Anne Meyer
miniEtxeak

Behar den guztia 18 metro karratutan

Etxe premiak eraginda sortu zen minietxeen moda AEBetan. Arrazoi ekologikoengatik batzuek, ekonomikoengatik beste askok... Behar den guztia metro karratu bakan batzuetan sartzeko joera hedatzen ari da orain.

Tximinia txiki bat sarreran eta kozinatzeko eta jateko eremua segidan; haren gainean, berriz, ohea, dutxa bat, komun lehor bat eta Murielen alabaren argazkia. Estatu frantsesean, minietxe batean bizi den lehen pertsonetako bat da bera; etxe baten mamia 16 metro koadrotan du bildua.

2000. urtean hasi ziren eraikitzen mota honetako etxeak, “Katrina” urakanaren eta arrisku hipoteken krisiaren ondotik sortu zen bizileku premiak eraginda. Gaur egun –ekologiarekin loturiko arrazoiengatik gerturatu dira hainbat etxe hauetara–, batetik bestera eraman daitezkeen egurrezko etxe hauek milaka estatubatuar erakarri dituzte jada.

«Nire etxe guztia gela bakar batean daukat!», dio Mariellek. Lagun batek Bretainian duen etxearen lorategian jarria du bere etxea. Aspiradorea pasatzeko behar handirik gabe –txukuna izan behar da mota honetako etxe batean bizitzeko–, gauzak eta dirua aurrezten ditu eta eroso bizi da.

«Murritza da oso, baina funtzionatzen du», dio Bruno Thiery arotzak. Beste lagun batekin batera, "La tiny house" enpresa sortu zuen minietxeak eraikitzeko Mont Saint-Micheletik 15 kilometrora. 2015ean lantegiak ateak zabaldu zituenetik, 18 eta 25 metro karratu arteko 23 etxe eraiki dituzte –25.000 eta 40.000 euro arteko prezioan saldu dituzte –, gehienak lehendabiziko etxebizitzak izateko; 2017ko apirila artean ez dute beste enkargurik hartuko, lanez lepo baitabiltza.

Atoi bat baino handiagoa eta iraunkorragoa, etxe txiki hauek –eraman ahal izateko 3,5 tonako pisu muga dutenak– «egurrez eraikiak daude eta bertan bizi direnak erosotasun osoarekin egon daitezen, isolamendu kapa lodia dute».

«Motxila» eta «Ty-Rodou». «Ez dago 20 edota 30 urteko hipoteka bat eskatu beharrik jabe egiteko», dio Laetitia Dupek. Parisen zuen apartamentua utzi eta minietxe horietako bat eraiki zuen Château-Thébaud herrian, Nantesetik gertu. “Motxila” izena eman dio: «Aukera merkea da oso energia gutxi kontsumitzen duelako; eta gainera, ingurumena babesten du; izan ere, gauza gutxiago erabiltzen dituzu, besteak beste ez zaizkizulako sartzen», azaldu du barrez.

Soiltasuna norberak egindako hautu bat denean, «aringarria» da. Hala uste du Stephane Boleatek. 28 urteko arotzak Bretainiako Landeleau eremuan bere etxetxo bioklimatikoa eraiki du; “Ty-Rodou” deitu dio bere bikotearekin partekatzen duen etxeari. «Objektu horiek guztiak bazter uzten dituzunean, askatu egiten zara eta inola ere ez nintzateke bueltatuko berriz ere ohiko apartamentu batera», azaldu du.

Etxe hauek badituzte mugak: alde batetik, familia handitu eta lekuak berak jartzen dituenak; eta bestetik, lege aldetik egon daitezkeenak. Izan ere, etxe hauek eraikitzeko ez da baimenik eskatu behar, baina lur eremu berean hiru hilabete bakarrik egon daitezke, eta gainera, jabeek berehala eskatu behar dute baimena dagokion udaletxean.

Ohiko etxebizitza bezala erabiltzen dute gehienek, baina beste erabilpen batzuk ere eman izan zaizkio: kaleko dendak, oporretako ostatuak, larrialdietarako bizilekuak... «Etxe hauek gure bizitza estiloan, kontsumo ohituretan edota lanagatik egiten diren bizileku aldaketei erantzuten diete; gaur egun, izan ere, jende gazteak asko aldatzen du bizilekuz», azaldu du Stephane Boleatek. Berak ere etxea kokatzeko leku berri baten bila hasi beharko du, bere bikotea lantokiz aldatu behar dute-eta.

Hiri Espazioen alorrean aditu den Guy Tapie soziologoak dio «etxe hauek gizarteko talde zehatzarentzako» direla erabilgarriak; izan ere, bere esanetan, etxebizitzen tamainak gora egin du oro har: «Orain dela 20 urte 100 metro karratu izatea eskatzen zitzaien, eta gaur egun 115-120», azaldu du.