Ritaren kometa
Inoiz askatu al duzu kometa bat? Gizakiaren asmaziorik ikusgarrienetakoa, gorputz arin eta buztan luzedun. Frantsesez cerf-volant deritze, okzitanierako sérp-volanteren eratorpena omen; suge hegalaria. Historiako zibilizaziorik zaharrenetakoan, antzinateko Txinan, aireratu ziren lehenak. Artean, jolaserako barik, gerrarako erabiltzen zituzten ordea: zaintza edo mezularitza lanak egiteko troparen nukleotik urruntzen ziren gudariak, kometen kolore eta mugimendu anitzak baliatuz komunikatzen ei ziren kideekin.
Ba, hara non, mundu zabaleko bonba hotsik apenas entzuten zen parke hartan, gizontxo bat hurreratu zitzaion Ritari. Kometa bat zekarren eta beretzat nahi ote zuen galdegin zion. «Kometa bat?!», pentsatu zuen Ritak, «nik beti eduki gura izan dut kometa bat, baina maneiatzen jakin ez...». Gizontxoak trankil egoteko ziotson, hartzeko, ikasiko zuela astiro-astiro. Eta halaxe, nerabe maiteminduak elkar usnatzera joaten ziren parke hartan, oihalezko kometa bat eskuetan zuela geratu zen Rita. Kordel muturrari heldu eta jaregin zion airera.
Hasieran, haizea nora kometa hara, gora begira ibiltzen zen neskatoa: harri kozkorrekin estropezuka eta oinak lokatzez blai; lantzean arbola adar batean kateatu eta askatu ezinik. Baina gizontxoak esan bezala, hartu zion neurria denborarekin eta zera baino pozago sentitzen zen parkeko ibiltariren batek bere kutun hegalariagatik zoriontzen zuenean. Eta halaxe pasatu ziren bat, bi, hiru, lau, bost urte udaberrian euri usaina zerion parke hartan. Behinola irrist egin zion esku artetik, handik aste batzuetara bigarrenez, eta hirugarrenez... Estu oratzen zion Ritak, galtzeko ikaraz, kometak ez dira estu oratuta ibiltzeko ordea. «Eta joaten uzten badiot?», pentsatu zuen. «Baina zer egingo dut bera barik? Eta zer, beste norbaitek hartzen badu nire kometa?». Luzaz hausnartu zuen baina gero eta gero ere, onena huraxe zelakoan, agurtzea erabaki. Domeka goiz batez parkera joan, hari muturra askatu eta isil-isilik goratzen ikusi zuen, bazihoan atzera, behera, begiratu gabe. Negar egin zuen Ritak, bere kutunaren keinu bat, besarkada bat, itxarongo zuen agian. Zelan besarkatuko zuen baina kometak, besorik ez bazuen?
Eta halaxe dabil orain Rita, kale-katuek asanbladak egiten dituzten parke hartan, bere kometa non ote den imajinatzen: ahate migratzaileekin V-an, meskita baten minaretean zintzilik, 7K-ko erredakzioan, zure etxeko edo ziegako leiho ertzean... Hala bada, har iezadazu azken ipuintxo hau opari; zinez eskertzen baitizut urteotan duzunik eta gauzarik preziatuena, zure denbora, eskaini izana. Besarkada bat eta sarri arte.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

El mercado de Santo Domingo, a debate

La mercantilización de la menopausia
