Atzeko zuloa
Norberarenak eskas direnean, besteen arrazoiak eta esanak behar, eta holaxe nator. Ematen baitu esana edo idatzia dagoela bururatu zaizun hori, eta hurrengo etorri zaizun okurrentzia ere bai, eta beharbada merezi du berriz aipatzea baina ez dakizu nola. Etsi-etsian atzeko zuloari erreparatzea pentsatu dut, ideia jenialen bila ibili gabe, aipatuaren aipatuz denon bistan dagoen gauza delako, ondo ezkutatzen saiatzen garen arren.
Pedro Mari Otañok txepetxari jarri zizkion bertso batzuk, eta habia zelan egiten duen ere esaten du: «Udaberrian lehendabiziko kabia txepetxarena/ azaldutzen da, eta ezaguna: goroldiozkoa dena»; Eta aurrerago: «ez-idurian hark kabiari beste zuloa atzean/ egiten dio, handik joateko aurrekoa tapatzean,/ erakutsiaz pentsa zagula nola atera sartzean».
Zulo funtzionala da, beraz, atzeko hori, aurrekoan arazoak daudenean erabiltzekoa, eta disimulatua du txepetxaren habiak, ezkutuan, ez-idurian. Geuk ere halaxe dugulakoan nago; geure habiatxoa eta ataria txukun nahi, eta ez-idurian eta ezkutuan, disimuluan bezala, atzeko zuloa. Hortixik botatzeko geuretzat nahi ez ditugun guztiak, esanak eta izanaren hondakinak.
Eduardo Galeanok poliki jaso zuen liburu batean Costa Ricako lehendakari Pepe Figuerasen esana: «Hemen gaizki dabilen bakarra dena da». Sarritan gogora daitekeen esaldia da, urruti haietara gabe hemen bertan, goizean goizetik iluntzera arteko edozein momentutan. Dena gaizki doan eta dena zikin dagoen inpresioa jasotzen baita egunkariak irakurriz, telebistari begiratuz, trenean zoazela bagoiaren beste puntakoak telefonoz esaten duena entzunez edo mostradoreko lubakian posizioa hartuta. Edonori buruz edozerkeriak esaka aritzea gaizki egongo da, baina atseden handia ematen du. «Tuboeskapea», esango genukeen gazteok orain hamarkada batzuk. Eta terapia den heinean beharrezkoa izango da, mundu estresagarri honetan, nahiz eta inguru guztia zipriztindu.
Zaborrak, geuretzat nahi ez dugun zikin horrek, eztabaidak eta konpondu ezinak ugari eragiten ditu. Konfrontazio gaia da: zelan ezkutatu, zelan desegin, zelan garbitu. Eta aukera ez-txarrena bezala proposatzen dira hola edo hala jasotzea, erraustea, ez-dakit-zer egitea. Inork ez dugu nahi begi bistan, geure aurreko zuloaren parean, geure kraka. Ataria garbi alegia, dela kaleko espaloia, turistek miretsiko duten kalea, denon etzaleku den hondartza, herriko parkea...
Mendi aldera joandakoan bota ditzakegu zabor poltsak sastraka atzean, freskagarri ontziak bide bazterrean, mukizapiak hor, beste zapiren batzuk han... Baina hori mendian, ez kaleko etxe atarian, ezta parkean ere, denon aurrean. Txepetxak habia «goroldiozkoa dena» egingo zuen Otañoren garaian, baina orain zabor zipriztinekin ere bai, geure zikina txukuntzeko ardurari aurre egin beharrean atzeko zulotik ezkutatu nahi dugulako gustuko ez duguna.
Txoke terapia bat saiatu behar genuke agian, denon lasaitasunerako eta zaborrarena konponbidean jartzeko. Atzeko zuloa itxi eta zaborrak eta zabarkeriak aurrekotik jaurtiki esate baterako: espaloira, aparkatuta dauden autoen gainera, turistentzat prestatzen diren hondartza eta hotel atarietara, parkera, errepidera, noranahi.
Apustu egingo nuke Xomorro ados egon baietz.




