburu hura inprimatzeko erabilitako tintak kutsakorrak izatea eta txikienek den-dena ahoratzen dutenez gero, kaltegarri. Edo halaber, balitekeela askok uste izatea zentzu bakoa dela irakurtzen ez dakien umeari liburu bat eskaintzea. Haur literaturan ere denetik dago egon, delicatessen zoragarrietatik hasita fast food higuingarriraino, baina ondo hautatzen jakinez gero, adin guztietako umeentzako (60 urtetik gorakoak barne) gozokiak aurki ditzakegu. Hona lau arrazoi hiru urtetik beherako niniari liburu on bat oparitzeko:
1. Pentsamendua egituratzen ikasteko. Hizkuntza bakoitzean bi lengoaia mota daude: ekintzazkoa edo eguneroko elkarrizketetan darabilguna (diskurtsoaren esanahiaren parte bat testuinguruak markatzen du) eta kontakizunezkoa edo literaturarekin lotua (diskurtsoak berak duenean esanahi osoa). Haurren bizitzako lehen etapetan ahozko hizkuntzak eragin handia du, beronen bidez ikasten baitute pentsamendua egituratzen, beraz garrantzitsua da lengoaia mota biak barneratzea. Kontakizunezkoa praktikatzeko tresna ezinbestekoa dira liburuak gurasoentzat.
2. Jakin-mina elikatzeko eta areagotzeko. Umeak estimulu berrietara zabal-zabalik egoten dira etapa horretan eta urte birekin gai dira gustuko dituzten liburuak hautatzeko. Aipatu fasean hurbilpen hori landu ezean, litekeena da gerora ere irakurzaletasunik ez izatea (horrek dakartzan ondorioekin).
3. Fikzioarekin esperimentatzeko. Bigarren mundu gerraren ondoren, zera frogatu zuen pediatra ingeles batek: literaturaren bidez, haurrak, barne eta kanpo esperientzien arteko gune batean sar zitezkeela; zeinetan beste norbait balira bezala joka zezaketen eta aldi berean bakoitza bere izaera indartzeko entrenatu. Liburuak irudikatu, eraiki, jolastu, deseraikitzeko.
4. Errealitateetara hurbiltzeko. Umeak eremu mugatu samarretan mugitzen dira lehen urteetan eta liburuen bidez (ipuinak, iruditegiak, hiztegiak, poemak...) esparru hori zabaltzen lagun diezaiekegu. Ireki leihotxo bat haurraren eskuetan.



